Donostiako 35. Gazteen Antzerki Topaketan hemezortzi antzezlan taularatuko dituzte

Donostiako 35. Gazteen Antzerki Topaketan hemezortzi antzezlan taularatuko dituzte Maiatzaren 14tik ekainaren 14ra izango dira emanaldiak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/35-gazteen-antzerki-topaketan-hemezortzi-antzezlan-taularatuko-dituzte/@@download/image/gazteen antzerki topaketa.png
2024/05/07
Maiatzaren 14tik ekainaren 14ra izango dira emanaldiak.
Donostiako 35. Gazteen Antzerki Topaketan hemezortzi antzezlan taularatuko dituzte

35. Gazteen Antzerki Topaketan hemezortzi antzezlan eskainiko dira Donostiako hainbat agertokitan, maiatzaren 14tik ekainaren 14ra bitarte. Topaketaren helburu nagusia gazteria eta antzerkiaren arteko harremana sustatzea da. Era berean, gazteriaren artean kultura ekitaldietara joateko ohitura bultzatu nahi da, eta baita haien sortzaile gaitasuna ere. 

14 eta 30 urte arteko gazteek hiriko gune hauetan aurkeztuko dituzte euren lanak: Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoa, Antzoki Zaharra, Gazteszena, Lugaritz, Kutxa Fundazioa Kluba eta Kontadores. 

Ekoizpen propioak nahiz klasikoak ikusi ahal izango dira. Hemezortzi antzezlan horien artean honako hauek izango dira: Errenteriako Herri Arte Eskolaren Koba; Hamaikatarrak eta Binahiren Enigma bilatu; Doke Antzerki Eskolaren Zarata asko ezertarako ez; Zurriola Antzerki Eskolaren Infinitum; Zer?Nola?Noiz eta Binahiren Komentu desberdin bat; Oiartzungo Antzerkizale Elkartearen Amonan testamentua; eta Barrexerkaren Bagoiaz

Maria Blanco, Luix Mitxelena eta Omar Somai antzezleak arduratuko dira epaimahai lana egiteaz. Sari banaketa ekainaren 15ean izango da Kutxa Fundazioa Plazan.

Sarreren prezioa hiru eurokoa izango da eta sarrerak  www.donostiakultura.eus webgunean eta obra bakoitza antzeztuko den espazioko lehiatilan eros daitezke. Kutxa Fundazioa Klubeko eta Kontadoreseko emanaldien sarrerak egunean bertan erosi ahal izango dira tokiko leihatilan bertan.