12etan bermuta

12etan bermuta https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/01/14
kritika
Testua: Iraitz Ugalde
Idazlea: Jasone Osoro
169.zenbakia
12etan bermuta
XIV. Agustin Zubikarai Saria jasota plazaratu du Jasone Osorok 12etan Bermuta. Berta da eleberriko protagonista eta beronen hari gidaria. Berta da alaba, emaztea, laguna, arreba, maitalea eta ama. Ingurukoekin hartzen dituen rolen bidez ezagutuko dugu, kapitulu bakoitzean bere bizitzaren puzzleko pertsona bat izango baitu hizpide. Neskatila deneko burutazioetatik hasten da nobela, Berta aratza eta moldeagarria den garaitik. Ama ezaxola batek utzitako herentzia emozionalaren zamak aurrerantzeko harremanak baldintzatuko dizkio. Eta udaberriarekin loratzen ikusiko dugu, usain gozorik gabeko larrosa bilakatzen eta petaloak banaka galtzen. Inolako galbaherik gabe, bakarrizketan diharduenaren desinhibizio osoaz mintzo zaigun emakumearen gogoetak dira. Gogoeta ankerrak, egiazkoak, miserableak bezain ederrak. Estilo airosoa eta bizkorra darabil Osorok, tabu gutxirekin, espresio esplizituan. Bertaren aurre-atze guztien argazkia osatzen amaituko du irakurleak, deskribapen eta kronologia astunetatik pasatu beharrik gabe. Bertak berak burutik pasatako guztia karminez komuneko ispiluan idatzi izan balu bezala, eszenaren halako elegantziaz, letra lodiaren halako baldarkeriaz.