Bost zine zuzendarik euren lanak erakutsiko dituzte Donostiako Tabakaleran

Bost zine zuzendarik euren lanak erakutsiko dituzte Donostiako Tabakaleran Ostegunean, Maddi Barberrek eta June Crespok 'Core' dokumentala erakutsiko dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bost-zine-zuzendarik-euren-lanak-erakutsiko-dituzte-tabakaleran/@@download/image/june_crespo_maddi_barber_maria_jerez_monica_cambara_andrea_jaurrieta.jpg
2024/05/07
Ostegunean, Maddi Barberrek eta June Crespok 'Core' dokumentala erakutsiko dute.
Bost zine zuzendarik euren lanak erakutsiko dituzte Donostiako Tabakaleran

June Crespok eta Maddi Barberrek, Monica Cambrak, Andrea Jaurrietak eta Maria Jerezek euren lanak partekatuko dituzte publikoarekin Donostiako Tabakaleran, maiatzean zehar. Euren lan egiteko moduak eta bakoitzaren ikuspegi sortzaileak ezagutzeko aukera izango da. Saio guztiak 19:00etan hasiko dira eta sarrerak Tabakaleraren webgunean eskura daitezke.

Zinearen eta artearen arteko gurutzaketarekin lotuta egingo dituzte bi saio, Erakusketarekin elkarrizketak zikloaren baitan. Ostegunean, hilaren 9an, Larruak eta izurrak erakusketarekin elkarrizketak izeneko saioan, June Crespo artistak eta Maddi Barber zinegileak Core dokumentala aurkeztuko dute. Film labur hau erakusketa-aretoan ikusgai dagoen Core piezaren ingurukoa da. Materialaren eraldaketa erregistratzen du eta itxuraz desberdinak diren bi prozesu elkartzen ditu: giza eskuek zementuzko eskulturak manipulatzea eta harriak harrobi batean erauztea eta eraldatzea. Saio berean, Nancy Holten Sun tunnels (1978) proiektatuko da. Ingurune naturalaren eta giza esku-hartzeen arteko elkarrekintza atzematen duen obra. Crespok eta Barberrek proiekzioen ondorengo solasaldian parte hartuko dute.

Maiatzaren 30ean, Situ-akzioak. Herri bat behar da mendi bat altxatzeko erakusketarekin lotuta, María Jerez artista eta zinemagileak María va a a la escuela (2017) filma aurkezteko du. Dokumentalak eskola-testuinguruko botere-dinamikak aztertzen ditu, hezkuntza-politikak zalantzan jarriz eta ikaskuntzaren eta zaurgarritasunaren arteko harremana aztertuz. Irakatsi eta ikasteko prozesuari buruzko gogoeta poetikoa da.

Zinegileekin solasaldiak
Zinegileak eta ikusleak elkarrenaga hurbiltzeko asmoz, solasaldiak ere izango dira proiekzioekin batera, Kontatutako zinema zikloan.  Maiatzaren 18an, Monica Cambra zuzendari eta muntatzaileak Un sol radiant (2023) bere azken lana aurkeztuko du Tabakaleran. Ariadna Fortunyrekin batera egin du eta zinema jaialdietan saritua izan da. Filmak munduaren amaiera baino lehenagoko azken egunei aurre egiten dien familia baten istorioa kontatzen du. Neskato baten begietatik, gai unibertsalak aztertzen ditu, hala nola maitasuna, galera eta itxaropena krisi garaietan.

Andrea Jaurrieta izango da maiatzaren 25ean, Nina bere bigarren film luzearekin. Filmak munduan bere lekua aurkitzeko borrokan ari den neska gazte baten erretratu intimoa egiten du. Identitateari, desioari eta bizitzan esanahia bilatzeari buruz hausnartzeko parada ematen dio ikusleari. Jaurrietak bere filma sortzeko prozesua kontatuko du eta landu dituen materialak erakutsiko ditu.