Ezkondu nahi al duzu?

Ezkondu nahi al duzu? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ezkondu-nahi-al-duzu/@@download/image/13p20-2_1370946630.jpg
2001/11/02
erreportajea
Unai Brea
Ezkondu nahi al duzu?
Gaur egun, bikote bat ezkondu barik elkarrekin bizitzeak ez ei du lehen bezalako asaldatzea eragiten. Alabaina, badago gizartean nolabaiteko "presioa" elkarrekin bizi gura duten bikoteak ezkon daitezen. "Ez zaudete ezkonduta? Tira, berdin dit. Nire auzokoaren alaba ere ezkondu barik bizi da lagunarekin, eta ez dit axola". Paternalismoz mozorrotuta, diskriminazioak badirau. Frogarik nabarmenena, oraindik indarrean dauden hainbat lege. 

Hego Euskal Herrian 12.000 ezkontza inguru izaten da urtero (Ipar Euskal Herriko daturik, tamalez, ez dugu lortu). Kopuru hori finko mantendu da, aldaketa aipagarririk gabe, azken hamar urteotan. Interesgarriagoa suertatzen da, berriz, azken hogeitabost urteetako bilakaera aztertzea. Kasu honetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuak ditugu soilik; ezin izan dugu Hego Euskal Herri osoko kopuru bateraturik eskuratu EAEn ezkontza kopurua ikaragarri jaitsi da (ia erdira) frankismoaren azken urteetatik hona. Ezkontzea ez da, antza denez, lehen bezain "beharrezkoa".

Bestetik, eta dirudienez, jendeak maitemindu eta elkarrekin bizitzeko ohitura izaten jarraitzen du. Baina kasu askotan, legeak ez die babesik ematen erabaki hori hartu dutenei. Horixe da, hain zuzen, aipatu hiru herrialdeetan gertatzen dena.

Ezkondutako bikote bateko kide bat hiltzean, eta testamenturik ezean, haren ondasunak zuzen-zuzenean alargunarentzat direla dio legeak. Ezkondu barik bizi izan den bikote baten kasuan, aldiz, ez. Eta beste horrenbeste gertatzen da alargun izatearren pentsioa jasotzeko eskubidearekin, edo errenta aitorpena egiteko ga-raian, edo umeak adoptatzerakoan edo… Zerrenda osoa luzeegia da hemen emateko.

Nafarroan, lege berria

Nafarroan ere egoera horretan izan dira ezkongabeko bikoteak iazko uztailera arte, baina, azkenik, Nafarroako Gobernuak "Bikote egonkorren berdintasun juridikorako legea" erditu zuen San Fermin egunean. Lege horrek senar-emazteen eta bikote ezkongabeen izaera juridikoa parekatzen du, betiere baldintza batzuenpean. Hau da, ezkongabeek euren harremana "fomaldu" behar dute nolabait, eta hiru modu daude horretarako: elkarrekin urtebetez bizitzea, elkarrekin umeak izatea edo agiri publiko bidez bikote egonkorra osatzeko borondatea adieraztea.

Beraz, aurrerapausotzat jo behar dugu lege berria. Are gehiago, legearen bultzatzaileek orain arteko diskriminazioa ezabatzeko asmoz egina dela esan (onartu) dutelarik. Ondorioak ikusi beharko dira hemendik aurrera. Beharbada, urte batzuk barru, azterketa interesgarri bat egin ahal izango dugu: ezkontzeak ematen zituen abantailak desagertuta, jendeak ezkontzen jarraitzen al du? Baliteke kasu batzuetan halaxe izatea, ezkondutako bikote batek "zergatik ezkondu zineten?" galderari emandako erantzunaren arabera: "Familia bat osatu nahi genuen. Berdin egin genezakeen ezkondu barik, baina ez da gauza bera". Eta egia da: ez da gauza bera. Helburua, ordea bestelakoa da: gauza bera izan barik, berdina izatea. Eskubide kontua.

Hego Euskal Herrian aldaketa handirik ez



Askotan entzun dugu bikoteak berriro ere ezkontzen hasi direla. Hego Euskal Herriko azken urteotako datuei erreparatzen badiegu, ordea, hau ez da erabat zuzena. Gorabeherak gorabehera, hazkunde txiki bat egon badago, baina ez da adierazgarriegia.


Elizan ala epaitegian?



Urte luzez, Hego Euskal Herrian, ezkondu nahi zuten bikoteek bi aukera zituzten, eliza ala epaitegia, hau da, ezkontza erlijiosoa ala zibila. Gaur egun, ezkontza zibilean, bada beste aukera bat: udala. Kontua da azken urteotan ezkontza zibilak indarra hartu duela eta egun, Hego Euskal Herrian ezkontzen diren ia hiru bikotetik batek aukera honen alde egiten duela. 

Zenbat balio du ezkontzeak?


Duela urte bi elizan ezkondutako bikote batekin berba egin dugu eta ezkontzan, gutxi-gora-behera, milioi eta erdi pezetako gastua egin zutela esan digute. Hala ere, kontuan izan behar da gastu batzuk finkoak direla, baina beste batzuk oso aldakorrak izan daitezkeela, bazkaria batik-bat. Alde batetik, gonbidatu kopurua nahi beste puztu daiteke. Bestalde, bazkariaren prezioak gorabehera handiak izan ditzake: sei mila pezeta inguruan merkeena eta hamabost mila, hogei mila … garestiena. Oro har, ez da arraroa izaten bazkarirako milioi bat pezeta xahutzea. Horri gehitu bidaia (egitekotan), jantziak, elizari utzi beharrekoa (elizan ezkontzekotan) eta abar.

Trukean, zer? Bada, gure bikoteak bazkaria eta bidaia osorik ordaindu zituen gonbidatuen opariekin (15.000 pezeta laguneko batez beste, baina askoz gehigo izan daiteke). Guztira, milioi berrehun mila inguru. Ezkontzak izango ote dira ekonomiaren benetako motoreak?