Sjón

Sjón https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sjon/@@download/image/idazlea_1449668321.jpg
2015/12/15
erreportajea
Testua: Peru Iparragirre @nomadagaldua
Sjón
Sjón gisa ezagunagoa den Sigurjón Birgir Sigurðsson (Reykjavik, Islandia, 1962) idazle eta poeta islandiarraren Argoren ezpala nobela itzuli du Juan Mari Mendizabalek, eta Pasazaite argitaletxeak argitara eman.




Hamabost urte zituelarik kaleratu zuen lehen poema liburua: Sýnir ([Ikuskerak] 1978). Medúsa talde neo-surrealistaren sortzailetako bat izan zen. Literatur-talde horrek surrealismo frantsesa punk kulturarekin batzen asmatu zuen, islandiar literatura hankaz gora jarriz. Hona hemen, beraien hitzetan, Medúsa taldearen osagaiak: "7 kilo irin, 23 gramo surrealismo, 13 gramo dada, koilarakadatxo bat punk, kilometro bat jasmin te eta 666 litro magia." Urte haietan ezagutu zuten elkar Sjónek eta Björk kantariak. Ordutik hainbat proiektutan parte hartu dute elkarrekin.

IRAKURRI BEHARREKOA


Oraingoz euskaraz irakur dezakegun bakarra da Argoren ezpala (Pasazaite, 2015) nobela. Bi itsas-bidaia kontatzen ditu, estilo neurtuan, besteak beste Rodaseko Apolonioren Argonautikoak epopeian eta Hrafn Valdimarssonen oroitzapenetan oinarriturik. Sjónen lanak hogei hizkuntza baino gehiagotara itzuli dira eta gaztelaniaz, frantsesez zein ingelesez irakur daitezke bere lanetariko batzuk, narratibakoak batez ere: Rökkurbýsnir (Maravillas del crepúsculo, Nórdica Libros, 2011) edota Skugga-Baldur (Le moindre des mondes, Rivage, 2007) adibidez.

AIPAGARRIA
Lars von Trier zinemagileak zuzendu eta Björkek antzeztutako Dancer in the Dark (2000) drama musikalerako I’ve Seen It All kantaren hitzak idatzi zituen; Oscar sarietan abestirik onenaren sarirako izendatu zuten. Oraindik ere Islandiako musika munduan sartuta jarraitzen du Sjónek, Sigur Rós bezalako taldeen zigilu den Smekkleysa (Gustu txarra) diskoetxean parte hartzen duelarik.

Jaso aldizkaria

Urtean 25€

Kultur apur batek ez dizu kalte egingo. Zauden tokian zaudela jaso GAZTEZULO

Harpidetu