Isidre Esteve: "Beldurrak ez dizkit sekula erronkak zapuztu"

Isidre Esteve: "Beldurrak ez dizkit sekula erronkak zapuztu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/isidre-esteve-beldurrak-ez-dizkit-sekula-erronkak-zapuztu/@@download/image/kirola_isidre_e_1433334371.jpg
2015/06/11
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena @SaioB. Argazkiak: Felix Romero
Isidre Esteve: "Beldurrak ez dizkit sekula erronkak zapuztu"
Lehen lasterketa hemezortzi urterekin egin zuen, eta ordutik emaitza bikainak lortu zituen motor gainean Isidre Estevek (La Seu d’Urgell, Herrialde Katalanak, 1972), unerik oparoenean zegoenean harri batek bizitza astindu eta gurpildun aulkian utzi zuen arte. Mugetan sinesten ez duen pertsona izaki, autoan ekin dio berriz ere lasterketak irabazteari.


Amestu eta ez etsi. Hori da 2007ko martxoan izan zuen istripuaren ondoren motoziklismo-gidari katalana bizirik mantendu duen mezua. Familia arruntean koxkortu zen Lleidako Oliana herrixkan. Bost anai-arreben artean gazteena da, eta lotura berezia du familiarekin; anai-arreba guztiek bezala, ttikitatik familiak zuen jatetxean lan egin zuen. Berezkoa duen irribarrearekin gogoratzen ditu urte haiek, baina jatetxea utzi eta moto gainean lasterketak egiten hasi zen garaia bizitzako zoriontsuena izan zela ere aitortu du.
Garaipenaren ikur bihurtutik, behar bereziak dituztenak laguntzea da Esteveren eguneroko erronka. Gertutasuna erakutsiz hitz egin du GAZTEZULOrekin, 2017an Dakar rallyra itzuliko dela iragarri duen unean.

Martxoan jakinarazi zenuen 2017ko Dakarrera aurkeztuko zarela. Bueltatzeko momenturik egokiena da?
Aspalditik dugu Dakarrean lehiatzeko gogoa, baina ongi egin nahi dugu, eta, horregatik, 2017ko urtarrilerako prestatzen ari gara. Hasita dugun denboraldia ongi amaitu nahi dut, eta 2016an nazioarteko bizpahiru lasterketa egingo ditut, Dakarrean erabiliko dugun autoarekin entrenatu bitartean. Lehiatzera joan nahi dut, eta horretarako behar bezala prestatu behar gara.

Momentuz, nola doa denboraldia?
Ez da oso ongi hasi. Bi lasterketa egin ditugu eta ezin izan dugu punturik lortu. Iaz baino lehiakorragoak gara, baina arazo mekanikoek ez digute bukaeraraino iristen utzi. Lehendabiziko lasterketan lehen postuan gindoazen, baina bukaerara iristeko hogei kilometro falta zirenean, abiadura-kaxa puskatu zitzaigun. Bigarrenean, arazo bera izan genuen helmugara iristeko 60 kilometro falta zirenean. Zorte txarra...

Gogoratzen al duzu motorra lehen aldiz hartu zenuen aldia?
Noski! Bizipen ahaztezina izan zen: hamar urte nituen eta ez nuen sekula amaitzerik nahi.

Lasterketetan, aldiz, berandu hasi zinen. Nolatan?
Landako familia batean koxkortu nintzen. Haurra nintzenean etxean laguntzen nuen; udan, patatak biltzen, eta urtean zehar asteburuetan Lleida eta Andorra arteko mugara joaten nintzen, familiaren jatetxearen propaganda banatzera. Gerora, nire anai-arrebek bezala, jatetxean lan egiten nuen. Motoziklismoa txikitatik maite nuen arren, familiaren lehentasuna jatetxea izan zen beti, eta hemezortzi urte bete nituen arte han ibili nintzen.

Hemezortzi urterekin motoziklismo-gidari izatea saiatzeko erabakia hartu zenuen. Erabakiak etxean sortu zuen arazorik?
Betidanik izan dut etxekoen babesa, eta hemezortzi urte bete nituenean erabakia errespetatu zuten. Hasieran, lasterketak eta jatetxea uztartzen nituen, baina gerora jatetxea utzi egin nuen.

Profesionalki momenturik hoberenean zinenean izan zenuen istripua. Zer gertatu zitzaizun 2007ko martxoko larunbat beltz hartan?
Almerian nintzen, Espainiako raid lasterketaren lehen proba lehiatzen, eta pista batetik bestera aldatu behar nintzenean erreka idor batekin topo egin nuen. Abiadura murriztu nuen arren, atzeko gurpilarekin harri bat jo nuen eta ipurdian kolpe gogorra hartu ostean lurrera erori nintzen; ez nuen konorterik galdu [isilik geratu da, begirada galduta]. Hasieratik jakin nuen istripu hark bizitza aldatuko zidala; bizkarrean min jasanezina nuen eta hankak bere tokian ote nituen ere ez nekien.

Noizbait pentsatu al duzu dena bertan behera uztea?
Kirola niretzat bizimodua da, gauza asko erakutsi dizkit, eta 2007ko ezbeharra guztiaren gainetik istripu bat izan zela pentsatu izan dut beti. Zorionekoa sentitzen naiz nire ibilbidean lorpen asko erdietsi ditudalako, eta esango nuke, bizitzarekiko ikuspegi horrek ahalbidetu duela betidanik pasioa izan dudana gaur ere, arazo guztien gainetik, pasio izaten jarraitzea.

Zu zeu indartsua izan zara, baina bidailagun bikainak ere izan dituzu.
Familiaren eta neska-lagunaren babesa funtsezkoak izan dira. Nani Romaren masajista zenean ezagutu nuen Lídia, eta gero nire masajista ere izan zen. Istripua izan baino lehenxeago hasi ginen elkarrekin ateratzen.

Epe laburrean, kolpe asko jaso zituen zure familiak, oker ez banago.
Bai, denbora gutxian gauza gehiegi. Nik istripua izan baino sei hilabete lehenago galdu genuen aita, 37 urte nituenean. Uste dut aitarentzat oso gogorra izango zela nire istripua jasatea. Betidanik ikusi izan dut ama aita baino indartsuagoa, zentzu horretan.

Lídia eta biok, aldiz, istripua izan ondoren hasi zineten elkarrekin bizitzen.
Ez zen erraza izan. Bi hilabete luzez ospitalean egon ostean ateratzea eskatu genien medikuei. Bikote ororentzat urrats berezia da elkarrekin bizitzera joatea, eta guretzat are bereziagoa izan zen, nituen mugak kontutan hartuta. Beti pentsatu izan dut testuinguru hark bi aukera zituela: egoerak harremana akatzen zuen edo indartuta ateratzen ginen. Zorionez, indartsuagoak egin ginen elkarrekin, eta argi dut garai hartan bakarrik egon izan banintz ez nintzatekeela hain azkar sendatuko. 

Hamaika urteko alaba bat ere baduzu. Nola bizi izan du berak zure prozesua?
Sentsibilitate bereziarekin koxkortzen dira nire egoeraren gisako testuinguruetan hezten diren haurrak. Garai batean galdetzen zidan noiz altxatuko nintzen gurpildun aulkitik. Baina tira, kontutan hartu behar da hiru urte zituela nik istripua izan nuenean, eta beraz, ez zuen aurreko Isidre Esteve ezagutu. Normaltasunez hartzen du.

Zein izan da orain zauden tokira iristeko gakoa?
Gauzak hobeto egin daitezkeela burutik sekula ez kentzea, eta egunero ohetik altxatzen laguntzen didan arrazoi bat izatea. Amestea. Bizitzak ematen dituen kolpeei aurre egiteko gakoa aurrera jarraitzeko arrazoiren bat bilatzea da. 

Beldurrik izan duzu?
Beldurra badut, noski, mundu guztiak bezala, baina beldurrak ez dizkit sekula erronkak zapuztu. Esnatu ahala gertatu dakizkigukeen istripuetan pentsatzen badugu, gauza asko egiteari utziko genioke. Abiadurarekin zerikusia duten kiroletan beldurra bainoago errespetua da behar dena.

Patuan sinisten duzu?
Patua hein handi batean gure esku dagoela pentsatzen dut, guk eraikitzen dugu bizitzan hartzen ditugun erabakien arabera. Baina, zoritxarrez, zoriak ere baldintzatzen du patua, eta ondorioz, gure kontroletik at gelditzen diren gertakariak ere badaude. Egiten duguna egiten dugula ere, zoriak gure bizitza aldatuko du. Istripua izan nuen lasterketa baino askoz arriskutsuagoak lehiatu nituen aurretik, baina harri hark aldatu behar zidan bizitza, eta halaxe gertatu zen.

Itzul gaitezen Dakarrera. 2009an, istripua izan zenuenetik bi urtera, Dakar rallyan parte hartu zenuen. Nola gogoratzen duzu?
Hego Amerikan egin zen lehen Dakar rallya zen, eta berezia izan zen. Egokitutako 4x4 batean lehiatzeko proposamena egin zidaten, eta hasieran harritu egin ninduen arren, saiatzea erabaki nuen. Hala ere, gogorra izan zen, ez nengoen orain bezain prestatuta, eta hainbeste ordu eserita igaro ondoren zauri larriak egin nituen gorputzean.

Zergatik da hain garrantzitsua zuretzat Dakarra?
Betidanik hartu izan dut erronkatzat, nire ibilbidean egin ditudan lasterketa guztien artean gustukoen dudana baita. Horregatik, lehiatzen jarraitu nahi dut, eta duela hainbat urte motoan izan nituen lorpenak kotxean eskuratu nahi ditut orain.
2017an han izango zara, 2009ko arazoak saihesteko sortu duzuen kuxinari esker.
2009ko Dakarrean oso gaizki pasa nuen lasterketak amaituta atera zitzaizkidan zauriak tarteko, eta nik azkar sendatuko zirela pentsatu nuen arren, urte eta erdi behar izan nuen erabat osatzeko. Aitortu behar dut muineko lesioarekin baino okerrago pasa nuela zauri horien ondorioz. Beraz, arazo horiek ekiditeko, kuxina berezia sortzea erabaki genuen.

Halako kuxinik ez zegoen orduan?
Ez. 2010ean berriro ere Dakarrera joateko proposamena egin zidaten, baina oraindik aurreko ekitaldiko zaurietatik errekuperatu gabe nengoenez, ezetz esan nien. Nire taldean aipatu nuen irtenbideren bat egon behar zela, kuxinen bat edo; babesik gabe jasangaitza da nire egoeran dagoen edonorentzat Dakarra korritzea. Adituengana jo genuen eta 2012 erdialdean erditu zuten kuxina. Orduz geroztik lasterketa guztietan erabili dut, eta hobetzen joan gara. Kuxina erabili dudanetik ez dut zauririk izan.

Merkaturatu egingo duzue?
Bide onetik doa. Urte honen amaieran Vall d’Hebron ospitalean gaixoekin saiakerak hasteko prest edukitzea espero dugu, eta froga guztiak amaitu bezain azkar merkaturatuko dugu. Nire esperientziatik abiatuta konturatu gara jende gehiagori ere erabilgarria izango zaiola, eta nire fundazioaren bitartez salgai jartzeko lanean ari gara.

2011n sortu zenuten Isidre Esteve Fundazioa. Nola baloratzen duzu orain arte egindakoa?
Hasiera batean, Isidre Esteve Fundazioa ni lasterketetara bueltatzeko helburuarekin sortu zen. Gerora, ordea, konturatu nintzen Bartzelonako Vall d’Hebron eta Guttmann ospitaleetan izan nintzenean ezagutu nituen lagunek beldurra ziotela alta medikoa jasotzeari. Beldur ziren ospitaletik kanpo egunerokotasunera egokitzeko gai izango ote ziren. Neska-lagunak eta biok argi genuen ospitaleetako errehabilitazio amaieraren eta egunerokotasunerako normalizazio prozesuaren arteko zubi lana egin behar zuen eragileren bat behar izaten dugula gaixoek. Behar hori asetzeko sortu genuen, beraz. Labur esanda, kirola gizarteratze tresna gisa erabiltzen dugu. Izan ere, mugikortasun arazoak ditugun pertsonak hasiera batean dirudiena baino askoz urrunago heldu gaitezke.

Fundazioaren bitartez jende anitz lagundu duzu, baina zuretzat ere lagungarria izan da?
Egia esan, ez dakit. Esan dezakedan bakarra da egunero borrokatzen dudala motibatzen nauen hori egin eta nire egoera bertsuan daudenek euren ametsak bete ditzaten. Beraien ametsek bizirik sentiarazten naute. 

Nola baloratzen duzu mugikortasun arazoak dituzuen kirolarion egoera?
Egia esan, motoziklismoak aurrerapauso interesgarriak eman ditu zentzu horretan. Kirolen artean gizarteratuen dagoenetako bat dela uste dut. Motorrean lehiatu ezin dugunok kotxeetan lehiatzeko baliabideak ditugu, eta horri esker, nazioarteko lasterketarik esanguratsuenak lehiatu ditzakegu.

Isidreren kuttunak


Liburu bat: No t’aturis mai. (Isidre Esteve, 2013).
Abesti bat: Sultans of Swing (Dire Straits).
Musika talde bat? Dire Straits.
Film bat? The Pursuit of Happyness (Gabriele Muccino, 2006).
Kirolari bat: Pau Gasol.
Lasterketa bat: Dakar rallya.
Toki bat: Afrika.
Amets bat: Berriro ibili ahal izatea.
Ez duzu sekula ahaztuko: Nire lehendabiziko Dakarrean bizitako guztia.
Miresten dItuzu: Euren patua aldatzeko borrokatzen duten pertsonak.