Harribitxiz betetako Zinemaldia!

Harribitxiz betetako Zinemaldia! https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/09/10
erreportajea
TESTUA: Aitor Abaroa @abaroa37
Harribitxiz betetako Zinemaldia!
Iaz Sail Ofizialak emandako uzta oparoaren ostean, zaila dirudi aurtengo filmek maila bera mantentzea. Hala ere, film iradokitzaileak badaude, alboko orrian proposatzen dizkizugunak kasu. Eta bada film bat ikusteko irrikaz gaudena: Zuzendari Berriak sailean aurkeztuko den ‘Pikadero’.














ZUZENDARI BERRIAK

Pikadero
Ben Sharrock. (Euskal Herria-Eskozia)



Krisi ekonomikoaren eraginez bikote harremanean aurrera egiteko zailtasunak dituen bikote baten istorioa kontatzen du filmak. Arratia eskualdean, Bilbon, Bakion edota Bermeon errodatu du Euskal Herriko eta Eskoziako gaztez osatutako lantaldeak. Estetika bereizgarria eta umore ironikoa uztartzen ditu komedia da. Gainera, proiektuak oinarri duen Patata tortilla film laburrak dramarik eta gidoirik onenaren sariak eskuratu zituen BAFTA sarien new talent sailean.
Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga protagonistekin errodajean izan genuen elkarrizketa ikus dezakezu.


SAIL OFIZIALA
Amama
Zuz: Asier Altuna. (Euskal Herria)



Baserriak duela gutxira arte izan duen funtzionamenduaren eta bizimolde berrien artean sortu den talka pantailaratu du Altunak, familia bateko barne gatazkak ilustrazio bide hartuta. Landa-gunea eta hiria, gurasoak eta seme-alabak, aurrez aurre, isiltasunak eta komunikazio ezak liskarrak baino kalte gehiago egiten duten familian. Guztia, atzean uztear gaudena gorpuzten duen amamaren begiradapean.  

Sunset Song
Zuz: Terence Davies. (Britainia Handia-Luxenburgo)


 
Lewis Grassic Gibbon eskoziarraren eleberrian oinarrituta, Gerra Handiaren garaian girotutako kontakizun epiko zein intimista dakar ekintzen gainetik sentimenduak pantailaratzen maisua den zuzendari ingelesak. Donostiako Nazioaretko Zinemaldiak 2008an eskaini zion Atzera begirako zikloa Daviesi, eta 2011an, saririk irabazi ez zuen arren, The Deep Blue Sea filmak harrera oso ona izan zuen.

The Boy and the Beast
Zuz: Mamoru Hosoda. (Japonia)



Gizakien eta bakemono deritzen munstroen munduak paraleloak dira, eta ezin dira nahastu. Kumatetsu izeneko munstroak, baina, Tokyoko haur bakarti bat dizipulu hartu eta bere mundura eramango du. Han, arte martzialen teknika jarduna irakatsiko dio. Zinemaldiko Sail Ofizialaren historian lehiatuko den lehen animaziozko filma da, eta animearen tronuan Hayao Miyazakiren lekua hartzeko hautagai nagusietakoa den Mamoru Hosodak zuzendu du.

High-Rise
Zuz: Ben Wheatley. (Britainia Handia)



Tarteka bada ere, zientzia fikzioak izaten du bere tartea Sail Ofizialean, baina gutxitan nabarmentzen dira film horiek. Aurtengoa izan daiteke salbuespena. J. G. Ballard maisuaren eleberrian oinarrituta, gizartetik aparte etxeorratz ultramodernoan bizi direnen istorioa kontatzen du filmak; gizarte garaikidearen alderik ilunenen alegoria da. Tom Hiddleston, Sienna Miller edota Jeremy Irons bezalako aktore erakargarriak berdintzen zail izango dute gainontzeko filmek.


PERLAK
Aurtengoan Cannesetik datoz Perlarik gehienak. Hala ere, Venezia eta
Berlingo harribitxi batzuk ere ikusi ahal izango dira, baita Sundancen
lorerik gehien jaso dituen lana ere. Sail honetara hurbiltzen direnek zail dute film txarrak ikustea, baina aukeratu behar baduzu, hona gure proposamenak.

Cannes
[EPAIMAHAIAREN SARI NAGUSIA].
Son of Saul (László Nemes, Hungaria).
1944ko Auschwitzen, Saul Auslander errausketa-labeetan lan egiten duen preso hungariarra da. Egun batean, sugarretan semea ikusi duela irudituko zaio.



[ZUZENDARI ONENAREN SARIA].
The Assassin (Hou Hsiao Hsien, Taiwan).
IX. mendeko Txinan, erbestetik bueltatu ostean, justiziari bihurtu den Nie Yinniangek lehengusua hiltzeko agindua bete ala ez erabaki beharko du.

Our Little Sister (Hirokazu Kode-eda, Japonia).
Hiru ahizpa landagunera bueltatuko dira aita hiltzean. Han, ahizpaordea ezagutuko dute. Zinemaldiko zuzendari kuttunetakoaren drama intimista.


Venezia
Anomalisa (Charlie Kaufman-Duke Johnson, AEB).
Jendearekin harremantzeko arazoak dituen gizonaren istorioa dakar Being John Malkovich (Spike Jonze, 2002) harribitxiaren gidoilari Kaufmanek.

Black Mass (Scott Cooper, AEB).
Whitey Bulger Bostongo mafiako buruak FBIarekin izandako elkarlana oinarri duen thrillerra. Goi mailako Johnny Depp bueltan da.  

El clan (Pablo Trapero, Argentina-Espainia).
80ko hamarkada Buenos Airesen. Etxeko hormetatik kanpora familia arrunta dirudiena, bahitzaile eta hiltzaile klana da benetan.   



Berlin
[HURREZKO HARTZA SARIA].
Taxi Tehran (Jafar Panahi, Iran).
Teherango kaleetan dabil Panahi bera taxi hori bat gidatzen. Bezeroekin dituen elkarrizketek Irango hiriburuaren argazki poliedrikoa erakusten dute.




Sundance
[EPAIMAHAIAREN ETA PUBLIKOAREN SARIAK].
Me and Earl and the Dying Girl (Alfonso Gómez-Rejón, AEB).
Greg eta lagunen institutuko azken urtea hizpide duen komedia hunkigarri eta drama dibertigarria. Nerabezaroa, minbizia eta zinemarekiko maitasuna uztartzen dituen istorioa.