Gaur hasiko da IV. Zinema eta Zientzia zikloa

Gaur hasiko da IV. Zinema eta Zientzia zikloa Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak hamar film luze programatu dituzte Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iv-zinema-eta-zientzia-zikloa/@@download/image/ca-times.brightspotcdn.com.jpg
2021/01/08

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak hamar film luze programatu dituzte Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan
Gaur hasiko da IV. Zinema eta Zientzia zikloa

Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak 'Zinema eta Zientzia' zikloaren laugarren edizioa aurkeztu zuten atzo Donostian, kultura zinematografikoa eta kultura zientifikoa transmititzeko helburua lortu nahian. 2021. urteko lehen hiruhilekoan ikusi ahal izango dira programaren hamar filmak eta emanaldiak Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan egingo dituzte. Ziklo honen bereizgarri den bezala, proiekzio bakoitzarekin batera, nazioarteko izen handiko zientzialariekin aurkezpenak eta solasaldiak egongo dira. Gainera, zenbait titulu Donibane Lohizuneko Le Select zineman ere ikusgai izango dira. Osasun-arrazoiengatik ezarritako murrizketak direla-eta, emanaldi guztiak 18.00etan hasiko dira, Emakumea ilargian filmekoa izan ezik (17.00).

Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari orokorrak, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak, Ricardo Diez Muiño Donostia International Physics Centerreko zuzendariak, Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak agerraldia egin zuten atzo Tabakaleran Zinema eta Zientzia zikloaren edizio berria aurkezteko, eta gaur bertan, urtarrilak 8, egingo dute lehen emanaldia Pedro Miguel Etxenike fisikariaren eskutik Donostiako Tabakaleran.

Hamar proposamen bilduko ditu, beraz, Zinema eta Zientzia zikloaren 4. edizioak:

  • Urtarrilaren 8an Donostian eta 9an Bilbon, The Man Who Knew Infinity (Matt Brown, 2015), Pedro Miguel Etxenike fisikariarekin.
  • Urtarrilaren 22an Donostian eta 23an Bilbon, II. Mundu Gerran girotutako Alan Turing matematikari ingelesari buruzko The Imitation Game (Morten Tyldum, 2015) filma, Aitzol García Etxarri fisikariarekin.
  • Urtarrilaren 28an Donostian eta 30ean Bilbon, The Savage Innocents (Micholas Ray, 1960) proposamen klasikoa, Juan Ignacio Pérez Iglesias biologoarekin.
  • Otsailaren 4an Donostian eta 6an Bilbon, Viskningar och rop (Ingmar Bergman, 1972), María Muñoz Caffarel biokimikariaren laguntzarekin.
  • Otsailaren 11n Donostian eta 13an Bilbon, Contagion (Steven Soderbergh, 2011) pandemiaren gaia aztergai duen proposamena, Itziar Pérez Irazusta sendagilearekin.
  • Otsailaren 19an Donostian eta 20an Bilbon, Johnny Got His Gun (Dalton Trumbo, 1973), Javier Aizpurua fisikariarekin.
  • Martxoaren 5ean Donostian eta 6an Bilbon, Fritz Lang zinemagilearen 1931ko Frau im Mond mutua, Covid19aren pandemia tarteko, iazko ziklotik atzeratu eta aurten berreskuratuko dutena. Javier Perez de Azpeitia piano-joleak zuzenean girotuko du saioa, eta Ane Sarasola fisikariak hartuko du parte aurkezpenean eta solasaldian.
  • Martxoaren 12an Donostian eta 13an Bilbon, Madame Curie kimikariaren historia jasotzen duen Madame Curie. Radioactive (Marjane Satrapi, 2020) lan berria, Maia García Vergniory fisikariarekin.
  • Martxoaren 19an Donostian eta 20an Bilbon, The Andromeda Strain (Robert Wise, 1971), Fernando Cossío kimikariaren parte hartzearekin.
  • Martxoaren 25ean Donostian eta 27an Bilbon, The Miracle Worker (Arthur Penn, 1962) proposamen klasikoa, Xurxo Mariño neurofisiologoarekin.

 

Zikloaren programa osorik (PDF)