Txotxongiloen Munduko Jaialdia Donostiak hartuko du aurten

Txotxongiloen Munduko Jaialdia Donostiak hartuko du aurten https://www.gaztezulo.eus/albisteak/txotxongiloen-munduko-jaialdia-donostiak-hartuko-du-aurten/@@download/image/puppet_1462282622.jpg
2016/05/03
berria
Txotxongiloen Munduko Jaialdia Donostiak hartuko du aurten
Australia nahiz Txinatik pasa eta gero, lau urtetik behin antolatzen duten World Puppet Festivalak nazioarteko 30 konpainia baino gehiago ekarriko ditu maiatzaren 28tik ekainaren 5era Donostiara.


Tolosako TOPIC zentruaren eta DSS2016EU-ren lankidetzari esker, Donostia txotxongiloen nazioarteko topagune bilakatuko da udaberri honetan.

Tol Theatre arduratuko da maiatzaren 28ko inaugurazio ekitaldiaz eta gruak erabilita txotxongilo erraldoiak hegan jarriko dituzte Zurriola hondartzan. Hurrengo bederatzi egunetan, nazioarteko 30 bat konpainia sonatuk ikuskizunez beteko dituzte hiriko Antzoki Zaharra, Victoria Eugenia, Gasteszena, plazak eta kaleak. Donostiatik kanpo, bestalde, Garbera merkatal zentrura eta Tolosara ere iritsiko dira emanaldiak.

Egitarau zabalaren baitan, badira hainbat zita aipagarri:
Batetik, Thèâtre La Licorne konpainia frantsesak Spartacus obra dakar Gasteszenara, erromatar zirku baten errepresentazio musikatua.
Azpimarragarria, baita ere, Assitej South Africa konpainia hegoafrikarraren eta Speetheater herbeeretarraren arteko lankidetzatik jaiotako Red Earth Revisited ikuskizuna.
Jaialdia itxiko duen Les Irréels konpainiak ere ez du inor epel utziko, Charleville-Mézières festibalean saritutako magia karabanarekin kutsatuko baitituzte hiriko kaleak.

Lau urtean behin antolatzen duten World Puppet Festivalak sektoreko profesional nahiz adituak batzeko abagunea ere bada. Hala, oraingo honetan UNIMAren (Marionetaren Nazioarteko Batasuna) 22. Kongresua ere egingo dute EHU/UPVrekin batera antolatuta.