Eskubideak ez dira oinordetzan jasotzen, borrokatu egiten dira

Eskubideak ez dira oinordetzan jasotzen, borrokatu egiten dira https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/03/11
erreportajea
Estibaliz Montero Mendoza: Euskadiko CCOO Gazteak Idazkaritzako Arduraduna
Eskubideak ez dira oinordetzan jasotzen, borrokatu egiten dira
Ikasten ari garen bitartean, beti izaten dugu oso kontutan gure etorkizuneko bizitza laborala; enpresan produktiboak izateko gure prestakuntzari ematen dioten garrantzia handia da. Aldiz, gutako gehienoi ez digute langile moduan dagozkigun eskubideetaz hitz egin.


Euskadiko CCOOko pertsona gazteok osatzen dugu CCOO Gazteak. Etorkizunean langile gisa izango dituzten eskubideez hitz egiten diegu oraindik lanean hasi ez diren gazteei. Hori da gure ekimen esanguratsuenetako bat.
Lehen aldiz enpresa batean lanean hasten garenean, kasu gehienetan, ‘kontratu’ edo ‘lan hitzarmen’ bezalako kontzeptuen berri ez digute ordura arte beste inon eman. Hitz horiek noizbait entzun izanagatik ezagutzen ditugu batzuetan, besterik ez. Gazteontzat lan mundura sartzea ez da erraza izaten, are gutxiago, enpresa batean lehen aldiz sartzeko dauden kontratu motak edo kontratuak ere ez direnak kontutan hartuta.

Gazteok geroz eta modu prekarizatuagoan sartzen gara lan mundura. Gure eskubideak ez ezagutzeak ahulago egiten gaitu horiengatik borrokatzerako orduan. CCOO Gazteak prestakuntza zentroetara joaten gara langile gisa dagozkigun eskubideak zeintzuk diren eta lan munduaren funtzionamendua nolakoa den azaltzera. Azken urteotako erreformeek erakutsi digute hainbat hamarkadatan eskuratutako eskubideak dekretu bidez gal ditzakegula. Uste dugu eskubideen galeraren kontra eta horiek berreskuratzeko eta eskubide berriak lortzeko borroka modu kolektiboan antolatzearen garrantziaz kontziente izatea ezinbestekoa dela, ‘gazteria’ hitzari, derrigor, ‘prekarietatea’ lotu behar ez izateko.

Lana gure bizitza bideratzen duen elementuetako bat da; nola erregulatzen den eta zein aldaketa jasan dituen ez ezagutzea zein eragile desberdinen arteko harremanak zein diren ez jakitea kalitatezko enplegua lortzeko oztopo dira. Horregatik, kontzeptu horiek azaltzeko, teorikoki zein pertsonen esperientzien bitartez, CCOO Gazteak-etik eta Bakea eta Elkartasuna Fundaziotik baliabide didaktikoak dituen karpeta bat landu dugu. Tresna horrekin, hezkuntza formal zein informaletik jakin-mina ase nahi duten guztiei informazioa emateko prest gaude. Informazioak boterea ematen duelako eta desinformazioak beldurra baino ez duelako sortzen, prest egon gaitezen.