Julen Hernandez 'Youtuberra'

Julen Hernandez 'Youtuberra' https://www.gaztezulo.eus/albisteak/julen-hernandez-youtuberra/@@download/image/holajulen_05_1467359916.jpg
2016/07/14
elkarrizketa
Zuriñe Maguregi @zmaguregi
Julen Hernandez 'Youtuberra'
"Nahiago nire nagusia izan esplotatzen gaituzten enpresak finantzatzea baino"


Julen Hernandez, 23 urte, donostiarra. Kazetaritzan lizentziatua eta erreportaje hau idatzitako momentuan, 99.811 jarraitzaile dituen ‘Holajulen’ izeneko Youtube kanalaren sortzailea. Bere burua tipo normaltzat hartzen badu ere, Euskal Herriko youtuber arrakastatsuenaren egunerokotasunak ez du bere adineko gazteek duten bizimoduarekin zerikusirik. Kafe bat hartzeko zita lotu dugu lehenengo orduan, ileapainegira joan aurretik.

Nolakoa izango da zure gaurko eguna, Julen?
Ba gaurkoa nahiko egun lasaia izango dela esango nuke. Azken lau egunetan Donostian, Bilbon, Madrilen eta Amsterdamen izan naiz. 12:00etan ileapandegira joango naiz, amarekin etxean bazkaldu, eta arratsaldean txango bat egingo dut izeba eta osabarekin Kiabi arropa dendara. Aurreko hilean arropa marka honekin kolaboratzen hasi nintzen eta sei hilabeteko hitzarmena sinatu nuen.

Zertan datza halako kontratu bat?
Datozen hilabeteetan 24 argazki zabaldu beharko ditut nire Instagram eta Twitter kontuaren bidez eta bestalde, hilean bideo bat holajulen kanalean eta beste bi bideo extrajulen izeneko bigarren kanalean publikatuko ditut. Gainera, Snapchaten pare bat istorio zabaldu beharko ditut hilero.



Jesus! Ta zer jasoko duzu ordainetan?
Kiabira joango naiz, nahi dudan arropa guztia hartuko dut eta argazkiak aterako ditut gero. Hau egin nuen azkenengoan, Madrilgo dendan, 524€tan baloratutako arropa eraman nuen etxera debalde. Gaur kamisetak, alkandorak eta jertseak hartuko ditut. Izeba, ama eta osaba jakinminez daude, nirekin etorriko dira egingo dudana benetakoa ote den ikusteko.

Zure lanaldiak ez du ordutegi zehatzik izango... Zer egiten duzu Youtubeko hurrengo bideoan zer kontatuko duzun pentsatzen ez zaudenean?
Ez dut sekula deskonektatzen. Nahiko nuke baina ezin dut. Ni neure nagusia naiz eta egunez egun lana sortu behar izaten dut. Agian datorren astean nitaz aspertuko dira beraz, audientziak nahi duena eskaintzeaz arduratu behar naiz. Gehien deskantsatzen dudan momentua Donostian nagoenean izaten da.

Zure izen propioa eta artistikoa bat doaz. Zaila izango da zure pertsonaiatik deskonektatzea...
Bideoak egiten joan naizen heinean, holajulenek erakutsi ditu Julenek egiten ez dituen gauzak. Bertsio hobetua da, gabezirik gabekoa. Ni benetan oso urduria eta lotsatia naiz eta jende berria ezagutzea lotsa ematen dit. Holajulen kanalari esker beldur hauek galtzen joan naiz.
Dena den, batzuetan egoera gogorrak ematen dira... Aurreko hilean nire amona hil zen eta hiletara gindoazela, jarraitzaile batzuk argazki eske gerturatu zitzaizkidan. Besarkada bana eman eta argazkia atera nuen irribarretsu. Nahiago dut denborarik ez galtzea azalpenak ematen, haiek ez dute nire bizitza pertsonalean gertatzen zaizkidan gauzen errurik eta.



Nolakoa da jarraitzen zaituen publikoa?
Gehienbat, 18-24 urte bitarteko gazteak izaten dira. Bigarren adin tartea 13-17koa da. Generoaren aldetik, neska gehiago jarraitzen naute mutilak baino eta gehienak Espainiakoak dira; baita, Argentina, Txile eta Mexikokoak ere. Duela gutxirarte Youtube gauza frikiak ikusteko plataforma bezala hartzen zen. Orain, ordea, gauza pila ikasteko balio duela ohartzen hasi da jendea.

Beraz, informazioa kontsumitzeko moduak aldatu direla igarri duzu?
Bai, erabat. Horrek ez du esan nahi gazteek irakurtzeko gogoa galdu dutenik, informazioa eskuratzeko beste formatuak erakargarriagoak iruditzen zaizkiela baizik. Gaur egun adibidez, jendeak bidaiatu nahi badu, ez ditu hiru Lonely Planet gida erosiko, bideoak ikusita behar duen informazio guztia izango du momentuan.

Noiz jabetu zinen zure bizitza kontatzea negozio bilakatu zitekeela?
Lagun bat dut egunkari batean praktikak egiten eta hilean 600 euro irabazten ditu. Aurreko astean 12 egun jarraian lanean eman zituen. Orokorrean lan mundua konplikatua da baina enpresa asko langileok dugun beldurraz aprobetxatzen dira. Nik ez dut egoera hau aurrera egiten lagundu nahi beraz, hilean 600 euro irabazteko, nahiago nik neuk egiten dudan lanarekin irabazi eta ez esplotatzen gaituzten enpresak finantzatuz. Gai honek bereziki sutzen nau, lapur asko gutaz aprobetxatzen direlako.
Azaroan autonomotan eman nuen alta eta ordutik buru belarri eta pozik nabil nire proiektuan.



Zerk ematen dizu dirua negozio honetan? Marken publizitateak?
Bai, jendeak esaten du youtuberra naizela baina Haziendari galdetuta publizista naiz.
Youtuben audientzia onak izanez gero, markek zugan interesa dutela adierazten dute eta zure kanalean iragarkiak jartzen dituzte. Dena den, hortik oso diru gutxi irabazten da. Hilabetean soldata txiki bat ateratzeko, gutxienez 5 milioi bisita izan beharko nituzke eta nik 200.000 izaten ditut, batez beste. Horrek ez dit ematen ezta egunean kafe bat hartzeko ere.
Horregatik beste kolaborazio mota batzuk egiten ditut, betiere nire kanalarekin lotutakoak.

Markaren bati ezetz esan al diozu?
Bai, duela gutxi txokolatezko opil batzuen iragarkia grabatzeari uko egin nion, nahiz eta oso ondo ordaintzen zuten. Nire bizitza estiloa osasuntsua izatea saiatzen naiz eta gainera, gaur egun obesitatearen inguruan arazo handia dago. Produktu mota hauek gantz pila dute eta gazteei ez dizkiet halako eredurik eskaini nahi. Adingabeekin bereziki, kontuz ibili behar da.
Ez ditut nire bizitzaren filosofiarekin bat egiten ez duten produktuak sustatuko. Hilabete batzuk daramatzat dieta begetarianoa jarraitzen eta momentu honetan ez nuke Eusko Labelen iragarkirik egingo, adibidez.

Iraungitze-datarik ikusten al diozu youtuber izateari?
Ez diot amaierarik ikusten. Youtuben leku alternatiboak sortzen jarraituko dute eta nire lana egoera berrietara moldatzen jarraituko dut. Ez dakit nora eramango nauen bide honek eta ez zait gustatzen etorkizunean pentsatzea. Oraingoz pila bat disfrutatzen ari naiz eta kitto.

Jarraitzaileez gain, nortzuk dira zure hezur-haragizko lagunak?
Donostian betiko txikitako kuadrilla dut. Madrilen Youtubeko lagunak, baina benetako lagunak dira.

Nola daramazu kritika?
Oso lasai bizi naiz, apenas ez dudalako kritikarik jasotzen. Youtuberrak prostitutak garela esan izan didate, baina nik dena deklaratu egiten dut.
Zer esango zenioke youtuber munduan hasi nahiko lukeen norbaiti?
Ekiteko, dudarik gabe. Hasi aurretik plan bat edukitzea komeni da: zer nahi duen eta zertarako. Dena den, interneten ibiliz ikasten da, ni duela lau urte hasi nintzen eta hasierako bideoak pribatuan ditut, erakusteak kriston lotsa ematen didalako. Mundu honetan sartu nintzenean ez nuen uste nire ogibidea bilakatu zenik beraz, norbaitek hasieratik youtuberra lanbide bezala hartu nahi badu, frustratzeko arriskua izango du. Futbolean hasten denak Cristiano Ronaldo izatea helburu badu, zaila izango du. Hori bai, gauza asko ikasi eta lagun pila egingo ditu.