Jon Imanol Etxabe: "Pornoa ez da erreferenterik egokiena erotikaz ikasteko, baina bai bakarrenetako bat"

Jon Imanol Etxabe: "Pornoa ez da erreferenterik egokiena erotikaz ikasteko, baina bai bakarrenetako bat" Negozio berri bati ekiteko ausardia behar da garaiotan, eta gehiago oraindik erabat ezaguna ez den diziplinan: sexologia. Jon Imanol Etxabek (Usurbil, 1994) Psikologia eta Sexologia ikasketak amaitu berri ditu, eta kontsulta propioa irekitzera animatu da Donostiako Getaria kalean. Bere lan abentura berriaz eta sexologiak egungo gizartean duen eraginaz hitz egin digu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jon-imanol-etxabe-pornoa-ez-da-erreferenterik-egokiena-erotikaz-ikasteko-baina-bai-bakarrenetako-bat/@@download/image/IMG-20181023-WA0008.jpg
2018/10/23
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti / Argazkia: Tolosaldeko Ataria

Negozio berri bati ekiteko ausardia behar da garaiotan, eta gehiago oraindik erabat ezaguna ez den diziplinan: sexologia. Jon Imanol Etxabek (Usurbil, 1994) Psikologia eta Sexologia ikasketak amaitu berri ditu, eta kontsulta propioa irekitzera animatu da Donostiako Getaria kalean. Bere lan abentura berriaz eta sexologiak egungo gizartean duen eraginaz hitz egin digu.
Jon Imanol Etxabe: "Pornoa ez da erreferenterik egokiena erotikaz ikasteko, baina bai bakarrenetako bat"

Nondik etorri zitzaizun sexologo bihurtzeko grina?
Txikitatik izan dut erraztasuna gai polemikoez hitz egiteko. Beti izan naiz oso saltseroa, beraz erotika kontuekin ez zen gutxiago izango. Zorionez nire etxean naturaltasunez hitz egin izan dugu beti sexualitateaz eta nik uste ingurune horrek asko erraztu duela prozesu guztia. Bestalde, jendea entzutea oso gustuko dut; entzun, ulertu eta, ahal den heinean, ingurukoen (lagunen, senideen...) ongizatea bilatzea oso bat dator nire nortasunarekin. Nerabezaroan jada nabaritzen nuen gaitasun hori. Hala, nire lehen Sexu Hezkuntza klaseak jaso nituenean konturatu nintzen gustatzen zitzaizkidan gaiak landuz ere jendea lagun nezakeela eta halaxe ezagutu nuen Sexologia. Bi bide nagusi ikusten nituen hara iristeko: oinarrizko ikaskuntza bezala urologia edo ginekologia moduko bat egitea (medikuntza) edota psikologia egitea. Pixka bat informatu ondoren jakin nuen sexologia erotikaz haratago zihoala eta nik gustuko nituen prozesuak psikologiaren ildotik doazela. Beraz Psikologia da nire oinarrizko karrera eta, horren ostean, bi urteko master bat egin dut Sexologian.

Zaila izan da zure kontsulta propioa irekitzea?
Beste edozein ekintzaile bezalaxe, imajinatzen dut. Nik oso argi neukan nire bokazioa kontsultara eta hedapenera dedikatzea zela, beraz banekien lehenago edo beranduago iritsiko zela negozioa hastearen kontua. Zorionez karrera bukatu bezain laster ikerketa zentro batean hasi nintzen lanean eta, masterra egiten nuen bitartean, dirua aurrezteko aukera izan nuen. Masterra aurrera joan ahala, bertako irakasleek nigan garbi ikusi zuten kontu pertsonalak lantzeko erraztasuna eta zalantzarik gabe animatu ninduten pausua ematera. Bizitzaren kontuak direla eta (nire izaera biziak ere badu zerikusia, noski) kontaktu onak egin ditut eta bulego batean jartzeko aukera suertatu zitzaidan, geografikoki oso ondo kokatuta. Hainbeste seinale ezin nituen baztertu, eta pausua ematea erabaki nuen.

Nork jo dezake zuregana?
Sexualitatea jaiotzen denetik hiltzen garen arte dugun barne-ezaugarri den heinean, edonor etorri daiteke kontsultara. Adinez, haurtzarotik zahartzarora. Kantitatez, banaka zein bikoteka (edo polimaitasunaz ari bagara ba hirukoteka, adibidez)... Formatuaren inguruan kontsulta pribatua eman dezaket, baina klaseak, hitzaldiak, tailerrak... Ere ematen ditut, beraz eskolek edota udaletxeek ere jo dezakete nigana. Bestalde, irrati zein aldizkarietan ere aritzen naiz kolaboratzaile bezala, gaiez hitz egiten, kontsultak erantzuten, kontaketa erotikoak idazten... Oso saltseroa naiz, eta nire lan egiteko moduan ere ikusten da hori!

 

Kale mailan jendeak uste duena sexologia kontu genitalak lantzeko zientzia bat bakarrik dela da. Sexologia askoz haratago doa: norbera mundu honetan bere emakume edo gizon izatetik nola bizi den aztertzen du.



Sexologia zenbateraino da garrantzitsua garaiotan?
Kale mailan jendeak uste duena sexologia kontu genitalak lantzeko zientzia bat bakarrik dela da. Sexologia askoz haratago doa: norbera mundu honetan bere emakume edo gizon izatetik nola bizi den aztertzen du sexologiak. Eta horretan datza sexologiaren garrantziak: gure egunerokotasunaren parte dela; gure hitz egiteko modua, erlazionatzeko modua, mugitzeko modua, gauzak ulertzeko modua... Oso baldintzatua baitago gure sexuagatik. Eta noski kontu genitalak lantzen ditudala (eiakulazio azkarra, zutitzeko zailtasunak, sarketa zailtasunak...), baina ongizate orokorra bilatzen duten beste prozesu askotan ere parte hartu dezaket norbera hobeto ezagutzen eta ulertzen, laguntzen, zalantzak argitzen, autoestimua lantzen... Eta, bestalde, LGTBIQ+ komunitatearekin ere badaude landu daitezkeen gai zehatzak: transexualitate kasuak, desiraren orientabidean (nor duzun gustuko) zalantzak...

Gurasoen kezka nagusia nerabeek kalean egin dezaketena da, baina ez al dira sare sozialak bortitzagoak?
Zalantzarik gabe sare sozialak gure bizitzan sartu eta haren jabe egin dira. Errealitate materiala eta birtuala oso desberdinduak egon daitezke pertsona askotan. Sare sozialek ahalbidetzen duten prozesuetako bat "despertsonalizazioa" da, birtualtasunak ematen duen babesagatik. Horrela, pertsonan egitera ausartu ez gaitezkeen gauza asko egin ditzakegu sarean: bullying, sexting... Eta bestalde, sare sozialek eskema garbi bat aldatu dute gaur egungo gazteengan: intimitatea exhibizionismo bihurtu da, gure egunerokotasun osoa argitaratzen baitugu. Zer jaten dugun, zer janzten dugun, gure gorputza nola dagoen... Guztia da publikagarria eta guztia zabaltzen dugu. Horrek ere batzuetan zaildu dezake moralitatearen definizioa eta ez oso garbi izan zein puntutaraino den ona partekatzea gauza batzuk eta ez beste batzuk

 

Lehen gizarteak uste zuen erotika kontuetan zegoen arazo nagusia informazio falta zela... Gaur egun argi ikusten ari gara kontua ez dela informazio falta, baizik eta irizpide falta.



Gazteek zenbateraino behar dute sexologiaz informazioa?
Lehen gizarteak uste zuen erotika kontuetan zegoen arazo nagusia informazio falta zela... Gaur egun argi ikusten ari gara kontua ez dela informazio falta, baizik eta irizpide falta. Bizi garen mundu honetan etengabeko estimulazio bat jasotzen ari gara, edozein alorretan, eta, horrekin batera, izugarrizko gain-informazioa. Hala, sexualitatearen inguruan informazio mordoa aurkitu daiteke eta askotan lehen pertsonan azaldua, horrek kutsu errealago bat ematen diolarik. Kontua da informazio guzti horren oso portzentai txiki bat dela egia eta, era berean, mundu guztiari orokorgarria. Gaur egun gazteek landu behar dutena irizpide egoki bat eratzea da informazioa jaso, analizatu, baliagarria dena aukeratu eta gainontzekoaz desegiteko. Baina kontu sexologikoetan, sozialetan, politikoetan... guztietan.

Bikoteek gaizki egotera itxaron behar dute profesional baten laguntza eskatzeko?
Jakina da sexologoen artean pertsona edo bikote batek arazoren bat badu, bataz besteko 3 urte behar izaten dituela arazoaren agerpenetik kontsultarako deia egiteraino. Nigana iristen diren bikote asko "azken kartutxoa" gastatzera datoz eta, noski, askoz zailagoa da egoera horri aurre egitea arazoa agertu berri denean baino. Dena den, hori hala dela jakinda, prestatuta gaude, eta baditugu errekurtsoak gure lana ahalik eta ondoen egiteko. Datozen pertsonen ongizatea bilatzea da nire helburu nagusia eta nire esfortzu guztia ematen dut hala izan dadin.

Pornoa ez da eredu onena, baina ia bakarra da; ze beste eredu bilatu behar ditugu sexuaz modu sanoan gozatzeko?
Porno madarikatua... Zenbat plazer ematen duen baina zeinen kaltegarria den era berean. Kontsumitzen dugun pornoak (edozein kategoria delarik) modu gardenago edo ezkutatuago batean ideia zehatz batzuk transmititzen ditu erotikaren inguruan. Praktika zehatz batzuk, jarrera zehatz batzuk... Ez dutenak batere ondo islatzen errealitatean aurkitzen dena. Beraz, halaxe da, pornoa ez da erreferenterik egokiena erotikaz ikasteko, baina bai bakarrenetako bat eta, bereziki, ezin hobeto datorkio esamoldea, eskura duguna. Beste ereduak? Ba milaka liburu daude sexua, sexualitatea, erotika... modu oso interesgarrian lantzen dituztenak, bilatzen jarri ezkero azkar aurkitu dezake edonork gehien doakion estiloa, gauzak modu erraz eta egoki batean ulertzeko, irakurketak eskaintzen duen lasaitasun eta intimitatetik. Bestalde, inguruan uste dituguna baino hitzaldi, tailer, mahai-inguru gehiago ditugu profesionalen eskuetatik halako kontuak lantzen dituztenak. Sexologiaren munduan barneratzeak asko erakusten du norberaz eta ingurukoez.

Zein litzateke zure bezero ideala?
Gizartearen tabuengatik askoz zailagoa da ahoz-aho nire zerbitzuak zabaltzea fisioterapia edo nutrizio kontsulta bat baino. Hortaz, baditut bezeroak, baina zentratuagoa nago sexologiaren hedapen ekintzetan, modu dibulgatzaile batean sexologia txoko ezberdinetara helarazten hitzaldi, mahai-inguru edota tailerren bidez. Bezero idealaren inguruan, esan bezala, edonor izan daiteke profil bikainekoa sexologiaren mundu zabalean lanketa pertsonal bat egiteko; ongizatea bilatzen duten guztiak dira ongi etorriak.