Talde-lana

Talde-lana https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/03/22
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa @abaroa37
Talde-lana
Bai, astebururo entzuten ditugun berbak dira, kirolariek buruz ikasita dituztenak, kazetariek behin eta berriz berridazten dituztenak, kirolzalea ‘marmotaren eguna’ etengabe bizitzen ari dela sentiaraztera daramatzatenak. Eta hala izanik ere, ez dute berbok egiatik gutxiago; egia berdaderoa izaten jarraitzen dute.

Talde horietan aldaketak izan ohi dira urtetik urtera, bajak eta fitxaketak; eta jokalari batzuek urtetik urtera jarraitzen dute, etxea ondoen ezagutzen dute, berriei anfitrioi lana egiten diete. Fitxaketek ilusioa eragiten dute jarraitzaileengan, aurpegi berriek eragiten dute zirrara, ekartzen dute haize freskoa. Jarraitzaile batzuk izaten dira nostalgikoak, joan zirenak beti datozenak baino hobeak izan zirela uste dutenak. Pasa zirenak gogoratzen ditugu, jarraitzen dutenak mirestu eta datozenak babestu, lagundu. Baina guztien gainetik, taldea da momentu jakin bakoitzean inporta duena, taldea da partiduak aurrera ateratzen dituena, talde-lana da proiektua aurrera daramana. Jarraitzaileak badaki hori, eta horrexegatik babesten du taldea, jokalariak jokalari.

Eta kirol taldeetan gertatzen den horixe bera, edo oso tankerako zerbait, gertatzen da taldean lan egiten duen proiektu orotan. Batzuk badoaz, beste batzuk jarraitzen dute eta berriak datoz; eta proiektuak aurrera jarraitzeko, taldekide eta kolaboratzaile guztien arteko elkarlana eta jarraitzaileen, zaleen, lagunen, erosleen, ikusleen edota irakurleen babesa dira ezinbestekoak.

GAZTEZULOn ere aldaketak izan ditugu, batzuk bagoaz eta beste batzuk datoz, eta garrantzitsua izaten jarraitzen duena proiektua da, euskal gazteei euskarazko informazioa eta aisia eskainiko dien komunikazio proiektua. Eta proiektura ideia, gogo eta ilusio berrituekin datoz Aratz eta Zuriñe, Agurtzane, Saioa, Nagore eta Leirerekin batera hobea ezin izan den lan-taldea osatzera. Zorterik onena opa dizuet! Eta zuri, irakurle, taldea babesten jarrai dezazun eskatu nahi dizut, denon laguntzaz eta lanaz lortzen baitira garaipenak.