Bruselako eliza bat rokodromo bilakatu dute

Bruselako eliza bat rokodromo bilakatu dute Eskalatzaileen tenplu bilakatu da eliza. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bruselako-eliza-bat-rokodromo-bilakatu-dute/@@download/image/660a900e43e02.jpeg
2024/05/07
Eskalatzaileen tenplu bilakatu da eliza.
Bruselako eliza bat rokodromo bilakatu dute

Maniak deitutako eskalada elkarteak, 30 urtez, Bruselako (Belgika) Paduako San Antonio eliza rokodromo bezala erabili ahal izango du .

Katoliko praktikanteen galera etengabeak eta honelako eraikin historikoa mantentzeak dakartzan gastuak kontuan hartuta, Belgikako zenbait elizek ixteko erabakia hartu dute, hauek desakralizatu eta bestelako erabilerak eman ahal izateko. Bada jatetxe bihurtu denik, hotel eta… rokodromo!

Eliza honetako hormak eskalatzeko heldulekuz josita daude, irudi bitxia da. Paduako San Antonioren eliza XX. mendean eraiki zen, Forest deitutako Bruselako barrutian. Eraiki zen garaian, bertako populazio hazi eta hazi ari zen, Belgika bizitzen ari zen industrializazioa zela eta.

Denboraren joanarekin ordea, elizak behin ahala izan zuen protagonismoa galdu du eta eraikina abandonatua gelditu zen. Maniak eskalada elkarteko kideek berpiztu egin dute rokodromo bilakatuz.

Rokodromoaz gain, elizan bertan taberna bat dago, haurrentzako eskala eskola bat eta bilera gela bat, auzokideek bertan urtebetetzeak ospatzeko aukera dute adibidez, edo beste edozein arrazoi delarik ere, elkartzeko gune bezala funtzionatzen du.

Hogeita hamar urtetarako alokairu kontratua sinatu dute eraikina zaindu eta babestea hitzartu ostean. Alta, parrokiako espazio txiki batean elizkizunak egiteko ere gorde da.

Eliza rokodromo bilakatzeko hilabeteetan lanean aritu ostean, 2023ko ekainean ireki zituen bere ateak, eta aldi berean, 150 eskalatzaile aritzeko toki aproposa bilakatu da.