Ghau musikariak 'Arin nira' diskoa kaleratuko du ostiralean

Ghau musikariak 'Arin nira' diskoa kaleratuko du ostiralean Diskoa aurkezteko kontzertua ere eskainiko du egun horretan bertan, Donostiako Dabadaban. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ghau-musikariak-arin-nira-diskoa-kaleratuko-du-ostiralean/@@download/image/PORTADA ARIN NIRA.jpeg
2023/03/15
Diskoa aurkezteko kontzertua ere eskainiko du egun horretan bertan, Donostiako Dabadaban.
Ghau musikariak 'Arin nira' diskoa kaleratuko du ostiralean

Ghau proiektuaren lehen uzta, Nora(ez)eroso, iaz argitaratu zen, eta bigarrena ere bidean da, Arin Nira izenpean. Egileak azaldu duenez, "barruan dugun ume galdu hori berreskuratzeko presaren inguruko hausnarketa eragin nahi du" diskoak, "arin buelta gaitezen gure funtsera".

Lan berriak izango dituen bederatzi kantuetan askotariko gaiak topatuko ditu entzuleak: gizarteak eragiten digun presioa, maitasuna fede bihurtzea, munduaren zain egotea, musikaren industriaren su eta keak, edota zauriei gatza botatzea.

Musika etxean sortu du Gartxot Unsainek, eta, ohikoa duen moduan, Eñaut Gaztañagaren Gaztain estudioetan grabatu, nahastu eta masterizatu ditu abestiak.

Kantuek Andoni Beristainek egindako argazki bana dute lagun, eta Murru bat abestiarentzat bideoa ere sortu dute. Osa+Mujika arduratu dira bideoaren zuzendaritzaz, arteaz eta koreografiaz, eta Etanowski-k egin du errealizazioa eta edizioa.

Ostiralean, hilak 17, zabalduko den diskoa ez du formatu fisikoan argitaratuko, baina izango du zer eskaini. Izan ere, aurreko lanarekin egin bezala, diskoaren izen bereko eleberri labur bat argitaratu du, kantuen sorkuntza prozesuan bizitako muturreko egoerak azaltzen dituena. Aise estudioko Ruben Ramosek egin du maketazioa. 

Hurrengo kontzertuak
Hitz eta melodia berri hauek taula gainera eramango ditu Ghauk, Jaiotz Osa dantzari profesionalarekin batera eskaintzen duen emanaldi anitzean. Hauek izango dira emanaldiaz gozatzeko hurrengo hitzorduak: martxoaren 17an, ostiralean, Donostiako Dabadaban, Odei rap musikariarekin batera; apirilaren 21ean, Baionako Zuzulu Kultur Gunean; maiatzaren 7an, Saran; eta uztailaren 28an, Deban.