BASOEN SUSPERTZAILEAK

BASOEN SUSPERTZAILEAK Urdaibai Biosfera Erreserbako harizti misto handiena eta Bizkaiko zabalenetakoa berpizteko helburua du Undabaso proiektuak; Lurgaia fundazioa buru-belarri dabil ia berrehun hektarea berreskuratzeko lanean, baina laguntza behar dute hektarea berriak erosi eta eukaliptoen laborantza handi bihur ez daitezen. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/basoen-suspertzaileak/@@download/image/ERREPORTAJEA-1.jpg
2021/04/21

Testua: Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Urdaibai Biosfera Erreserbako harizti misto handiena eta Bizkaiko zabalenetakoa berpizteko helburua du Undabaso proiektuak; Lurgaia fundazioa buru-belarri dabil ia berrehun hektarea berreskuratzeko lanean, baina laguntza behar dute hektarea berriak erosi eta eukaliptoen laborantza handi bihur ez daitezen.
BASOEN  SUSPERTZAILEAK

"Pertsona batek zuhaitzak landatzen dituena, nahiz eta ondo jakin ez dela inoiz haien azpian eseriko, hura bizitzaren esanahia ulertzen hasi da”. Elton Trueblood-en hitz horiek irakurri daitezke Undabaso proiektuaren web orrian; baina, zer da Undabaso? Urdaibaiko Biosfera Erreserban, eta Natura 2000 Sarearen barruan 7 km erreka baino gehiago dituelarik kokatzen da Undabaso eremua. Han, familia lur-jabe batek baso autoktonoz inguratuta bizi nahi zuela erabaki zuen, eta horrela sinatu zuten lehen zaintza-akordioa 2008an Lurgaia fundazioarekin. Harrezkero, lursail gehiago eskuratu dituzte eta basoa hazten joan da. Hala, egun, ia 200 hektarea kudeatzen dituzte Undabason. Trueblood-en hitzei men eginez, egungo boluntarioak etorkizuneko basoa landatzen dabiltza, datozen belaunaldiek Urdaibaiko harizti misto handienaz eta Bizkaiko zabalenetakoaz gozatzeko aukera izan dezaten.
UNESCOk Urdaibaiko Biosfera Erreserba izendatu zuen 1984an, paisaia, kultura, turismoa eta, gainera, interes bereziko eremua, kontserbazioaren ikuspegitik. Hala ere, baso autoktonoen ordez, eremu horretan pinu sail handiak daude, eta gero eta eukalipto gehiago. Ekonomiak pultsua irabazi dio ingurumenari, eta hala, Bizkaiko lur eremuen %50 eukalipto baso bilakatu dira, jatorrizko bioaniztasunean sekulako zauria eraginez.

EUKALIPTOA, HERIOTZAREN BASOA


Eukaliptoa Australian eta Asiako hego-ekialdean jatorria duen arbola da, ia konturatu gabe, gure basoetan abiada handiz txertatu dena. Eukalipota ez da kasualitatez iritsi Euskal Herriko basoetara; gaixotasunek hamartutako pinuen krisiak ekarri ditu geuregana eukaliptoak, eta errentagarritasun ekonomikoari dagokionez, egur exotiko honek ez du lehiakiderik. Hala, azken 35 urteetan bost aldiz biderkatu da eukaliptoen zabalera Euskal Autonomi Erkidegoan, baso lursailen %3,5 betez. Bizkaia larriki inbaditu du zuhaitz mota honek, eta dagoeneko probintziako lur eremuen %50 eukaliptoak kolonizatu ditu.
Paperaren industria da eukaliptoaren egurraren helmuga nagusia, eta aurretik aipatu bezala, ez du lehiakiderik; hain zuzen, eukaliptoak 13-15 urte behar ditu soilik moztua izateko, eta hiru aldiz moztu daiteke berriro landatu aurretik. Pinuak aldiz 35-40 urte behar ditu, pagoak 100 eta haritzak 130.
Baina eukalipto basoen kostu ekonomikoa merkea den heinean, ondorio ekologikoak izugarri garestiak dira. Eukalipto basoei heriotzaren basoa deitzen zaie, eta ez kasualitatez; zuhaitz hauen artean ez da txoririk ala bestelako animaliarik bizi, eta inguruko erreketako arrai, anfibio eta bestelako biztanleak ez dira luzaroan bizitzen. Hain zuzen, eukaliptoen hostoak oso toxikoak dira ibai eta erreketako biztanleentzat, eta baita inguruko landareentzat; eukalipto basoetan ez dago bestelako fauna eta florarentzat lekurik. Eukalipto basoetan ematen den biodibertsitatearen suntsipen datuak izugarriak dira; Likenak %64-%99 desagertzen dira, anfibioak %50, hegaztiak %65, intsektuak %75 eta ibaietako izaki bizidunen tamaina %37 murrizten da, besteak beste.

Lurgaia Fundazioak, erreserban bertan, 160 hektarea kudeatzen ditu, zaintzan etorkizuneko basoak berreskuratzeko prozesuan daudenak. Jon Hidalgo, Fundazioaren lehendakariarekin hitz egin dugu proiektua ezagutzeko; 2002an hasi ziren ekimenarekin, eta egun proiektuaren %80 inguru betetzea lortu dute: “Undabason 2002an hasi ginen, landa-ingurunean bizitzera joan zen familia baten bi hektarearekin; bertako baso batez inguratuta bizi nahi zuten, pinu landaketa baten ordez. Zaintza-akordio bat sinatu genuen, hau da, haiek jabeak izaten jarraitzen dute eta guk kudeatzen dugu basoa. Lehen akordio horretatik beste askoz gehiago etorri ziren, eta pixkanaka inguruko hektareen kudeaketa bereganatu dugu, batzuk akordio bidez eta beste batzuk erosketa bidez”.
Undabaso etorkizuneko basoa izateko asmoa du, eta horretarako boluntario sarea osatu du Lurgaiak; hala, pixkanaka inguruko bioaniztasuna berreskuratu dute, jatorrizko espezieei bizitzeko etxe bat emanez. “Ez du ezertarako balio espezieak berreskuratzeko ahaleginak egiteak, ez baditugu aurrera egiteko behar dituzten ekosistemak berreskuratzen. Basoek lurzoru emankorrak sortzen dituzte, mantenugaien zikloa errazten dute, mesede egiten diote ziklo hidrologikoari eta kalitatea ematen diote, higadura saihesten dute eta eragin zuzena daukate tokiko mikrokliman. Gainera, CO2a atxikitzen laguntzen dute, eta horrekin Klima Aldaketa arintzen laguntzen dute, industria-ustiapenerako monolaborantzek baino gehiago. Izan ere, azken horiek atxikitzen duten CO2 berehala askatzen da kontsumo azkarreko produktuetan erabiltzen denean, zelulosan adibidez”.
Berpiztutako baso horretan mota guztietako zuhaitzak landatu dituzten arren, haritza izango da bertako erregea: “Haritzak dira gure ekosistemako espezie nagusiak, baina garrantzitsuena espezieen barietatea da, bai florarena, bai faunarena, bai haien artean ezartzen dituzten korrelazio guztiena, eta horrek baso osasuntsua osatzen du. Jakina, haritzak ezinbestekoak dira habitat horietan; izan ere, oso zati ekologiko garrantzitsua dira, Europako beste edozein zuhaitzek baino espezie gehiagori ematen die bizilekua eta elikagaia. Haritz bat ehunka urte bizi daiteke eta mila urte baino gehiagoko haritzak datatu dira”.

EUSKAL HERRI BERDEA?
Drone baten laguntzaz begiratuta ala hegazkin batera igota, Euskal Herria berdea eta basoz beterikoa dela pentsatuko dugu. Berdina ikusi daiteke ingurua turistei erakusteko erabiltzen diren promozio bideo eta irudietan. Hidalgoren esanetan, baina, errealitatea oso bestelakoa da: “Euskal Herriak irudi berdea eta ingurumen zaindua duen itxura du, bai kanpora begira, baita guk geuk dugun pertzepzioagatik ere. Basoz inguratuta gaudela iruditzen zaigu, baina ez da horrela. Mendeetan zehar %90 murriztu ditugu. Gure inguruan, oro har, koniferoen edo eukaliptoen laborantzak daude, eraldaketa handikoak eta biodibertsitate gutxikoak. Eta, gure basoak urriak diren heinean, haiei lotutako biodibertsitate guztia arriskuan dago, fauna barne, jakina”.
Deforestazioaren aurrean hainbat plan, estrategia eta akordio politiko jarri dira martxan, baina beti ez dira modu egokian gauzatu: “Babes-figura, plan, estrategia eta abar asko daude. Esaterako, Urdaibaiko Biosfera Erreserba babestutako gune bat da eta, hala ere, koniferoen eta, gero eta gehiago, eukaliptoen industria-ustiapenen mende dago. Arrazoia? Lehentasuna ez dela inoiz ingurumena, ekonomia baizik, eta politikoak ingurumenari lehentasuna emateko gai ez garen bitartean, ez du ezertarako balio paper batean jartzen dugunak”.
Bitartean, basoen suntsipenen eraginak geroz eta maizago bizi ditugu; besteak beste, otsaila amaieran sutea gertatu zen Bera aldean, Nafarroatik Gipuzkoa eta Lapurdi arteko eremuetaraino zabalduz; halako suteek agerian uzten dute basoen egoera eskasa Hidalgoren ustetan: “Oker uste dugu mendi “abandonatua” sute arriskuan dagoela. Baso natural bat ez dago abandonatuta, ezta Amazoniako oihana ere, natura besterik ez da. Jakina, pospolo bat pizten badugu, edo haize-egun batean uztondoak erretzen baditugu, erre egingo da. Eukaliptoen kasuan izan ezik, basoa ez da berez erretzen. Neurriak penalak izan beharko lirateke basoak erretzen dituztenentzat”.

Klima Aldaketa eta hondakinen kudeaketa aldrebesa ere Euskal Herriko ingurumena ziztu bizian eraldatzen ari dira Lurgaia fundazioako lehendakariarentzat: “Hondakinak eta kutsadura arazo global handia dira, eta eragin berezia dute natura-ingurunean eta, beraz, gure bizitzetan. Horregatik, garrantzitsua da hondakin horien eta kutsadura horren kudeaketa ona egitea, baina ez gaitezen engaina, arazoaren sustraia neurrigabeko kontsumoa da. Gure aztarna murriztu beharrean tratatzeko moduak bilatzen ditugu. Horrela arazoa konpondu izanaren sentsazio faltsua izango dugu, baina hazi baino ez da egingo. Klima Aldaketaren kasuan, sistema anitzak eta konplexuak hobeto irauten dutela gauza jakina da eta hobeto errekuperatzen dira edozein ondorio negatibotarako, dela sutea, izurritea, lehortea... erresilientzia deitzen dena, azken finean. Beraz, gure basoak zaintzea Klima Aldaketari aurre egiteko estrategia bat da”.

BETIKO BASOAK BERMATUZ
Undabaso proiektua erabat altruista da, eta orain arte boluntarioen eta donazioen laguntzaz konpondu dira aurrera egiteko. Hidalgok azaldu duenez, jendearen borondatea “ezinbestekoa” izan da proiektua aurrera ateratzeko, eta azken txanpan sartuta, basoaren etorkizuna bermatzeko laguntza eskatu dute: “Gaur egun ditugun 480 bazkideen kuotekin finantzatzen gara, eta baita gure jarraitzaileen artean funtsak biltzeko kanpainekin ere. Undabasoren kasuan, bi mikro mezenasgo kanpaina egin ditugu, azkena oraindik lurgaia.org webgunean dago zabalik. Enpresekin ere lankidetzan aritzen gara, eta, noizean behin, administrazio publikoek proiektu espezifikoetarako ematen dituzten laguntza batzuk eskuratzen ditugu, baina ez dira gure iturri nagusia”. Hain zuzen, hektareak erreskatatzeko dirua lortzea da proiektuaren erronkarik handiena fundazioarentzat: “Lehen bi hektarea haietatik, tanta-jarioa etengabea izan da. Gehienetan, lursailen ustiapena utzi nahi duten jabeak izaten dira hektareak saltzen dizkigutenak, adinekoak direlako, jarduerarekiko lotura galdu dutelako edo errentagarritasun gutxi ateratzen dutelako. Batzuetan, lurrak heredatu dituzten pertsonak dira. Eta, zorionez, askotan gure basoen zati bat berreskuratu nahi duten jabeak dira, horretarako beren lurra eskaintzen dutenak. Dena den, finantzaketa izan da zailtasun nagusia eta eta bakarra proiektu hau aurrera ateratzeko. Batzuetan, lursailak eskura daude, baina ez daukagu dirurik erosteko”.
Undabaso proiektua gauzatzeko eta proiektua bermatzeko diru bilketa kanpainak egin ditu fundazioak, eta pixkanaka aurrera egitea lortu dute; egun, proiektua guztiz gauzatzeko azken bultzada behar dute oraindik: “2018an 37.000 euro baino gehiago lortu genituen diru-bilketa kanpaina batean, eta orain abian dugu Undabasokoa, 48 hektareen ordainketa finantzatzeko helburuarekin. Mundu guztia iraultzen ari da eta %80 gainditu dugu, baina orain erritmoa galdu dugu pixka bat. Oso gutxi geratzen zaigu, eta hemendik jende guztia parte hartzera animatzen dugu gure webgunearen bidez. Bertan, laguntzeko hainbat moduren artean aukera dezakete, bai ekonomikoki, bai borondatezko lanarekin. Proiektu hau guztia ez litzateke ezer izango gure boluntarioak gabe”.
Eta etorkizunean, zer? Nola bermatu daiteke basoak bertan iraungo dutela? Horretarako ere lanean aritu da Fundazioa, eta Hidalgoren esanetan, Undabason landatutako zuhaitzak etorkizunean bertan jarraituko duten bermea dute: “Lur zaintza akordioak epe mugatu baterako sinatzen dira eta berritzen dira. Hala ere, lursail bat erosten dugunean, Fundazioaren jabetzara pasatzen da. Gure estatutuek eta fundazioen legeak behartzen gaituzte lursail horiek betiko kontserbatzera. Fundazioa desagertuz gero, helburu berberak dituen beste erakunde batera igaroko lirateke. Horregatik, erosketari ematen diogu lehentasuna, zaintza-akordioari eman beharrean. Beraz, bermea dugu Undabasoko zuhaitzak ez direla moztuko, zaharrez hilko direla eta orduan hurrengo belaunaldiak elikatzeko balioko dutela. Eta horrela, betiko”.