Mikel Rueda: "“Saturraranen bahitutako umeez apenas dakigu ezer”"

Mikel Rueda: "“Saturraranen bahitutako umeez apenas dakigu ezer”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mikel-rueda-quotsaturraranen-bahitutako--umeez-apenas-dakigu-ezerquot/@@download/image/2010924404mikel_1361958772.jpg
2010/09/03
elkarrizketa
Testua: Aitor Abaroa
Mikel Rueda: "“Saturraranen bahitutako  umeez apenas dakigu ezer”"
Mikel Rueda 30 urteko zuzendari bilbotarraren lehen film luzea, 'Izarren Argia', Donostiako Zinemaldian estreinatuko da, Zabaltegi Zuzendari Berriak sailean. Barbara Goenaga, Estibaliz Gabilondo eta Sara Cozar dira aktoreetako batzuk. Kursaal inguruetako zoramena aurreikusirik, ondo merezitako oporretara joan da zuzendari bilbotarra. Bidean jarri aurretik, baina, GAZTEZULOrekin egoteko tartea hartu du.

Ekozipen euskaldun batentzako plazarik onena izango da, ezta?
Zalantzarik gabe. Munduko zinema jaialdirik handienetakoa dugu eta etxekoa. Aukeratuak izateak, gainera, Euskal Herrian kalitateko zinea egin daitekeela erakusten du. Espero dut filma Zinemaldian estreinatzeak jendea bertoko ekoizpenak egitera animatzea.

Saturrarango kartzelan jazotakoa isilpetik atera beharra ikusi duzu.

Saturraran inguruko herrietako jende askok ere ez daki gertatutakoa. Espainiako gerra zibilaz asko dakigu, hemendik Hegoamerikara bidali zituzten umeez, edota Argentinako diktaduran galdutakoez. Baina Saturraranen bahitutako umeez apenas dakigu ezer. Francoren ideologo zen Vallejo doktorearen teorien arabera, guraso komunistengandik seme-alabak banatuz gero, komunismoa akabatuko zuten. Beraz, emakumeei umeak kendu eta familia frankistetan adopzioan ematen zituzten. Uste dut Izarren argia kontatu beharreko istorioa dela, han gertatutakoa jakitera eman eta ahaztu ez dezagun.

Zer izan da filma zuzentzerakoan zailena?

Neutraltasuna mantentzea. Adibidez, ez dut manikeismoan erori nahi izan, emakume presoak onak zirela eta mojak txarrak esanez. Elizaren gehiengoa frankisten alde lerrokatu zen, baina moja batzuek zalantzak zituzten egiten ari zirena ondo ote zegoen; are gehiago, filmean ikus daitekeen legez, abitua utzi zuten mojak ere izan ziren.

Errodajeko anekdotaren bat?

Beno, filma drama gogorra da eta behin baino gehiagotan figurazioko jendearekin gertatu zaigu, batez ere adin batetik aurrerako emakumeekin, eszenarik gogorrenetan, umeen bahiketetan adibidez, negarrez hasi izana. Horrek gauza bat dakarkit gogora. Dokumentazio lanetan elkarrizketatutako emakumeetako batek zera esan zidan: "Negar egiteari utzi eta emakume horiek  ez ahaztea da egin behar duzuena". Uste dut horretarako balio izango duela filmak.

Baina pozgarria izango da etxean zure lehen filma erakustea.
Bai, noski. Zinemaldira txikitatik eraman izan naute gurasoek. Gero neure kontura joaten hasi nintzen eta akreditazio faltsuak ere egindakoa naiz, hoteletan sartu eta zuzendariekin hitz egin ahal izateko. Beraz, niretzat amets bat da lehenengo filmarekin Donostian egotea. Inoiz ez nuen pentsatu film luze bat egiteko aukera izango nukeenik, eta begira, orain, Zinemaldian erakutsiko dut.

Oker ez banago, Zinemaldiarekin lanean jarraitzeko aukera agertu zaizu gainera?

Hala da. Nire bigarren proiektua aurrera eramateko aukeratuak izan gara Zinemaldian, koprodukzio eran. A escondidas izango du izenburu. Zine industrian gauzak dauden moduan egonik, Baleukoren laguntzaz gain beste ekoiztetxe batzuen laguntza izatea oso garrantzitsua da.

Historia ofizialak erakusten duenaren aurka, emakumeek ere asko sufritzen dute gerran, ezta?

Zalantzarik gabe. Gainera, Saturrarango kartzelan gertatu zen legez, edozein maila sozialeko eta idea politikodun emakumeak izan ziren kartzelaratuak. Batzuk komunistak zirelako, beste batzuk senar komunistak zituztelako baina asko momentu hartan handik pasa zirelako. Eta seme-alabak eurekin batera. Eta emakume hauek ezer izan gabe, etorkizunik beltzena aurrean izan arren, bizitzen jarraitzen ikasi zuten, adibidez, gutun soil bat heldulekutzat hartuz.

Zerk abreastu zaitu gehien?

Aktore talde honekin lan egin izana. Hasieran beldur pixka bat nuen, filma euskaraz izanik zail ikusten nuen 30 bat emakumezko aktore on aurkitzea. Batez ere, nik pertsonaia bakoitzarentzako egoki ikusiko nituzkeenak. Baina, harrituta geratu naiz, aktore bikainak ditugu hemen. Gainera, lagun-talde bat izan da, eta garrantzitsuena: istorioa egiz janztea lortu dute eta hori niretzako oso pozgarria da.