Enrique Zaldua: "Ez dut anti-TB eta anti-Internet efekturik deskartatzen"

Enrique Zaldua: "Ez dut anti-TB eta anti-Internet efekturik deskartatzen" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/enrique-zaldua-ez-dut-antitb-eta-antiinternet-efekturik-deskartatzen/@@download/image/enrike_zaldua_s_1365417545.jpg
2013/04/08
elkarrizketa
Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena, Argazkiak: Galder Izagirre
Enrique Zaldua: "Ez dut anti-TB eta anti-Internet efekturik deskartatzen"
Abokatua formazioz eta artista bokazioz, Zumarragako aktoreak urteak daramatza Los Angelesen ogia bilatzen. Zinemaren mekaren bazterrak erakutsi nahi dizkigu.


Ekonomia master batek eraman zuen ozeanoa gurutzatu eta Coloradora lehen aldiz, 1990 eta 1995 artean izan zen. Beste zortzi urtez bizi izan zen gero New Yorken, Time aldizkariarentzat kazetari aritu zen bitartean eta, jaioterrira itzuli ostean, berriz ere hegan egitea erabaki zuen orain bost urte: Los Angeles zen geltokia, eta behin betiko aktore bilakatzea helburua. Dena dela, guztiarekin ausartzen den horietakoa dirudi, liburuak, argazkiak eta margolanak ere sinatu baititu.

Hemen ETBren Mugaldekoak, Goenkale eta Mi querido Klikowsky telesailetan ikusi dugu eta, han egindakoaz galdetuz gero, Fly Away filma (Janet Grillo, 2011), Pasadenako Izotz Jauregira eramandako Stand-up performancea eta New Yorken Gotham City Improv-ekin egindako inprobisaketa lana azpimarratzen ditu berak.

Askok telebistan edo argazkitan baino ikusi ez dugun hiriak sorrarazten digun jakinmina asetzera goaz.

Zergatik aktore eta zergatik Los Angeles?
Txikitatik izan naiz showmana. Gero bizitzak bide tradizionalagoetatik eramaten zaitu, harik eta barruan sentitzen duzun horren aldeko apustua egiten duzun arte. AEBak eta hizkuntza ezagutzen nituen eta, beraz, arriskatzekotan, handira jotzea erabaki nuen: Los Angelesera joan nintzen.

Hiriaz eduki dezakegun irudiaz edo espero dugun horretatik zer bete da?
Oso gutxi. Glamourra, eguzkia eta palmerak datorzkigu burura... eta klima bikaina da, baina ni bezalako aktoreon bizitzak ez du ezer glamourretik. Lana ikaragarria eta oso lehiakorra da, eta horri gehitu behar zaizkio hiriaren beraren deserosotasun guztiak: dena urrun geratzen da, ez dago erdigune sozialik, zinkinkeria gehiegi, porlanak hondar historikoak jaten ditu, zarata, pobrezia poltsa itzela eta loturak egiteko zailtasuna. Dena dela, badago gauza liluragarririk ere: edozein bazterretan hazten diren buganbilea gorriak, Hollywoodeko muinoko bazterrak, Getty Center-a... eta hiriak zu ustekabean hartzeko duen etengabeko gaitasuna, nahiz eta espiritu kanibal samarra izan. A! Eta, ahaztu gabe, Taco Trucks gozagarriak! –janari mexikarra saltzen duten kamioi mugikorrak–.

Zerk harrapatu zaitu ustekabean ba?
Lehen kolpean, porlanaren omnipresentziak harritu ninduen, eta botere publikoen aldetiko erabateko arduragabekeria estetikoak ere bai. Pixkanaka aldatzen ari den arren, ez diote hiritarrari begiratzen errespetatu eta zerbitzatu beharreko izaki gisa.

Oraindik ere aukeren lurraldea al da Amerika?
Lan egin behar duzu eta gauzak hobeto edo okerrago joan daitezke, ez dago oparirik, baina, oro har, iruditzen zait hemen arnasten den airea askoz irekiago dagoela bide berriei.

Bide berria hartu du, hain justu, zinearen eta, oro har, ikus-entzunezkoen produkzioen munduak. Baina, ze norabidetan?
Zinemagintzan digitalerantz goaz. Horrek gastuak merketzen ditu, baina ez dakit industria osoari eragingo ote dion. Agian, egunen batean, robotek interpretatutako filmak ikusiko ditugu, baina bitxikeria hutsa izango direla uste dut. Interneterako ere asko ari dira ekoizten eta, dudarik gabe, telebistarena merkatu ikaragarri handia da, gero eta kalitate hobeagokoa gainera; estatubatuarrek telesailak irentsi egiten dituzte bata bestearen atzetik. Giza espezieak berezkoa du istorioak kontatzea, beraz, zinea edukitzen jarraituko dugu, eta telebista, eta antzerkia... arimak hunkitzeko eta dibertitzeko balio duen edozer.

Baina, ze ate ari dira zabaltzen, eta zein ixten?
Digitalak eta Internetek beso zabalik hartzen ditu istorioak sortu eta kontatzen dituen pertsona edo lagun talde oro. Jakina, ikusleek kalitatea ere eskatzen dute, baina, egia esan, Sarerako eta telebistarako ganorazko gauzak egin daitezke gehiegizko gasturik gabe. Antzerkiarekin berdin: diru gutxirekin istorio ederrak munta ditzakezu. Azken batean, garrantzitsuena istorioa, hau kontatzeko gogoa, gidoi on bat eta aktore konprometituak dira; eta ate horrek zabalik jarraitzen du.

Telebista jaten ari al zaio lekua zeluloideari?
Beharbada ikusle kopuruaren aldetik bai, baina ez dauka zineak duen magia. Telebistak entretenitu egiten du, eta emoziona dezake, baina ez zaitu besarkatzen, ez zaitu bereganatzen. Ikuspegi hertsiki ekonomikotik begiratuta, bazirudien zinemagintza desagertzera kondenatua zegoela, baina jendeak aretoetara joaten jarraitzen duela ikusi dugu, baldin eta zer edo zer interesgarria eskaintzen bazaio. Museo batera artelanak ikustera joatearen pareko zerbait da, hau da, ikus-entzunezko baliabideak edukitzeak ez du inolaz ezabatu gizakiak artelan estatikoak ikusteko duen beharra eta margolan edo eskultura baten aurrean emozionatzeko gaitasuna. Irratiak hor segitzen du, nahiz eta telebista agertu. Telebistak jarraitzen du, Internet dugun arren. Eta uste dut zineak aurrera egingo duela telebista nahiz Sarea baditugu ere. Are gehiago esango dizut: baliteke indartzea jendea telebistarekin aspertu ahala edo selektiboagoa bilakatu ahala; ez dut anti-TB edo anti-Internet efekturik deskartatzen etorkizunerako, baliteke entretenimendu forma tradizionalagoetara itzultzea, zinemara eta antzerkira.

Eta, mundu honetan, ze abantaila eta ze muga eduki ditzake hemendik hara joandako aktore euskaldun batek?
Abantailak oso gutxi, ziur aski bertakoa ez izateak dakarren inuzentzia, hainbaten begietan freskotasun interesgarri bat eman diezazukeena. Orain dela 100 urte euskaldunak zinema ekoiztera etorri izan balira... baina artzantzara etorri ziren; ez dago sinergia handirik hor! –barrez–. Mugez baino gehiago erronkez hitz egitea gustatzen zait, eta euskaldun izateak ez dizkit horrelako gehiago ekarri, ez behintzat beste edozein atzerritarri baino gehiago: hizkuntza, azentua, bakardadea, babesgabetasuna, hurbilekoan falta, talka kulturala, aspektu ekonomikoa...

Zein edo zer da bidea egiteko aliatu onena eta zein aurkari okerrena?
Aliatu onena beti izango zara zu zeu eta, sinesduna bazara, zure jainkoa. Tarteka, gauzak hain ilun jarri dira ezen iritsi bainaiz ulertzera droga edo alkohol menpekotasunetan erortzen den jendea; ahazteko. Nik neure burua edukitzeko zortea izan nuen, espiritualtasunera hurbildu nintzen eta bizitzaren alde sanoari eusteko gai izan nintzen. Baina ez da batere erraza. Etsai ankerrena bakardadea da, eta gutxien espero duzun horrek bidean jarriko dizkizun tranpak.

Hitz egidazu hango bizimoduaz.
Los Angelesek aura fantasiosoa du, ia ezer ez da dirudiena, zinearen hiria da bete-betean: harri-kartoiak ordezkatzen du iztukua, txapak altzairua, eta ‘Profident irribarreak’ benetako rollo onaren ordezko eskasak dira. Hortaz, bizitzak Los Angelesen erraza dirudi, baina konplikatua egiten da. Eguzkia beti hor dago, adibidez, baina sekula ez zoaz hondartzara; lanera eta bizimodua ateratzera etorri denaren ikuspegitik hitz egiten dut noski. Fakturak ordaintzeko lain emango dizun lan bat bilatzen duzu, ondoren benetan zure lanbide izatea nahi duzun hori landu ahal izateko ikastaroak eginez, errepresentate bat bilatuz, castingetara azalduz... aho-korapiloa dirudi, baina hala da. Tarteka, agian, bazkaltzera ateratzen zara, museoren bat ikustera, zinemara akaso, trago batzuk... baina oso gutxitan. Dagoen glamour apurra izar ospetsuentzat da.

Eta harremanak? Nolakoak dira?
‘Zer egin dezakezu niregatik?’ filosofian oinarritutako hiria da, nahiz eta ez den komeni dramatizatzea, Euskal Herrian ere ez garelako materialismotik eta azalkeriatik urrun bizi. Estatubatuarretaz beti gaizki esaka aritzen gara, baina kutreena kopiatzen dugu haiengandik, eta ahaztu egiten gara benetan kopiatu beharko genukeenaz. Atera dudan ondorioa da zaila dela hemen harreman ondu eta sendoak garatzea, eta adiskidetasunaz duten kontzeptua asko aldentzen dela nik darabilkidanaz.

Ze zentzutan?
Niretzat, lagun bat betirako laguna da. Jatorra edo atsegina den edonor ez da adiskide. Los Angelesen erraz deitzen zaituzte "lagun", baina gero, txikikeriengatik ukatzen dizute ogia. Azken batean, zer edo zertarako baliagarria edo lagungarria zaren bitartean izango zara haien adiskide; ez gehiago.

Ze asmo duzu aurrerantzerako?
Proiektu frantses baterako egin ditut probak, eta aurrera aterako den ala ez zain nago. Antzerkirako ere badut ideiaren bat, eta sketch ironiko sorta bat ere badut mugitzeko. Nire blogean idazten jarraitzen dut eta... tira beti dugu burua lanean.
 
Euskal Herrian ere egiten duzu lan? Bateragarria al da bi karrerak aldi berean garatzea?
Lan berrienak Euskal Herrian egin ditut: Gernika bajo las bombas (2012) tv moviea eta Berri Txarrak taldearentzat bideoklip bat. Uste dut baietz, aurrera atera daitezkeela biak batera eta horixe nahi dut gainera: karrera transatlantikoa!