Ethan Hawke, Donostia Saria Zinemaldian

Ethan Hawke, Donostia Saria Zinemaldian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ethan-hawke-donostia-saria-zinemaldian/@@download/image/f1_5842_1472042342.jpg
2016/08/24
berria
Ethan Hawke, Donostia Saria Zinemaldian
Donostia Zinemaldiak oparitxo bat dakarkigu! Sigourney Weaver aktorearekin batera, aurten Donostia Saria jasoko du Ethan Hawke aktoreak. GAZTEZULOk harekin amestu zueneko erreportajea duzue hemen!

Antzerkiaren xarmak erakarrita sartu zen zinemaren munduan Ethan Hawke. Princetongo McCarter Theater entzutetsuan eman zituen lehen urratsak interpretazioaren arloan. Ondoren, Londresko British Theater Association laudatuan eta Pittsburgh hiriko Carnegie Mellon unibertsitatean ere aritu zen ikasle. Zinema izar bihurtu arren, ez du inoiz antzerkiaren lilura ahantzi. New York, Chicago eta beste hainbat hirietako eszenatoki finetan ere biluzi baitu bere antzerki pasioa Hawke gazteak azken urteotan.

Zinemak egin du ezagun, ordea. Gazte-nerabea baino ez zela, "Explorers" filmean hartu zuen parte. Bertan, River Phoenix aktorearen adiskide min egin zen, eta zinemagile interesgarrienen arreta ere bereganatu zuen. Handik gutxira, arrakasta erdietsi zuen Peter Weir apartaren "Dead Poets Society" gazi-gozoan. Urte batzuk geroago, X Belaunaldiaren ikono bihurtu zen "Reality Bites" kultuko filmari esker. Winona Ryder aktoreari filmaren eszena batean egiten dion maitasun aitorpena X Belaunaldiaren ikur bilakatu zen: "Zigarro pare bat, kafe kikara bat eta solasaldi apurtxo bat. Hi eta ni, eta bost dolar. Hori dun behar diagun guztia".

Hawke gaztearen izarra, ordea, amatatuz joan zen apurka-apurka. Berarekin ahaztu egin zen-eta Hollywood. Maitasunaren ferekak gozatu zuen bere samina, baina. "Gattaca" pelikula filmatzen ari zela, Uma Thurman aktorea ezagutu eta harekin maitemindu baitzen. Irteten hasi eta berehala ezkondu ziren biak. Bi seme-alaba —Maya Ray eta Roan— izan dituzte elkarrekin. Iaz apurtu zuten, ostera. Hawkek Jennifer Perzow moda diseinatzaile kanadarrarekin izan zuen maitasun harremana ezagutu eta gutxira, dibortzioa eskatu baitzion Uma Thurmanek.
Izar iheskor izateari uzten ari zitzaion unean urtu zaio maitasuna Hawke poeta hilari. Duela hiru urte Oscar sarirako izendatu zuten estreinakoz "Training Day" filmean egindako lanarengatik. Aurten, zinema kritikarien konplizitatea bereganatu du "Before Sunset" sentiberarekin. Azkenaldian bakarrik edaten ikusi dute Ethan Hawke tabernaz taberna. Berarekin zigarro pare bat, kafe kikara bat eta solasaldi txiki bat partekatuko lituzkeen neskaren bila omen dabil.

Nortasun agiria:
Izena:
Ethan Green Hawke
Jaioteguna:
1970-XI-6
Jaiolekua:
Austin/Texas (AEB)
Adiskiderik onenak: 
Robert Sean Leonard eta Josh Charles aktoreak
Esaldi bat: 
"O, Kapitain! Ene Kapitain" ("Dead Poets Society")
Film gogokoena:
"One Flew Over the Cuckoo´s Nest" (Milos Forman)
Idazlerik kutunenak: 
Kerouack, Faulkner eta Denis Johnson
Bizio bat: 
Whisky eskoziar on bat lagun harturik idaztea
Maskota:
Katua
Maite ditu:
Maya Ray eta Roan seme-alabak
Gorroto ditu:
Bakardadea eta prentsa 'horia'
Zaletasunak:
Irakurtzea