Ahaztutako gerrak

Ahaztutako gerrak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ahaztutako-gerrak/@@download/image/30p24-1_1368785850.jpg
2003/05/02
erreportajea
Igor Usabiaga
Ahaztutako gerrak
Irakeko inbasioa albiste izan dugu azken asteetan. Dena dela, munduan badira beste gerra asko. Haietako batzuk 'ahaztutako gerrak' dira. Izan ere, komunikabideetan ez dute haien berri ematen.  Hona hemen komunikabideek alde batera utzitako gatazketako batzuk. 

Liberia
Boterea eta diamante meategiak eskuratzeko, gerra zibila piztu zen Liberian (Afrika) 90eko hamarkadan. Orduz geroztik, gerrilen arteko borrokak eguneroko kontua dira. Liberiak hiru milioi biztanle ditu, eta gerra luze honek 150.000 hildako eta 800.000 errefuxiatu inguru eragin ditu orain arte. Talde armatuek borroketan haurrak erabiltzen dituztela salatu dute hainbat erakundek.

Sudan

Sudango iparraldea (Afrika) menpean duen gobernu islamista arabiarrak hegoaldeko kristau eta animisten aurkako gerra hasi zuen 1983an. Gobernuak lege islamiarra indarrean jarri nahi du estatu osoan. Hegoaldeko gerrilariek (SPLA), ordea, estatu sozialista, hegoaldearen autonomia eta erlijio askatasuna eskatzen dituzte. Milioi eta erdi hildako eta 500.000 errefuxiatu eragin ditu gerrak.

Aljeria

FIS (Front Islamique du Salut) alderdi islamistak Aljeriako hauteskundeak irabazi zituen 1990ean, baina Aljeriako armadak ez zuen emaitza onartu eta estatu kolpea eman zuen. Hainbat islamistek GIA taldea sortu eta estatuaren aurkako  borroka hasi zuten. Ondorioz, 200.000 pertsona hil edo desagertu dira eta milaka lagunek torturak jasan dituzte.

Jammu eta Kaxmir

1947an India bitan banatu zen: Pakistan —herritar gehienak musulmanak dira— eta India —gehienak, hinduistak—. Jammu eta Kaxmir es-kualdeak  musulmanak dira, baina bertako maharajak, laguntza militarraren truke, In-dian sartzea erabaki zuen. Pakistanek ez zuen erabakia onartu, eta Pakistan eta Indiaren arteko auzia pil-pilean da oraindik. Bestalde, kaxmirdar asko independentziaren aldekoak dira, eta Jammu and Kashmir Liberation Front (JKLF) sortu dute.

Nepal

Erregea kanporatzeko eta estatu komunista sortzeko, borrokari ekin zion Nepalgo gerrila maoistak 1996an. 2001eko bake elkarrizketek porrot egin zutenetik, ejerzitoa eraso bortitza egiten ari da maoisten kontra. Dagoeneko 3.000 hildako inguru izan dira gerra honetan.

Filipinak

Filipinetako gobernua lau talde armaturen aurka ari da borrokan gaur egun, Mindanao uhartean eta inguruetan. Haietatik hiru islamistak dira eta laugarrena, New People´s Army, komunista. AEBek laguntza militarra eskaini diote Filipinetako gobernuari eta soldaduak bidali dituzte bertara.

Indonesia

Aceh-ren Askatasunaren aldeko Mugimenduak (GAM) Indonesiako Aceh eskualdearen independentziaren alde dihardu duela 26 urtetik. GAM-en arabera, egungo Indonesia Holandak Asian zuen koloniatik sortu zen, baina Aceh eskualdea ez zen inoiz kolonia horren parte izan. Besteak beste, eskualdeko aberastasun naturalak bertako herritarren esku geratzea eta Indonesiako ejerzitoaren errepresioa amaitzea nahi du GAM-ek. Gerra hasi zenetik, 10.000 lagun hil dira borroken eta errepresioaren ondorioz.

Txetxenia

Txetxeniak 1991n aldarrikatu zuen independentzia. Hala ere, 1994an, Errusiako presidente Yeltsinek armada bidali zuen herri horretara, independentzia bertan behera uzteko. Errusiarrek, ordea, porrot egin zuten. 1999an, Putin presidenteak bigarren erasoari ekin zion, eta gerrilari txetxeniarrak mendietan babestu ziren. Egun, Errusiak okupatuta du Txetxenia. Bi gerretan, 38.000 soldadu eta 200.000 zibil inguru hil dira.

Kurdistan

Kurduak estaturik gabeko nazioa dira eta Turkia, Irak, Iran, Libano, Siria eta Armeniaren artean daude banaturik. Estatu hauetako gehienek ez dituzte kurduen eskubideak errespetatzen. Kurduek, hala ere, ez dute askapen nazionalerako mugimendu bakarra eraikitzea lortu. Azken hamarkadetan, errepresioaren eta borroken ondorioz, milaka kurdu hil dira, Turkian eta Iraken, batik bat.