Sumisioa

Sumisioa https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/02/15
kritika
Testua: Testua: Maitane Legarreta @mailegetx
Idazlea: Michel Houllebecq. Itzul.: Gerardo Markuleta
170.zenbakia
Sumisioa
Gertuko etorkizunera, 2022. urtera, garamatza idazle frantziarrak liburu honetan. Islamiar alderdi moderatuak irabaziko ditu hauteskundeak Frantzian, eta horrek aldaketak ekarriko ditu gizartera. Istorioko protagonista den François-rengan ere eragin zuzena izango du. Izan ere, unibertsitateko irakaslea da, eta erabakia hartu beharko du: unibertsitateak eskaintzen dion erretiro saria hartu ala fedegabe izatetik musulman izatera pasa eta beraien ohiturak bereganatu, irakasle lanpostua mantendu eta diru gehiago irabazi. Erabakiak oso egoera delikatuan harrapatuko du, gainera, maitale ohia, ligatzeko aukera ematen zion lanpostua eta gurasoak galduta, bakardade betean murgilduta baitago. Gauzak horrela, hasierako erabaki irmoa zalantzan jartzen hasiko da eta fedegabe bizimodua birplanteatuko du. Protagonista misogino, arrazista eta klasista bada ere, samurtasun puntu bat pizten dio irakurleari, eta horrek istorioarekin bat eginda jarraitzea ahalbidetzen du. Houllebecquen probokazio hutsa eta frantziar gizartearen kritika antzeman dute batzuek liburuan. Beste batzuek, berriz, eskuindarrei eskua eman diela iruditzen zaie. Onena norberak irakurri eta ondorioak norbere kabuz ateratzea izango da, merezi du-eta.