BERRI TXARRAK: IKUSI ARTE (1994-2019)

BERRI TXARRAK: IKUSI ARTE (1994-2019) Gaur bertan argitaratu duen komunikatuaren arabera, taldeak agurra esango du. Hona hemen komunikatua: https://www.gaztezulo.eus/albisteak/berri-txarrak-ikusi-arte-1994-2019/@@download/image/Ikusi-Arte-Logo-Azo.jpg
2018/12/12
Gaur bertan argitaratu duen komunikatuaren arabera, taldeak agurra esango du. Hona hemen komunikatua:
BERRI TXARRAK: IKUSI ARTE (1994-2019)

Hamazazpi urteko mutikoa nintzenetik (1994) inongo etenik gabe taldean jardun eta munduan barna milatik gora kontzertu eman ondoren (Lekunberritik hasi eta Zelanda Berriraino, New Yorketik Sao Paulora, Managuatik Madrilera, Nantesetik Pekinera…); furgoneta zein hegazkinetan ordu mordoa igaro, afiziotik ofiziora pasa eta proiektu honi dedikazio osoa eskaini izanaren poza eta nekea bihotzean, zera jakinarazi nahi dizuet mezu honen bidez: BERRI TXARRAK-ekin ziklo ahaztezin bat ixteko garaia heldu dela sentitzen dut. Geratzeko beharra daukat, distantzia hartzekoa. Horren konplikatua eta sinplea da. Hogeitaka urtetan atsedenik hartu gabe aritu ondoren, egunetik egunera nekezagoa zait higadura emozional eta fisiko honi aurre egitea. Oraintxe bertan gure erritmoak ez doaz parean eta ez gaude %100ean jarraitzeko moduan. BTX-en entzuleek ez lukete ulertuko hala segitzea, eta erabakia benetan zaila den arren, gauden tokian jarri gaituztenenganako errespetua beti egon da talde honen lehentasunen zerrendaren gorenean.

Musika eta sormena ulertzeko modu asko dago, sortzaileak beste ziurrenik. Baina momentu batetik aurrera ezbaian jarri behar da ia dena. Erabaki beharra dago beti atezuan dagoen inertziarekin ze harreman mota eduki nahi duzun. Aroak ixten asmatu eta berriak abiatzen saiatu. Bestela esanda: ikasten segi.

Hori horrela, 2019rako prestatu dugun bira luzearen ondoren taldeak etenaldi mugagabea egingo duela jakinarazi nahi dizuegu. Ospakizun bira berezia izango da zinez, ez alperrik 25 urte beteko baitira taldearen sorreratik (mende laurden!). Ikusi Arte Tour 2019 honen inguruko xehetasunak datozen egunotan argituko ditugu.

Gauza asko egin ditugu, geure modura egin ere, ez dugu berehalakoan ahaztuko. Urrats bakoitzeko, beti saiatu izan gara egindako horretan maitasun osoa jartzen. Izango da astirik musikaren bidez bizitakoa eta bizi arazitakoaz sakonago hausnartzeko. Momentuz gure asmoa drama edo nostalgia oro saihestu, bidaia haluzinante honengatik topo egin eta zuekin batera geratzen diren kontzertuez gozatzea da. Elkarrekin inoizko ozenen egingo dugu oihu, arima urratu arte!

Bihotz eta belarri asko hunkitu dugun sentipena daukagu eta zuekin esker oneko agertzea besterik ez zaigu geratzen. Talde bati gerta dakiokeen gauzarik handiena da halako entzulegoa izatea eta horregatik ESKERRIK ASKO erraldoiena zuentzako da. Eskerrik asko, orobat, gure senitarteko, lagunarte eta bikotekideei zuen ulerberatasunagatik, gauzak erraz jarri dizkiguzuelako trukean ezer eskatu gabe. Mila esker urteotan guztiotan BTX crew lantalde bikaina osatu duzuenoi, beti izan zarete gure bigarren familia. Eskerrik asko antolatzaile, zigilu, ekoizle, talde, erakunde, gaztetxe, disko-denda, areto, jaialdi, teknikari, musikari, hedabide, lagun, etsai eta rockaren fauna basati honetan beharrezko diren beste hainbat izakiri. Zuek gabe, hau guztia ez zatekeen posible izango.

Gu bagoaz, musikak darrai: talde on piloa dago bazterrotan barna, euren kontzertuen entzuleen artean topatuko gaituzue. Bien bitartean, adierazteko molde berriak bilatuko ditut, exigitzea zilegi den gutxieneko hori elikatzen jarraitu ahal izateko: kantuak sortu eta jendearekin partekatzeko pasioa, alegia. Helduko dira doinu berriak, noiz eta nola ezin jakin momentuz.

BTX-ek bederatzi disko, dokumental bat eta bilduma lan bat uzten ditu oinordetzan. Euskarazko ehun abestitik gora, norbaitek entzun edo kantatzen dituen aldi oro bizirik mantenduko direnak. Inon izatekotan, hortxe baitatza kantuaren indarrak.

Gu bagoaz, baina gugan betirako iraungo du akorde bakoitzean txertatu genuen leitmotive horrek: JAIO.MUSIKA.HIL. Hori, berrizaleok, ezingo digu inortxok ere kendu. Estutu bana.

Gorka Urbizu – Berri Txarrak

Lekunberri (Nafarroa), 2018ko abendua.