Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen! Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteburuan-ikusi-entzun-jolastu-eta-irakurtzeko-5-proposamen-21/@@download/image/gomendioak_home.jpg
2019/08/23
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio.
Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

TELESAIL BAT: EUPHORIA

Benetan zur eta lur utzi nau telesail honek. Nerabeen mundua brutala da, gordina eta amesgaiztokoa; telesail honetako protagonistek mundu beldurgarri batera eramango gaituzte: errealitatea. Bizitzaren parte diren zailtasun, beldur eta miseria guztiekin, maisuki errodatutako eszena eta irudiez gozatzeko aukera izango duzue, baina batez ere, hemendik aurrera hobeto ulertuko duzue nerabeek bizi duten infernua. 

ERAKUSKETA BAT: VIVIAN MAIER

Tabakaleran ikusgai dagoen erakusketa honek benetan merezi du. Vivian Maier ezagutzen ez duzuenontzat, argazkilari bikain baten lana ezagutzeko aukera duzue. Lanbidez haurrak zaintzen bazituen ere, Maierrek argazkilaritza maite zuen, eta ehunka argazki atera zituen, beti, amateur bezala. Hil ondoren egin zen ezagun. Ez zuen inoiz susmatu ere egin bere lanek izango zuten arrakasta, inork ez baitzuen, bizirik zela, argazkilaritzako zuen talentu bikaina aintzat hartu.

1950eko hamarkadatik aurrera, eta bere zaintzapean zeuden umeen argazkiak egin zituen batik bat, baita kaleko eszenenak ere, New Yorken, Los Angelesen eta Chicagon. Ustekabe bati esker, Chicagori buruzko liburu bat idazten ari zen gizon batek negatibo kaxa bat erosi zuen enkante batean, liburua ilustratzeko ondo etorriko zitzaizkiolakoan, eta balio handiko irudi horiek Vivian Mairrek hartuak zirela konturatu ziren gero.

Donostiako erakusketan 135 argazki daude guztira, sei taldetan banatuta: erretratuak. autorretratuak, formalismoa, kaleko irudiak, haurtzaroa eta koloretako argazkiak. Erakusketa Kutxa Kultur Artegunean izango da ikusgai, urriaren 20ra arte, eta sarrera doakoa da.

  

JATETXE BAT: ARENALES

Ez da leku handia, ez ikusgarria; Donostiako kalerik ezagunenean kokaturik dagoen arren, ia  oharkabean igarotzen da. Ondo gordetako sekretua da; bikote gazte batek eramaten du jatetxea, eta beren menuan oso nabarmena da beren ukitu pertsonala landu dutela. Produktu freskoak, fusioak, mimo handiz prestatutako plater original eta gozoak... postrezalea bazara, esne gozoa, krema, gerezi eta erromerodun pankekeak eskatu!

KONTZERTU BAT: LAU NOTEN OPERA

Opera bat lau nota soilik erabiliz? Posible ote? 1972an Tom Johnsonek “Four notes opera” (Lau noten opera) sortu zuenetik, urtero interpretatzen da mundu osoan zehar, hainbat hizkuntzatan. Tabakaleran, lehenengo aldiz euskaraz entzuteko aukera izango duzue.

 “Lau noten opera” lau notarekin konposatuta dago, baina nota horiek trebezia handiz moldeatuta daude, infinituak direlako itxura emanez. Bost pertsonaiak parte hartzen dute obra honetan, eta denen artean, opera bateko bost ahotsak parodiatzen dituzte, komedia koral dibertigarri bat osatuz. Antzerkitik hartutako tradizio bati jarraituz, pertsonaiek ez dute nahitaez jakin behar agertoki batean daudela. Beren zeregina da guztiz esanekoak izatea eta egileak sortu duen mundura egokitzea, espekulazio partikular oro alde batera utzita.

Ekaitz Unai González da agertokiko zuzendaria, Arkaitz Mendoza musika-eszenaren zuzendaria eta Malús Arbide  jantzien arduraduna.  Aktoreak, berriz, hauek dira: Miren Urbieta-Vegasopranoa, Marifé Nogales mezzosopranoa, Beñat Egiarte tenorra, Fernando Latorre baritonoa eta Pedro Llarena baxua. Eta horiekin guztiekin batera, Pedro José Rodríguez izango da pianoa jotzen.

Euskarazko opera hau Tabakaleraren eta Musika Hamabostaldiaren artean ekoitzi dute. Ez galdu!

APP BAT: GUDOG

Oporretan zure txakurrarekin bidaiatzeko arazoak badituzu, edo inoiz norbaitekin uzteko modurik topatzen ez baduzu, app hau erabiltzea gomendatzen dizut. GUDOG aplikazioak txakurrak zaintzen dituzten pertsonekin jarriko zaitu kontaktuan, zure inguruan bizi direnak. Zaintzaileek hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte; jabeen etxera joan eta txakurra atera, gauean txakurra zaindu, egun batez hala hainbat egunez zaindu... behar duzun guztia eta gehiago!!