GORKA OTXOA: “Aktoreon soldatak sare sozialetan dugun jarraitzaile kopuruaren arabera finkatzen hasi dira casting zuzendari batzuk”

GORKA OTXOA: “Aktoreon soldatak sare sozialetan dugun jarraitzaile kopuruaren arabera finkatzen hasi dira casting zuzendari batzuk” Inor gutxik daki Kresala euskal dantza taldearen emanaldiek eraman zutela Gorka Otxoa (Donostia, 1979) aurrenekoz jendaurrean aritzera. Oraindik bizarra erdizka hazten zitzaionean antzezten hasi zenetik “eskaintzak aukeratu eta baztertzeko pribilegioa” eduki duela dio eta, hain justu, maiatza erdialdera aurkeztuko du “zeresan handia” emango duen film berria. Tipo apala eta konprometitua da Otxoa, bidaiari amorratua, etxekoen nahiz adiskideen fan leiala beti. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gorka-otxoa-201caktoreon-soldatak-sare-sozialetan-dugun-jarraitzaile-kopuruaren-arabera-finkatzen-hasi-dira-casting-zuzendari-batzuk201d/@@download/image/IRUDITAN_end 17.jpg
2017/05/15
elkarrizketa

Testua: Igone Mariezkurrena / Argazkiak: Galder Izagirre

Inor gutxik daki Kresala euskal dantza taldearen emanaldiek eraman zutela Gorka Otxoa (Donostia, 1979) aurrenekoz jendaurrean aritzera. Oraindik bizarra erdizka hazten zitzaionean antzezten hasi zenetik “eskaintzak aukeratu eta baztertzeko pribilegioa” eduki duela dio eta, hain justu, maiatza erdialdera aurkeztuko du “zeresan handia” emango duen film berria. Tipo apala eta konprometitua da Otxoa, bidaiari amorratua, etxekoen nahiz adiskideen fan leiala beti.

Grabaketa ordutegiek Euskal Herrira itzultzeko adinako atsedenaldia eman diote eta bere hiri maiteko Le Bukowski taberna sonatuan batu gara. Aktore lanbideak jende gehiagorentzat ezagun bihutu duen arren, betiko tipo arrunta dela dio sorbaldak altxatuta, noizean behin lagunekin eta/edo bideokontsolarekin berandura arte endredatzen dena, ez aspergarria baina ezta munduko katxondoena ere. Argazki-saioa hasi eta berehala, ordea, keinu barregarriz baliatu da...


Rol komikora jo duzu guk propio eskatu gabe...
Egia da... –isilune luze samar bat– ba ez dakit... batez ere hemen, Euskal Herrian, elkarrizketa askotako gidoiek Vaya Semanitara jotzen dute oraindik, eta argazkietarako aurpegi xelebreak jartzeko eskatzen didate... hori nahi zenutela pentsatu dut. Tira, txistez betetako konbertsazioak ematea espero izaten dute gehienek, baina ez naiz horrelakoa, eta gainera umore mota hori ere ez zait gustatzen ez ikusle bezala ezta lanerako ere.


‘Dramedia’ nahiago duzu, kutsu soziala duen salaketa-komedia. Umorearen ahalmena gutxiesten dugula iruditzen zaizu?
Jendarteak ez dakit, baina akademiek eta kritikek behintzat ez dute gehiegi baloratzen. Normalean publikoari malkoak ateratzen dizkioten pertsonaiek eta filmek eskuratzen dituzte errekonozimenduak; ia ezinezkoa da komedia batek Oscar bat edo antzekorik irabaztea.

 


Ba esango nuke zailagoa dela komedia on bat egitea drama bat baino. Lan finagoa iruditzen zait, zorrotzagoa, burutsuagoa. Ez al duzu uste?
Dudarik gabe, komedia egitea oso gauza serioa da, barre eginaraztea ez baita erraza. Elementu asko neurtu eta harilkatu behar dira: erritmoa, tonua, aktoreen sinesgarritasuna, aurpegiak, keinuak... batzuetan tontakeriaren ondorengo erreakzioa da benetan ona, eta horregatik plano hori sartu behar da eta ez txistea bere horretan. Bestalde, historia dramatikoetan oinarritutako umorea egiten dugunean, ikus-entzule bakoitzak bere esperientziatik interpretatzen du, eta baliteke bati barre eginarazten dionak besteari negarra eragitea, edo nostalgia... hain justu hori lortzea da interesgarria eta baliotsua. Emozioen munduan aritzen gara, eta guztietan erraietakoena barrea izan daiteke, oso egiazkoa delako, oso potentea. Ikus-entzuleak horretara gidatzea lortzen baduzu, zabalik dituzu, eta erraz pasa zaitezke beste mezu batzuetara; horretan datza komediaren gaitasun eraldatzailea. Baina funtziona dezan, aktoreok barrutik aritu behar dugu, publikoa artaldean karkaraka ikustearekin obsesionatu gabe; tonu altuko eta neurriz kanpoko pertsonaia histrionikoek ez baitute magia hori lortzen.


Ba, hain justu, pertsonaia gainantzeztuak dira ‘Vaya Semanita’-koak, eta ‘Ocho apellidos vascos’ filmaren ondorengo telebisiboa den eta orain esku artean duzun ‘Alli abajo’ telesail espainiarrekoak. Ez al zaizu aspergarria eta kaltegarria iruditzen topiko kulturaletan oinarritutako umore hori?
Aitortu behar dut ez didala grazia handirik egiten, ez da nik kontsumituko nukeen umore mota eta, egia esan, telesail espainiarrak ez ditut jarraitzen. Baina Alli abajo Antena3-eko ikusiena da une honetan, badirudi publiko zabala ez dela aspertu eta, hori horrela den bitartean, ahal bezain beste luzatuko dute, zaude ziur. Begira zer diren gauzak: Oscar Terolek Ocho Apellidos Vascos estreinatu baino askoz lehenago aurkeztu zion Antena3-i Alli abajo proiektua. Kaxoian sartuta utzi zuten, harik eta filmaren booma heldu zen arte. Arrakasta ikusita, telesaila “lehenbailehen” errodatu nahi zutela esan zioten Teroli. Ikus-entzunezkoek modaka funtzionatzen dute. Dena dela, edukia eta formatua gehiago ala gutxiago gustatu, Alli abajo proiektuak Vaya Semanitako aspaldiko kideekin non eta Sevillan elkartzeko aukera eman dit, benetako puntazoa! Lana lagunekin konpartitu ahal izatea oso elementu garrantzitsua da egiten dudan guztian, eta erabakiak horren baitan hartzen ditut gehienetan.  

[...]

 

Sareko onarpen sozialaren engantxea sentitu duzu inoiz?

Ez... baina badakit nondik zoazen. Aktoreon soldatak sare sozialetan dugun jarraitzaile kopuruaren arabera finkatzen hasi dira casteing zuzendari batxuk. Orduan, aktore asko kosta hala kosta saiatzen dira jarraitzaileak erakartzen euren katxea igotzeko edo kontratu gehiago lortzeko. Eta asmo horretan gai dira eurten bizitza pribatuko intimitateak azaleratzeko, edo modu erabat artifizialean bizitzeko hemen eta oraina ahaztuta, erakustearekin eta kontatzearekin obsesionatuta. Nik argi dut ez naizela makurtuko, ez dut 'it' bilakatu nahi. Gainera, sartzen naizen saltsatan sartuta... -barrez-, nahiago dut jarraitzaile gutxiagorekin geratu baina salaketarako erailtzen jarraitu. Ikus ezazue, mesedez, Black Mirror telesailaren denboraldi berriko lehen kapitulua: hemendik urte gutxira gu guztion bizitza besteen onarpen horretan oinarrituko dela irudikatzen du, besteen puntuazioak biltzeko balio duen aplikazio bat erakusten du, existitzen da gainera! Sare sozialen kontu honek, beraz, bide arriskutsua hartu du.

 

Elkarrizketa osorik irakurri nahi baduzu, kioskoetan aurkituko duzu maiatzeko GAZTEZULO; laster, edizio digitalean!

GORKAREN KUTTUNAK

Bideojoko bat: Saskibaloia edo futbola, konpainia da garrantzitsuena.

 

Kezka nagusia: Oraindik jende antolatu eta mobilizatua dagoen arren, gizartea agente eraldatzaile bezala desagerraraztea lortu dute; jendartea lotarazi eta ixilarazi dute.

 

Bidaia ahaztezina: Iaz Kongoko Errepublika Demokratikoko bihotzera egindakoa. Inor heltzen ez den lekuetan eskolak eraikitzen dituen tipo batekin joan nintzen.

 

Zure bizitzako papera: Ez dakit... eta ez dakit iritsiko den ere!

 

Liburu bat: La mujer habitada (Gioconda Belli, 1988).

 

Kanta bat: Negu Gorriaken edozein.