KZB plataforma sortu dute zuzeneko kultura biziaren alde

KZB plataforma sortu dute zuzeneko kultura biziaren alde https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/05/12
berria
KZB plataforma sortu dute zuzeneko kultura biziaren alde
Zuzeneko euskal kulturaren alorreko profesionalen eta alderdi politikoetako kultura arduradunen artean gutxieneko akordio bat sustatzeko ekimena da. Manifestu bat adostu dute eta atxikimendua adierazteko webgune bat ere abiatu dute.

Eskena (antzerkia), MIE (musika), ADDE (dantza), EAB (aktoreak), Artekale (kale antzerkia), ATAE (teknikariak) eta UNIMA (txontxogiloak) eragileek zuzeneko kultura biziaren krisiari aurre egiteko lehen pausoa eman dute: KZB plataforma sortu dute.

Funtsean, zuzeneko kulturaren aldeko apustuan eremu pribatuaren eta publikoaren arteko elkarlana sustatu nahi dute, eta horretarako, ahalik eta eragile, alderdi politiko eta herritar gehien erakarri nahi dituzte lan-ildo berera.

Zuzeneko euskal kulturaren sektorean diharduten ordezkari nagusien artean adostutako manifestu bat aurkeztu dute, eta atxikimenduak edo babesa jasotzeko kulturazuzenean.org ataria jarri dute martxan.

Oinarrizko sei printzipioren/aldarriren inguruan eraiki dute manifestu hori:


1.- BEZ kulturala murriztea aldarrikatzen dute; ekonomia kulturalak euroguneko BEZ handiena duelako.

2.- Kulturaren arloko estatuto profesional baten beharra; kultura profesionalen jarduera aldizkakoa delako, baina lan-erregulazioa jarduera etengabea izango balitz bezalakoa delako.

3.- Ikuslegoa Sustatzeko Plan Integratu bat ere aldarrikatzen dute.

4.- Kultura-heziketa zeharka txertatzea hezkuntza-prozesuetan.

5.- Mezenasgoa eta Babesletza Pribatua: Gaur egun, arte eszenikoen produkzioa eta erakusketa zerga-arloan gutxietsia dago EAEko edozein lurraldetan Espainiako zerga-esparruarekin alderatuta.

6.- Erakusketarako Zirkuitu Publiko bat ere aldarrikatzen dute, herrialde ikuspegia izango duena.