Dei taldea: “Euskarak inoiz baino gehiago behar ditu euskaraz abesten duten taldeak”.
Dei taldea zarete. Zeri deika?
Ez dauka zerikusirik hitzaren esanahiarekin. Dei Aitzolen aitonaren izena zen eta betidanik izen ezohikoa iruditu izan zaigu, are gehiago bere belaunaldiko pertsona batentzat.
Dei taldea bi pertsonak osatutakoa da. Ez da ohikoena. Zer dela eta formatu berezi hau?
2022an Aitzolek formatu akustikoan pentsatutako abesti batzuk sortuak zituenez eta bizi osoko lagunak izanik, beti izan dugu buruan elkarrekin proiektu musikal bat osatzearena. Gainera, bi pertsonako formatuan eroso sentitzen gara eta proiektua norabide horretan eraiki dugu. Dena den, talde formatuan kontzertu gutxi batzuk ere emango ditugu. Datozen datetan bi formatuak txandakatuz arituko gara.
Nolakoa da zuen sorkuntza prozesua?
Abestiak etxean sortzen ditugu eta ideia gehienak esaldi edo estrofa batetik abiatzen dira. Letra horiei melodia eta akordeak jartzen dizkiegu eta ondoren gitarra elektriko, piano edo harmonikarekin borobiltzen ditugu entsegu lokalean.
Pop diskoa bada ere, rock jarrera nabaritu dut nik. Bilatua izan al da?
Betidanik batu gaituen musika estiloa izan da rocka, edozein delarik ere azpigeneroa. Barnean daramagun jarrera da eta diskoan nabaritu daitekeen arren, zuzenean oraindik nabarmenagoa da.
Iluneko sua arrotz du izenburua diskoak. Zer irudikatu nahi izan duzue?
Diskoa argiaren eta ilunaren arteko talka edo nahasketa da. Gure beldur eta kezkei abesten diegu baina argiarentzat ate bat irekia dago beti. Gai pertsonalak edo inguruan ikusten duguna aitzaki hartuta, burutik pasatzen zaigun guztia abesten dugu.
Diskoko abesti batekin geratu behar bazenute zein aukeratuko zenukete?
Erretinak abestiarekin geratuko ginateke, abesti progresiboa da, xumetasunetik pixkanaka janzten doana da eta zuzenean jotzen gehien gozatzen duguna.
Zein izan dira zuen inspirazioak, musika, liburu edo pelikula jakinen bat?
Soinuaren lanketan efektuak nabarmenak dira diskoan, batez ere ahotsen eta gitarra elektrikoen lanketan. Reverb luze eta delay efektuak nahasten dira, diskoari bere osotasunean, kolore berezia ematen diote. Inspirazio bat aipatzekotan, nahiz eta talde horretan oinarritu ez garen, Anathema taldea litzateke. Batez ere diskoaren biribiltasuna lortzerako garaian. Estetikoki ere gure erreferente nagusiak direla esango genuke.
Geroz eta ohikoa da euskal sortzaileek euskararekin batera beste hizkuntzak ere erabiltzea. Zuek osoki euskaraz egin duzue. Hautu kontzientea izan al da?
Euskara eta erdara nahasten dituzten talde askok diote beraien hautua bizi duten testuinguruaren isla dela. Ondoren, Durangoko Azoka iristean, disko berria azokan saltzeko euskarazko abestiak zenbatu egin behar izaten dituzte. Denok gure testuinguruaren arabera egingo bagenuke hizkuntzaren hautua, zenbat taldek egingo genuke euskaraz? Gure hautua naturala da euskaraz bizi garelako, baina aldi berean kontziente gara bizi dugun hizkuntz egoera eta testuinguru politikoak euskara itotzen duela. Euskarak inoiz baino gehiago behar ditu euskaraz abesten duten taldeak.
Talde hasi berri batentzat erreza al da euskal eszenan lekua egitea?
Gu bezalako taldeen helburua musika sortu eta berau ahalik eta gehien zabaltzea da. Autogestioan oinarritzen den proiektua da gurea eta gu arduratzen gara talde batek dituen betebehar guztietaz. Horrek norbere proiektuaren kontrol osoa edukitzea dakar, baina aldi berean leku batzuetara iristea zaila da. Gu eszenaren parte sentitzen gara, baina lekua izateak arrakasta eta ospea izatearekin lotura daukan edo ez galdetu behar diogu gure buruari. Hausnartu beharko litzateke zer den eszenan lekua izatea.
Disko honekin zein helburu betetzea gustatuko litzaizueke?
Disko berria zabaltzea eta zuzenekoetan musikaz gozatzea dira gure helburuak. Eta gurekin batera entzuleak gozatzen badu, ezin hobeto!
DEI TALDEAREN KONTZERTUAK:
Maiatzak 12 Gasteiz (Abisinia) formatu akustikoan.
Maiatzak 24 Eibar (Ez dok Zaizoi) talde formatuan.