Fargo

Fargo https://www.gaztezulo.eus/albisteak/fargo/@@download/image/telesailak_farg_1452246518.jpg
2016/01/14
erreportajea
TESTUA: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre
Fargo
Zoragarria, sarkastikoa, freskoa, frenetikoa, burutsua, ikusgarria. Coen anaien lumatik ateratako Minnesota elurtuaz gozatzen jarraitzeko aukera eman digun telesaila; derrigorrez ikusi beharrekoa.


Urtea: 2014-2015.
Sortzailea: Noah Hawley.
Herrialdea: AEB
Denboraldiak:  Bi. Hirugarrena 2016an estreinatuko dute.
Atal kopurua: 50 minutu inguruko hamar atal denboraldiko; pilotuak eta denboraldiko azkenak 65 minutu inguru.


ZERGATIK IKUSI 
• Kosta egiten zait akats bakar bat aurkitzea: Interpretazio ezinhobeei lotutako pertsonaia zoragarriak ditu, musika bitxia eta erakargarria da, argazkia eta planoen erabilera hitzik gabe uzteko modukoak... 
• Gidoia eta zuzendaritza lana eskoletan irakasteko modukoak dira: minuturo piezak estrategikoki mugitu eta ahokatzen dira, xake partida perfektua bailiran. Pertsonaien erabaki eta ekintza guztiek dituzte etorkizunean ondorio harrigarriak.
• Hamaika erreferentzia eta keinu zinematografiko ditu: The Big Lebowski, Fargo, Miller’s Crossing, Boardwalk Empire, Tarantino...
• Bi denboraldiak erabat independenteak dira, istorio eta pertsonaia desberdinez osatuak. Bigarrena erabateko maisulana iruditu zait, ia perfektua.

BINGE WATCHING 
• Bai, baina kontutan hartu The Walking Dead telesaileko zonbiek bezala amaituko duzula!

BITXIKERIAK
• Atal guztiak "This is a true story. The events depicted in this film took place in Minnesota..." mezuarekin hasten diren arren, Noah Hawley sortzaileak argitu zuen istorioa guztiz asmatua dela, eta esaldia Fargo (Joel Coen, 1996) jatorrizko filmari egindako keinua besterik ez dela.
• Lehen atalean, jatetxe batean White Russians for $4.95 iragarkia irakur daiteke. ‘Errusiar zuria’ The Big Lebowski (1998, Joel eta Ethan Coen) filmeko protagonistaren edari gogokoena da.
• Bigarren denboraldian Mike Milligan pertsonaiak Lewis Carrollen Jabberwocky olerkia errezitatzen du.

GUSTUKO BADUZU, EZ GALDU
Breaking Bad (2008-2013).
True Detective (2014).
Boardwalk Empire (2010-2014).