Nahia Quincoces: "Teknikarik gabe ezinezkoa da lasterketetan ondo ibiltzea"

Nahia Quincoces: "Teknikarik gabe ezinezkoa da lasterketetan ondo ibiltzea" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nahia-quincoces-teknikarik-gabe-ezinezkoa-da-lasterketetan-ondo-ibiltzeaquot/@@download/image/nahia_quincoces_1399271624.jpg
2014/05/05
elkarrizketa
Testua: Aitor Abaroa. Argazkiak: Nahia Quincoces
Nahia Quincoces: "Teknikarik gabe ezinezkoa da lasterketetan ondo ibiltzea"
Hiru urte baino ez dira Nahia Quincoces (1983) mendexarra mendi eski lasterketetan lehiatzen hasi zela, baina dagoeneko gorengo mailara iritsi da; Formigalen Espainiako txapelketa irabazi zuen, eta Luz Ardidenen (Frantzia) egiten den AltiToy-Ternua lasterketa entzutetsuan ere lehena izan zen helmugan, Amets Maiztegi kidearekin.


Noiz eta nola hasi zinen mendi eski lasterketetan?
Euskal Herriko Mendi Federazioak trabesiako eski stage edo ikastaro batzuk antolatzen ditu, eta animatu egin nintzen. Egindako hirugarren stagean Amets Maiztegi ezagutu nuen, eta Andoni Areizagak animaturik, duela hiru urte lehenengo lasterketa lehiakorra egin nuen. Zenbat eta gehiago praktikatu, orduan eta gehiago engantxatzen zara, eta aurten jada serio hartu dut.

Labur esanda, zein modalitate daude eta zein dira bakoitzaren ezaugarriak?
Hiru modalitate daude: esprintak, kronoigoerak eta phikolasterketak. Esprintak zirkuitu laburretan izaten dira, eta zati batean esprintatu egiten da, beste zati bat eskiak motxilan dituzula egiten da eta amaitzeko jaitsiera laburra. Kronoigoerak behetik gorako lasterketa izaten dira. Eta ohiko lasterketek aldapa gora zein beherako zatiak izaten dituzte, eta normalean, kranpoiekin igo beharreko zatiren bat izaten dute, korridore edo mendi-ertzen bat.

Zein duzu gustukoen eta zergatik?
Ohiko lasterketak gustatzen zaizkit gehien, norberak igotako mendia jaisteko aukera ematen dutelako. Eskian jaistea beti da askoz gozagarriagoa. Banakakoak zein binakakoak gustatzen zaizkit, eta nahiago ditut luzeak laburrak baino.

Zein luzerako lasterketak izaten dira?
Luzera neurtu beharrean, desnibel metatua neurtzen da. Nesken kasuan, banakako lasterketek 1.500 metroko desnibela izaten dute gutxi gorabehera, eta binakakoek, 2.000-2.500 metro ingurukoa.

Lasterketa hauetan zer da garrantzitsuagoa, eskiatzaile teknika ona izatea ala fisikoki ondo prestatuta egotea?
Teknika onik gabe ezinezkoa da lasterketetan ondo ibiltzea, fisikoki asko entrenatu arren. Teknikak berebiziko garrantzia dauka. Eta materialak ere bai, material arina eta teknikoa erabiltzen dugu, eta emaitzetan eragin zuzena du.

Martxoan Espainiako Mendi Eski Txapelketa irabazi zenuen Formigalen. Egin duzun lasterketarik onena izan da?
Banakakoen artean bai, gusturen egin dudana. Fisikoki zein teknikoki gauzak primeran atera zitzaizkidan, eta gainera, lehenengo postuetan sailkatu ginenon artean lehia estua izan zen, lehenengo batzuk aurretik, gero besteak... eta horrelakoetan guztia eman duzunaren sentipenarekin geratzen zara. Hala ere, sentipen gazi-gozoa izan nuen, helmugara iritsi osteko material kontrolean konturatu bainintzen kranpoiak bidean galdu nituela, eta denbora penalizazioaren ondorioz, sailkapenean hirugarren postura jaitsi nintzen. Dena dela, hau hobby bat da, eta lehenengo edo hirugarren egin, ez du askorik inporta. Beno, beti nahiago lehenengo egitea, ezta? Baina garrantzitsuena norbere lanarekin gustura geratzea da.

Kirol honetan gure inguruko probarik entzutetsuenetakoa den AltiToy-Ternua ere irabazi zenuen Amets Maiztegirekin batera.
Proba oso berezia izan da betidanik, Pirinioetan dagoen prestijiotsuenetakoa. Lasterketa luzea da, eta baldintza onak badaude, mendiko ibilbidea zoragarria da, oso teknikoa eta paisaia ikusgarriak dituena. Eta aurten, are hunkigarriagoa izan da, lasterketaren sustatzaile nagusia, Andoni Areizaga, beste hiru lagun mendizalerekin batera iazko urrian auto istripuan hil baitzen, eta omenaldi kutsua izan du aurten lasterketak.

Laterketa hori binakakoa da. Elkar ondo ulertzea garrantzitsua izango da, ezta?
Fisikoki antzerako egoeran izatea lagungarria da goranzkoan, eta beheranzkoan teknikoki antzerako maila izatea ere bai. Baina elkar ondo ulertzea da garrantzitsuena, bat psikologikoki makal dagoenean besteak animatzea, materialarekin arazoak ditugunean elkar laguntzea... horrek lasterketa are politagoa egiten du. Esango nuke alpinismoak jatorrian duen filosofia duela binakako lasterketak, kordada edo lantaldearena; norberak igotzen du mendia, baina lana taldean egiten da.

Lasterkako mendi probetan ere aritzen zara. Zer dute eski probek lasterkakoek ez dutenik?
Elurra, batez ere mendian, betidanik gustatu izan zait, eta eskiak duen alderdi teknikoa eta material berezituaren erabilera oso erakargarriak iruditzen zaizkit. Eta, batez ere, mendia igo ostean eskiatzen jaisteak eragiten duen plazera itzela da.

Euskal Herrian modan daude lasterkako mendi probak. Eski probetan ere badago zaletasuna?
Bai, gero eta gehiago. Nahiz eta elurra urrun samar geratzen zaigun, gero eta gehiago gara lasterketetan parte hartzen dugunak, eta maila ere gora doa. Bestetik, mutilekin alderatuta, neskak gutxiago gara, baina pixkanaka animatzen ari gara. Eta batez ere, gazteak oso gogotsu datoz, eta lasterketeten emaitza onak lortzen ari dira.

Gure inguruan eski estazioak itxita daude. Denboraldia amaitutzat ematen duzu?
Pirineoetako lasterketak amaitu dira. Eta Alpeetan bakanen bat geratzen da. Hala ere, gure kasuan eski estazioak itxita egoteak ez du praktika baldintzatzen. Elurra badago, guk eskiatzen jarraitzen dugu. Eta oraintxe daude ziurrenik mendi-eskia egiteko baldintzarik onenak .