GAZTEZULO TOP 10: urteko albiste irakurrienak!

Ona ala txarra iruditu zaizu 2018 urtea? Geroz eta gertuago dago 365 eguneko zikloari agur esateko unea. GAZTEZULOren webgunean milaka albiste, erreportaje, elkarrizketa eta bitxikeri partekatu ditugu zurekin, eta atzetik aurrera, hauek izan dira zuen kuttunenak!
ESKERRIK ASKO BESTE URTE BATEZ GUREKIN ONDO PASATZEAGATIK!!
10. POSTUAN: 'Nor da nor?', historiako emakume garrantzitsuekin: Gogoratzen Nor da Nor? jokoa? Pertsonaia bakoitzak ezaugarri batzuk zituen, eta aurkariaren galderei erantzunez asmatu behar zenuen nor zen bakoitza. Antzeko jokoa sortu zuen Daria Gołąb artistak, soilik historian garrantzia izan duen emakumeekin. Zelako arrakasta izan duen!
9. POSTUAN: Jon Imanol Etxabe: "Pornoa ez da erreferenterik egokiena erotikaz ikasteko, baina bai bakarrenetako bat": Besteak beste, sexologiak egungo gizartean duen eraginaz hitz egin zigun Jon Imanol Etxabe sexologoak elkarrizketan. Oso interesgarria iruditu zitzaizuen!
8. POSTUAN: Nola bizi izan duzu BERRI TXARRAK?: Zeintzuk izan dira zuretzat BERRI TXARRAK taldeak eskaini dituen unerik gogokoenak? Disko onena? Esperientzia ahaztezinena? Sekulako parte hartzea izan du inkestak!
7. POSTUAN: Zein da zure jaiotze urteko Frigo kartela?: 70-90eko hamarkadak garai zoroak izan ziren marka horretako izozki egileentzat; zein zen zure gogokoena?
6. POSTUAN: GAZTEZULO 200: ESKERRIK ASKO!: Dudarik gabe, GAZTEZULO lantaldearen urteko une bereziena izan da! GAZTEZULO aldizkariak 200. zenbakia argitaratu du 2018ko azaroan; zeinen azkar pasatzen den denbora!! Zifra honetara iristea ez da erraza izan, eta zuek guztiokin behar den bezala zenbaki borobil hau ospatzeko aukera izan genuen. Eskerrik asko!
5. POSTUAN: ALTSASUKO GURASOAK: “Guretzat oso gogorra da baina aiton-amonentzat jasanezina; beldur dira beren biloben azken oroitzapena kartzela barruan izango ote den”: Zuek erabakita, 200. zenbakiko protagonistak izan ziren Altsasuko gurasoak. Gure Etxea izeneko egoitzan elkartu ginen Amaia Amilibia, Gotzon Urrizola, Edurne Goikoetxea eta Bel Pozuetarekin. Elkarrizketan zehar, barreak, isiluneak eta malkoak egon ziren, emozio zurrunbilo etengabean. Beraiekin egun osoa igaro ostean esan dezakegu gogorra izan zela baina aldi berean polita eta batez ere oso aberasgarria.
4. POSTUAN: IX. GAZTEZULO BIDEO LEHIAKETA: Urtero bezala, bisita gehien jaso dituenen artean dugu IX. GAZTEZULO Bideo Lehiaketa!! Aurten kalitate handiko bideoak jaso ditugu, eta ikustaldi pila izan dituzte. Zorionak!
3. POSTUAN: Nola hezi seme feminista bat: Aurtengo podiumean brontzezko domina irabazi du albiste honek. Seme bat feminismoan heztea ez da erraza, eta sarritan, haurrek mezu kontrajarriak jasoko dituzte gizartean. New York Times aldizkariak, psikologo eta bestelako adituen laguntzarekin, seme feministak hezteko hamar puntu zehaztu ditu; hamar puntu horiek, modu sinplean adierazten dute zer den haur bat feminismoan heztea.
2. POSTUAN: Txikitako marrazki mitikoen euskarazko abestiak: Hona hemen zilarrezko dominadun albistea! Abesti guztiak hitzez hitz ezagutzen dituzu -goazen lagunok amets betean!- . Burura etortzen zaizkizun bakoitzean, oilo ipurdia jartzen zaizu eta nostalgiaren sentsazio erraldoi baten menpe geratzen zara. Son Gokuren buztana imitatu nahian, bainu-bataren gerrikoa lotu eta Kame hame ha oihukatzen zenuen txikitan. Baietz?
1. POSTUAN: BERRI TXARRAK: IKUSI ARTE (1994-2019): "BERRI TXARRAK-ekin ziklo ahaztezin bat ixteko garaia heldu dela sentitzen dut. Geratzeko beharra daukat, distantzia hartzekoa. Horren konplikatua eta sinplea da". Hitz horiekin, Gorka Urbizuk amaiera eman dio abendu honetan 17 urteko Berri Txarraken ibilbideari. Albisteak sekulako zalaparta sortu du, eta bai, gure webgunea ere astindu du. Ez da berri politena, baina oihartzuna nabaria izan da, 2018 urrezko domina lortzeraino!