Herri Urratsekin zita dugu igande honetan Senperen!

Herri Urratsekin zita dugu igande honetan Senperen! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/herri-urratsekin-zita-dugu-igande-honetan-senperen/@@download/image/esne_beltza_1462440688.jpg
2016/05/05
berria
Herri Urratsekin zita dugu igande honetan Senperen!
Seaskako ikastolen aldeko jaiak adin guztietako euskalzaleei luzatu die maiatzaren 8an Senpereko aintziraren bueltan festa giroan elkartzeko deialdia, gure hizkuntzak lakutik mundu osora jauzi egin dezan.

'Jalgi' leloa eta Esne Beltzak jarritako doinuak dakartza 33. Herri Urratsek. Igandean bildu dirua Baionako Bernat Etxepare Lizeora bideratuko dute, 2017rako eraikin berria beste kokapen batean altxa nahi dute eta. Eraikin berri honetan Seaskako lehen sare profesionala irekiko dute, Ipar Euskal Herriko haur eta gazteek euskaraz ikasteko eskaintza zabaltzeko helburuarekin.

Lizeoak euskarazko lehen idazle ezagunaren izena duenez, honen esaldi ospetsuenak oroitarazi nahi ditu aurtengo edizioak: "Euskara jalgi hadi plazara… jalgi hadi mundura". Era berean, antolatzaileek gogora ekarri nahi dute euskaldunoi dagokigula jauzia egitea, "alai eta baikor", gure hizkuntza zaharrak merezi duelako. "Euskarak han eta hemen baduelako bere lekua", Senperetik mundu osora jauzi egiteko gonbitea luzatu dute.

Maiatzaren 8an, goizean goizetik hasita, zer ikusi, entzun, egin, jan eta edan andana izango da Senpereko lakuaren inguruan. Artisau azoka, ogitartekoak, taloak, sagardotegia, bertako gozoak, xiberotar kantak, dantza ikuskizunak, bertsolariak eta… ohi bezala, giro aparta.

Kontzertuen artean, Esne Beltza, Xutik, Ekiza, 2Zio Rap eta Dubioza Kolektiv taldeenak dira, beharbada, aipagarrienak.


Festaren aurrekariak

1984an sortua, Herri Urrats elkarteak urtero, maiatzaren bigarren igandean Senpereko Aintziran, Herri Urrats besta antolatzen du. Lehengo urtean 5.000 lagun bildu zituen jaia urtez urte arrakastatsuagoa izaten ari da.

Herri Urratsen helburua dirua biltzea da, Seaskak behar duen finantzaketa, lanak edo eraikin proiektuak dituzten ikastolak laguntzeko.