Gazteen artean kultura garaikidea sustatzeko programa Gasteizen

Gazteen artean kultura garaikidea sustatzeko programa Gasteizen Hamabost gazteren arteko taldea sortu eta kulturari modu kritikoan erreparatzeko gunea eskaini nahi du Oihanederrek. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazteen-artean-kultura-garaikidea-sustatzeko-programa-gasteizen/@@download/image/SLIDER-GARATU-2021_825x431_3.jpg
2021/09/27

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hamabost gazteren arteko taldea sortu eta kulturari modu kritikoan erreparatzeko gunea eskaini nahi du Oihanederrek.
Gazteen artean kultura garaikidea sustatzeko programa Gasteizen

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak Garatu programa antolatu du aurten lehenengo aldiz udalaren laguntzaz, eta egitasmo honek hamabost gazteren arteko talde kohesionatu bat sortu eta kulturari modu kritiko eta partehartzailean erreparatzeko guneak eta uneak eskaintzea du helburu. Horretaz gain, Garatu sortzaile gazteen sarea elikatzea eta euskararen erabileran eta gaitasunean eragitea ere badu jomuga. 

Programaren barruan lau saio egingo dituzte azaroan eta abenduan, hilabete bakoitzean bina, Oihanederren bertan. Saioak  diziplina ezberdinetako aditu eta artisten eskutik egingo dituzte: Odei Barroso bertso-raparen inguruan; Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo autoedizioarenean; Formol Laborategiko Intza Alkain, Edurne Azkarate eta Mikel Ibarguren antzerkigintzaren esparruan; eta Maider Oleaga zinemagintzan. Ikastaroa amaitutakoan, partaideek ikuskizun bat antolatuko dute, gainera.

Alor sozialeko gatazka baten inguruko hausnarketa izango da saio bakoitzaren sormen prozesuan eta eztabaida parte-hartzaileak zein taldeko sormen lana izango dira oinarri. Kulturaren bidez landuko dituzten gatazka garaikideak honako hauek izango dira: gazteek gizartean eragiteko duten gaitasuna, giza-eskubideak eta aniztasuna, euskararen erabilera, mikromatxismoak eta genero berdintasuna. 

Gazteen hautaketa
Garatu programako lantaldea osatzeko 16-25 urte bitarteko hamabost gazte aukeratuko dituzte. Horretarako, izen-emateko inprimakia bete behar da urriaren 20a baino lehen. Tailer guztietan izena emateko edota multzoka egiteko aukera dago. Partaideei ez zaie arlo artistiko hauetan aurretiko formakuntzarik eskatuko eta dohainik izango da. Urriaren 22an jakinaraziko dituzte parte hartuko duten hamabost gazteen izenak.