Nerabeen inguruko kontuak jorratzen dituen 'Eden' soinu fikzioa estreinatu du EITB Podkastek

Nerabeen inguruko kontuak jorratzen dituen 'Eden' soinu fikzioa estreinatu du EITB Podkastek Gurasoak banatu ostean, hiria utzi eta herri txiki bateko institutura egokitu beharko duen Naroa izeneko gaztea da protagonista. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nerabeen-inguruko-kontuak-jorratzen-dituen-eden-soinu-fikzioa-estreinatu-du-eitb-podkastek/@@download/image/20240506123613_eitbpodkast-eden_foto610x342.jpg
2024/05/07
Gurasoak banatu ostean, hiria utzi eta herri txiki bateko institutura egokitu beharko duen Naroa izeneko gaztea da protagonista.
Nerabeen inguruko kontuak jorratzen dituen 'Eden' soinu fikzioa estreinatu du EITB Podkastek

EITBPodkast atariak gaztetxoei zuzendutako Eden soinu fikzioa estreinatu du gaur. Ikastetxean nerabeen artean gertatutakoak  lantzen ditu, eta hamabost minutuko sei atal izango dira guztira. Irabazi Arte telesaileko Sua Enparantzak, Angela Lopezek eta Ibai Ugartek eman diete ahotsa protagonistei, eta haiekin batera aritu dira Sara Cozar eta Asier Hormaza aktoreak ere.

Naroa da pertsonaia nagusia. Ikasturte hasiera bereziki zaila izango da harentzat. Izan ere, gurasoak banatu egin dira eta amak lan berria topatu du Gasteiztik kanpo, enpresa farmazeutiko batean. Hori dela eta, hiritik herri txiki batera joan behar izan du bizitzera, eta haserre dago, batez ere amarekin. DBH egingo duen institutua txikia da eta berria berarentzat, beste ikasle guztiek elkar ezagutzen duten arren. "Kapitaleko pija"-tzat hartu dute, eta ez da goxoa egoera. Biologiako talde-lan bat tarteko, Oierrekin eta Becarekin, aspaldian utzita dagoen lantegi bat nola biziberritzen ari den aztertzera joangp dira, eta han Gexan ezagutuko dute, animalia itxura hartzeko gaitasuna duen adinkidea.

ULU Mediak ekoitzi du soinu fikzioa, eta Oier Aranzabalek gidatu du proiektua, Xabier eta Martin Etxeberriaren gidoiarekin. Aktore zuzendaria Anartz Zuazua izan da.
 
Asteartero atal berria kaleratuko dute EITBPodkast atarian, Spotifyn eta ohiko guneetan.