Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

LIBURU BAT
Le Petit Prince - Antoine de Saint-Exupery (1943)
Zer esan jada esan ez denik klasiko honi buruz? Hala ere, ezin aipamenik gabe utzi. Haurrentzako ipuin bat bailitzan kontatua badago ere barruan dakartzan ikasgaiak helduei zuzenduak daude. Elementu sinple eta hitz xumeekin irudimena abian jartzen duen unibertso oso bat eraiki zuen idazleak. Edozein adinetan gozatu daitekeen liburua. Gainera, hainbatetan irakurrita ere, lehen irakurraldiko emozio berdinak sorrarazten ditu behin eta berriz.
DISKO BAT
Musas vol. 1 (2017) / Musas vol. 2 - Natalia Lafourcade (2018)
Mexikarrak bere ahots leun baina aldi berean irmoarekin zaila errez bihurtzen du, edozein melodia atsegin bihurtuz edonoren belarrira. Musas deitutako bi disko hauetan Hego Amerikako folklorearen errepaso bat egiten du abesti tradizionalak Los Macorinos-en laguntzarekin sentsibilitate handiz berrinterpretatuz. Bolero eta rancheren zale ez direnek ere entzun dezaketen diskoa, emozioek ez baitute mugarik.
TELESAIL BAT
IT Crowd – Graham Linehan / Ash Atalla (2006)
Hasierako premisak The Big Bang Theory gogorarazten badu ere Britainiarrek ez dute inor kopiatu beharrik gauza bikainak egiteko gai direla erakusteko eta hau ez da salbuespen bat. IT Crowd ezkutuko harribitxi bihurtua da aspaldi. Aurrekontu gutxirekin baina ideia bikainekin eta gustu apur batekin gauza zoragarriak egin daitezkeela erakusten du. Barrez lehertuko zara bertan azalduko diren pertsonaia zein baino zein bitxiagoekin.
ARGAZKILARI BAT
Iosune De Goñi
Erakutsi digute indibiduoa bakarra dela eta bere inguruarengandik banatuta dagoela. Irudien bidez beste aukerak erakusten saiatzen naiz: erakutsiz, adibidez, Ni ugari ditugula eta bestearekin nahastu daitezkela. Horrelaxe deskribatzen ditu Iosune de Goñik bere argazkiak. Argazkilariak teknika analogikoarekin lortzen du kanpoko paisaien bidez gure barnekoa zehaztasun ederrez erakustea.
PELIKULA BAT
Delicatessen – Jean Pierre Jeunet / Marc Caro (1991)
Amelie-ren zuzendaria tartean baldin badago ere, istorioa ez da zuk espero duzun tokitik joango ziur. Kontatzeko moduak badu Amelie-tik baina kontatzen duena askoz ere ilunagoa izango da. Mundu post apokaliptiko batean eraikin bat dago eta bertan ohitura arraroko pertsonaia bitxiak bizi dira. Bizilagun berri bat iristean bertakoen “normalitatea” hankaz gora jarriko da.