Okupatu! Ekoitzi! Eutsi!

Okupatu! Ekoitzi! Eutsi! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/okupatu-ekoitzi-eutsi/@@download/image/mst_logoa_1434007999.jpg
2015/06/11
erreportajea
Testua: Antxoka Agirre. Argazkiak: David Lopategi eta Begoña Zalbidea.
Okupatu! Ekoitzi! Eutsi!
Milioi erditik gora familia dira. Latifundista handien erabili gabeko lurrak okupatu eta haziak ereiteari ekiten diote. Plastiko beltzez estaliriko txaboletan bizi dira, eta plastiko beltzarekin eskola, liburutegia, haurtzaindegia edota botikina eraikitzen dituzte inguruan. Brasilgo Movimento dos Traballhadores Rurais Sem Terra (MST) herri mugimenduen eredu bihurtu da munduan.


Herrialde gutxi egongo da munduan Brasil baino lur emankor gehiago dituenik, besteak beste, 8,5 milioi kilometro karratu eta klima bikaina dituelako. Baina, hala ere, munduan ezagutzen den lurrik gabeko nekazarien mugimendu handiena suertatu da bertan. Esplikazio bat bilatzen hasita, esan beharko da, kolonia ohiekin gertatu ohi den bezala, Brasilen esportaziora bideratu izan direla lurrik gehienak. Ipar Amerikan edo Europan saltzen diren produktu jakin batzuen lanketarako erabiltzen dira, eta geroz eta esku gutxiagotan, Monsanto, Sygenta, Nestle, Bunge, Bayer, Dupont edo Cargill bezalako multinazionalenetan edota Brasilgo oligarkia osatzen duten lurjabe handien familienetan, pilatzen joan dira. Eta esan beharko da, baita ere, prozesu honek nekazal populazioaren jaitsiera –%40 azken 20 urteetan– eta pobretzea –%42ko pobrezia tasa, hirietakoaren bikoitza– ekarri dituela.

Latifundioen presioaren aurrean euren lurrak utzi beharra izan dute milaka nekazarik, edo nekazari txikiek euren seme-alaba guztiei banatzeko lain ez dute izan. Batzuk hirietara aldatu eta ez dira moldatu, beste batzuk ez dute aldatu nahi izan… Horrela, lur zati bat lortzeko eta Nekazal Erreforma bat bultzatzeko borrokak indar handia hartu du Brasilen azken hamarkadetan.

MST 1984an sortu zen. 30 urteko ibilbidean, herrialdeak dituen 26 estatuetatik 24tan sustraitzea lortu dute, 1.200 udalerritan ireki dute kanpamendu edo asentamenduren bat, eta 530.000 familia bildu dira mugimenduaren baitara. Bestalde, helburuak lortzeko ere sekulako gaitasuna erakutsi dute: lurrak okupatu dituzten 380.000 familiaren egoera legeztatzea lortu dute.

Terra e Vida
Apirilaren 8tik 19ra euskal ordezkaritza bat egon ginen Brasilen bertako Via Campesinaren hainbat esperientzia ezagutzen. Tartean, Passo Fundoko Terra e Vida kanpamendua bisitatzera eraman gintuzten, Rio Grande do Sul estatuan.
Kanpamendua legeztatu gabeko okupazioa da. Kasu honetan 80 familiak osatzen dute, eta dozena erdi bat lagunek egin ziguten harrera. MSTko kanpamenduen ikurretako bat txabolak plastiko beltzez eraikitzea da, eta tankera horretako hiruzpalau ilara luze aurkitu genituen, tartean egur errautsen aztarnak, herdoildutako kotxeren bat, batetik bestera presaka zebiltzan oilasko bakan batzuk edo txabola atarietan bildutako aulki hutsak ikus zitezkeelarik. Panorama horren aurrean, hasiera batean apur bat deseroso senti daiteke bat norbere zuritasunarekin, argazki kamerarekin eta galtza motzetan eta MSTko bisera gorria jantzita jarri zitzaigun Boy Scout pintarekin. Baina berehala alde egiten dute tontakeria horiek burutik.

Sendabelarren ortu txiki bat erakutsi ziguten eta osasun alorra nola antolatuta duten esplikatu. Bukaerarik ikusten ez zitzaion arto sail bat ere ikusi genuen, eta produktu kimikorik gabe lan egiteko hautuaz eta moduaz aritu ziren. Tipula eta mandioka ereindako sail handi bat ere erakutsi ziguten. Horretan ari ginela telebista kamerak azaldu ziren; kanpamendua botatzeko agindua emana zuen epaileak eta irudi batzuk grabatzera etorri ziren nonbait, polizia une batetik bestera azal zitekeela espero baitzuten.

"Biltzeko txoko bat geneukan, baina duela pare bat aste sekulako ekaitza izan genuen eta haizeak eraman zigun" esplikatu ziguten. Ekaitz horrek haurtzaindegia eta liburutegi txiki bat ere behera bota zituen; "badirudi luze gabe alde egingo dugula hemendik, eta horregatik ez ditugu berreraiki". Pare bat dozena lagun gehiagori eman genion eskua, tartean haurrak ere bai, eta Joao eta Rosaren testigantzak ezagutu ahal izan genituen jarraian. "Urtegi bat egiteko kendu zizkioten lurrak gure familiari, eta ez ziguten inolako kalte ordainik eman. Duela hamar urte gertatu zen, eta ordutik lau kanpamendutan bizitzea tokatu zait, beti batetik bestera, beti botako gaituztenaren mehatxupean" kontatu zuen Joaok, ahitu itxurako MABeko beteranoak. Rosak, aldiz, hamar bat urte gutxiago ditu, 50 bat, eta bestelako istorioa: "Denda txiki bat nuen hirian, baina semeak okupatzera zetozela jakin nuenean eurekin etorri nintzen. Nekazari familia batekoa naiz, hala sentitu izan naiz beti, eta ez dut besterik eskatzen: lur zati bat". Kanpamenduak urtebete zeukala kontatu ziguten, hilabeteak pasa zituztela okupazioa prestatzen, botatzen zituztenerako bazutela beste eremu bat aukeratua berriro okupatzeko…

Euskal ordezkaritzan Ernaiko kide bezala parte hartu duen Endika Perezek honela gogoratzen du esperientzia: "Zertan ari diren oso argi dute, eta kanpamenduko egoera gordina bada ere, borrokarekiko euren konpromisoak pertsona aske egiten ditu. Eredu bat dira". Bilgune Feministaren ordezkari bezala bertaratu zen Saioa Iraolari kanpamenduko kideen ideologizazio maila suertatu zitzaion deigarrien: "MSTk formazio sare indartsu bat dauka antolatuta eta nabari da funtzionatzen duela; kide xumeenek ere analisia, diskurtsoa, konpromisoa erakusten dute".

Besarkadak, ikurrinaren bat opari, aurreskua… Gure emozioa ikusita eurak ere animatu eta taldeko argazkia ateratzerakoan hainbat kontsigna entzun ziren ozen: "Okupatu! Ekoitzi! Eutsi! Okupatu! Ekoitzi! Eutsi!"; "Globaliza dezagun borroka! Globaliza dezagun esperantza!".

Asentamenduak
Epaileak ez dio beti lurjabeari arrazoia ematen. Brasilgo konstituzioaren arabera, lurrek euren funtzio soziala bete ezean, alegia, produkziora bideratu ezean, desjabetu egin daitezke, eta hainbatetan, koiuntura politikoa, okupatzaileen borroka eta abarren arabera, usufruktuan ematen dizkiete okupatzaileei. Legeztatutako kanpamendu horiei asentamendu deitzen zaie.

Guk Dorado do Sul, Viamao eta Nova Santa Ritakoak bisitatu ahal izan genituen, Santa Catarina eta Rio Grande do Sul estatuetan, eta lehen begiratutik nabari zitekeen, kanpamenduekin alderatuta, beste mundu bat zela hura: etxe txukunak, zentro kulturala, futbol zelaia, lanerako dezenteko azpiegiturak, makinaria aurreratua…

Ikusi genituen hiru asentamenduek kooperatiba moduan funtzionatzen dute –60 kooperatiba eta antzeko beste 100 elkarte ditu MSTk–, ehuneko handi batean lurrak modu komunalean landuz, eta komunitate bizitza mantenduz. "Bizi maila hobetzen dute, baina antolatuta segitzen dute. Borroka ez da bakarrik lurra berreskuratzeko, jendartea eraldatzeko baizik" azpimarratu du Maitane Cabezak, Brasila Bizilur elkartetik etorri zenak. 

Nova Santa Ritan, arroz organikoa ekoizteko eraiki duten muntaia guztia erakutsi eta esplikatzeaz gain, eta arroz-soroan ilunabar ezin ederrago batez gozatu ondoren, bertako buruzagiak, Maicok, bere bizi istorioa kontatu nahi izan zigun. "Bost seme alaba ginen eta zaharrenarentzat bakarrik zegoen lurra gurasoen etxean. Bigarren batek ingeniaritza agronomoa ikasi zuen eta enpresa batentzat egiten du lan, baina beste hirurak okupatu beharrean aurkitu gara" hasi zen. 1989an hartu zuen parte lehen aldiz kanpamendu batean: "1.500 familia batu ginen Alto Uruguay kanpamenduan. Okupazio historikoa izan zen, gertatu den handienetarikoa".  Hurrengo bost urteetan lau okupazio eta lau kanporatze bizi izan zituen: saiakera batetik bestera 300-400 kilometroko distantziak, instituzioen aurrean protestak, poliziaren errepresioa, tirokatuta hildako kideren bat…

"Gogorra. Eta gogorra baita egunerokoa ere. Askotan urik ere ez geneukan, saneamendu arazoak…" jarraitu zuen. Kontatu zuenez, prozesua oso dinamikoa da, askok bidean uzten dute eta jende berri mordoa ere batzen da. Zenbaitetan gobernuak lurren bat ematen die eta zozketa bidez banatzen dute euren artean; alor ezberdinen ardura hartzen duten talde ezberdinetan antolatzen dira (osasuna, hezkuntza, elikadura, segurtasuna…) eta ardura horiek txandakatuz joan ohi dira. Orain asentaturik dauden lurra okupatu zutenekoa ere ez dauka ahazteko: "94an izan zen. Hilabeteak pasa genituen prestatzen eta 2.000 lagun batu ginen. Gauerdian egin genuen hitzordua, polizia azaltzeko arriskua gutxitzearren, eta hamabi kilometro egin genituen baso eta zelaietan barrena, isiltasunean. Ibaia zeharkatzea ere tokatu zitzaigun".

Istorio hunkigarri mordoa entzun ahal izan dugu asentatuen ahotik. Viamaoko emakume taldearekin izandako berriketa, esaterako, polita izan zen oso. Kanpamenduak altxatzen lehenengo eta asentamendua martxan jartzen ondoren, borroka asko egindakoak ziren, baina beste hainbeste kostatu zitzaien emakume bezala lurraren ustiaketan parte hartzea, mugimenduan euren tokia lortzea edota euren ingurua parekidetasunean heztea. Hainbeste izerdirekin lortutako garaipena zelako, ziurrenik, sekulako bizitasun eta umore onez kontatzen zuten euren historia. Euskal Herriko elikadura burujabetzaren aldeko Etxalde mugimenduaren emakume taldearen zapi moreak oparitu genizkienean, adibidez, irribarre bihurria sortu zitzaien: "Hurrena Monsantoren laborategiak txikitzera goazenean zapi hauekin estaliko ditugu aurpegiak".

Porto Alegreko azoka ekologikoan topatu genuen bikote batek eurek egindako ogia oparitu zigun, eta haiei ere dirdira berezia nabari zitzaien, bere burua aurrera ateratzea lortu duen borrokalari petoarena: "Kanpamenduetan geundenean askotan ez geneukan ahora eramateko ogirik ere, eta geure buruari zin egin genion egunen batean, lur zati bat lortzen genuenean, geuk egindako ogia salduko genuela; edo oparitu".

Informazio gehiago
viacampesina.org
mst.org.br
mpabrasil.org.br
mmcbrasil.com.br         
mabnacional.org.br
bizilur.org
ehnebizkaia.org
Bide Berriak dokumentala.

Euskal ordezkaritza Brasilen



Etxalde, EHNE-Bizkaia eta Bizilurren ekimenez, eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Europar Batasunaren finantziazioaz, euskal ordezkaritza bat Brasilen egon gara elikadura burujabetzaren inguruan garatu dituzten esperientzia batzuk ezagutzen. EHNE-Bizkaia, Etxalde, Bizilur, ELA, LAB, Bilgune Feminista, Ernai, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, Udalbiltza eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek, eskualde eta udalen garapen agentzietako teknikariek eta EHUko Soziologia eta Kazetaritza Sailetako kideek osatu dugu ordezkaritza. Brasilen bertako Via Campesinako Movimento dos Trabalhadores Rurais Sem Terra (MST), Movimento dos Atingidos por Barragens (MAB), Movimento de Mulheres Camponesas (MMC) eta Movimento dos Pequeños Agricultores (MPA) izan dira etxean bezala hartu gaituztenak.

Via Campesina munduko mugimendu sozialik handiena da, 200 milioi nekazari txiki eta ertain biltzen dituena. Lau urtean behin mundu mailako konferentzia bat ospatzen dute eta Belgikan, Mexikon, Indian, Brasilen, Mozanbiken eta Jakartan egin ondoren, Euskal Herrian tokatzen da hurrena, 2017an. Topaketa garrantzitsu hori prestatzen haste aldera suertatu da Brasilgo esperientzia hau.