Les Marines DJ: "Dena da pintxablea"

Les Marines DJ: "Dena da pintxablea" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/02/10
elkarrizketa
Les Marines DJ: "Dena da pintxablea"
Maria Ugartetxeak (Eibar, 1983) eta Ines Garciak (Zarautz, 1986) euren izenak elkartzetik sortu dute Les Marines Dj izena. Zaletasuna dute musika entzun eta jartzea, eta ondorioz, ez dute atsedenik hartu azken urtean; Zarautzen, Bilbon, Ondarroan, Donostian, Azpeitian eta Orion izan dira. Eta beste hainbat plaza
musikatzeko gogoz daude!

Marinelen atzera, musika uhinak nabigatzen dituzue? Nabigatu baino gehiago, sentitu eta bertan ‘murkil’ egitea gustatzen zaigu.

Nola erabaki zenuten oholtzara igotzea? Errege magoek ekipoa oparitu zioten Mariari, biok etxeko binilo zaharrak bildu eta denbora gutxira Zarauzko Garoa liburu dendan ginen musika jartzen.

Zer sentitzen duzue talaia hortatik begira? Urduritasuna, baina laster hasten gara disfrutatzen. Gogoko duguna jartzen dugu; garrantzi handia ematen diogu jendeak dantza egin eta ondo pasatzeari.

Nola egiten duzue musika arrantza? Denbora asko pasatzen dugu batu ditugun biniloak entzuten, baita Interneten ere. Shazam aplikazioari ere eskerrak ematen dizkiogu noizean behin.

Noren kantak ez zenituzkete sekula jarriko?
Dena da pintxablea. Egoeraren arabera moldatzen gara; egunez kanta lasaiak jartzen ditugu, gauez, berriz, dantzagarriak.

Eta norenak ezin dira zuen ‘playlist’-ean falta?
The Rapture, Arcade Fire, Black Lips, Disclosure, Cut Copy, Jaques Dutronc, The Smiths, Lou Reed, New Order, Bonobo… dira gure kuttunenak.

DJ-ari gustuko duzun kanta eskatu behar zaio? Gauza bat da kanta bat behin eskatzea, bestea, dj-a kantak jartzera behartzea. Orokorrean, nahiago dugu jendeak kantarik ez eskatzea.

Zer behar du DJ on batek? Musikaz gain, giro berezia sortzea asko estimatzen dugu guk.

Zein kantarekin nahastuko zenukete Kaxianoren ‘Itsasontzi baten’?
Kraftwerk-en Die Modele-rekin, adibidez.

Biniloa edo mp3-a? Biniloek errituala dute, eta soinua ere goxoagoa iruditzen zaigu, baina formatu digitala asko erabiltzen dugu.

Norekin gustatuko litzaizueke kartela konpartitzea? Dan Deacon-ekin oso dibertigarria izango litzateke.