Animaliak baino basatiago

Animaliak baino basatiago https://www.gaztezulo.eus/albisteak/animaliak-baino-basatiago/@@download/image/31p24-1.jpg
2003/06/06
erreportajea
Animaliak baino basatiago
Zezenketak, ahari talkak, antzar jokoa… Euskal Herriko jaietan,  ospakizun ugari egiten dira animalien inguruan. Hainbat elkartek urtero salatzen dituzte animalien kontrako tratu txarrak.

Kepa Tamames ATEA animalien babeserako elkarteko kideak argi eta garbi du. "Zezenketak, sokamuturra, ahate jokoak… Euskal Herrian egun animaliekin egiten diren ikuskizun eta joko batzuk legez kanpokoak dira". Europako Batasunako araudiak debekatu egiten du animalia bizien aurkako bortizkeria edota horiek jende aurrean hiltzea. Eta, gurean ez da horrelakorik falta. "Baiona, Iruñea, Donostia eta beste hainbat tokitan egiten diren zezenketak, esaterako", esan digu Cristina Zabala Animalien Babeserako Gipuzkoako Elkarteko kideak.

Ildo horretatik, Frantzia eta Espainia dira zezenketetan animaliak publikoki hiltzen duten Europako Batasuneko herrialde bakarrak.

Eta zezen plazatik kanpo

Esan bezala, zezenketetatik kanpo, Euskal Herriko jaietan badira animaliak markurrarazten dituzten ikuskizun eta jarduerak. "Bergaran, Erramu Zapatuan, koipez igurtzitako oilaskoak askatzen dituzte, jendeak harrapa ditzan. Bestalde, Igeldon, oilaskoei lepoa mozten diete herri joko batean, eta Ipar Euskal Herrian, antzar jokoak egin ohi dituzte Saran eta Biriatun", esan digu Kepa Tamamesek.

Dena dela, adituen arabera, animalien babeserako elkarteen salaketen ondorioz, horrelako ospakizun asko desagertu egin dira, azken urteetan. "Algortan iaz arte kukaña egiten zen, ahate biziekin. Araban, Moredan, bestalde, katu bat sartzen zuten lastozko panpin baten barruan eta su ematen zioten", dio Tamamesek.

Gainera, badira aldatu egin diren ospakizunak. Esaterako,  Markina eta Lekeitioko antzar jokoetan hildako animaliak erabiltzen dira gaur egun. Hala ere, ATEAren arabera, oraindik lan handia egin behar da ospakizunok behin betiko baztertzeko. "Izan ere, ikuskizun eta joko batzuk desagertu edo hildako animaliekin egiten diren arren, toki batzuetan nobilladak berreskuratu dituzte: Ordizian eta Amorebietan, adibidez", dio Tamamesek.