Friki Harrotasunaren hilabetea egingo dute Donostiako Egiako liburutegian

Friki Harrotasunaren hilabetea egingo dute Donostiako Egiako liburutegian Mahai-jokoak, rol-jokoak, munduko kasete birbobinatze txapelketa, eta Friki Zozketa izango dira maiatzean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/friki-harrotasunaren-hilabetea-egingo-dute-donostiako-egiako-liburutegian/@@download/image/FRIKI ALBISTEA.jpg
2024/04/30
Mahai-jokoak, rol-jokoak, munduko kasete birbobinatze txapelketa, eta Friki Zozketa izango dira maiatzean.
Friki Harrotasunaren hilabetea egingo dute Donostiako Egiako liburutegian

Friki Harrotasunaren jaialdia egingo dute maiatzean Donostiako Egiako liburutegian. Maiatzaren 10ean emango diote hasiera egitarauari, mahai jokoen erauntsiarekin. Antolatzaileen hitzetan, "friki bat bera ere ez bere mahai jokorik gabe". Mahai-jokoekin arituko dira bertan biltzen direnak: Catán, Virus, Trivial, Dixit...

Rol jokoen bueltan arituko dira maiatzaren 24an. Partidak egingo dituzte auzoko gaztetxo, beterano eta bestelakoekin. Literatura aukeratu dute gaitzat. 

Bic boligrafoarekin kasetea birbobinatzeko mundu txapekelketa ere egingo dute: "Beso eta eskumutur boteretsuenak azkarrenak izateagatik borrokatuko dira. Uste zenuen Mendebaldeko azkarrena zinela? Kar-kar. Etorri eta erakutsi (ausartzen bazara). Sari frikiEgiak irabazteko aukera aparta!". 

Hilaren azken egunean, berriz, Friki Zozketa Handia egingo dute. Parte-hartzaileek liburutegiko opari esklusiboa irabazi ahal izango dute: hondartzako baloia.  Zozketarako txartelak hainbat bidetatik lor daitezke: lehena, liburutegiko "dokumentu frikiak" maileguan hartuta, hala nola telebista-serieak, komikiak, fantasiazko eta zientzia fikziozko liburuak, film fantastikoak eta horrelako lanak; bigarrena, Friki-Trivialean parte hartuz; eta hirugarrena, Poster-Frikietako pertsonaiak asmatuz. Dagokion txartelaz gain, parte-hartze bakoitzeko txapa bat emango dute, friki diseinu batekin apaindua. 

Ekintza guztiak 18:00etan izango dira. Honetaz gain, jarduera paraleloak ere izango dira hilabete osoan zehar. Jarduera horien bidez, Egia auzoko neska-mutilek liburutegia apainduko dute "frikien kanonek agintzen duten bezala" edota ordenagailu-joko txikien lehiaketetan parte hartuko dute.