Emarri (Harri-tiratzaileak): Giza-probak gizarteratzen

Emarri (Harri-tiratzaileak): Giza-probak gizarteratzen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emarri-harritiratzaileak-gizaprobak-gizarteratzen/@@download/image/emarri_goiatz_l_1431003771.jpg
2015/05/13
erreportajea
TESTUA: Saioa Baleztena @SaioB. Argazkiak: Goiatz Labandibar
Emarri (Harri-tiratzaileak): Giza-probak gizarteratzen
2013an hasi zuten Astigarraga, Oiartzun eta Lezoko hainbat neskak
Emarri harri-tiratzaile taldearen ibilbidea. Aurten, denboraldi oparoa egin ondoren, maiatzaren 17an lehiatuko dute denboraldiko probarik garrantzitsuena:
Euskal Herriko nesken txapelketa.


24 eta 30 metro arteko luzera duen plazan harria denbora tarte jakin batean ahalik eta gehien garraiatzea helburu duen herri kirola da giza-proba. Bakarka zein taldeka lehiatu daiteke. Antza, aspaldi idiek garraiatzen zuten zama pertsonak garraiatzen hasi zirenean eman zituen lehen pausoak, gerora, 2012an Euskal Herrian ofiziala bihurtuko zen kirolak. XX. mende erdialdean, mingain urdina izeneko gaixotasun birikoak Euskal Herriko abelburuak kutsatu zituen. Apustu bat tarteko, ordura arte idiek garraiatzen zuten zama taldeka mugituta lehiatzea erabaki zuten.

Gipuzkoako Herri Kirol Federazioaren arabera, 1956ko urtarrilaren 29an egin zuten Zestoan lehen giza-proba txapelketa. Guztira, hamar gizon bildu ziren eta 30 minutuz aritu ziren harria mugitzen. Gipuzkoako taldekako lehen giza-proba txapelketa ofiziala, aldiz, 2012an egin zuten.

Hala ere, giza-probak ezezagunak dira oraindik, eta, gehienbat, mutilen taldeak ikusi dira lehiatzen. Baina hiru neska talde daude Euskal Herrian: Emarri eta Ibarra Gipuzkoan, eta Zeanuri Bizkaian. Emarri taldeko nesken arabera, kirola gizarteratzeko lanean dihardute. "Zoritxarrez, oro har, gizonak baino gutxiago dira kirolean murgiltzen diren neskak; are gutxiago herri kiroletan, kirol zakar bezala ikusten baitira", azaldu du Emarriko kide Eneritz Arbelaitzek.

2013an eman zituen lehen urratsak Emarrik, Goizuetako mutil taldearen aurka apustua egin zutenean, eta kirola gizarteratzea funtsezkoa zela ikusi zuten: "2015eko urtarrilean ate irekiak egin genituen Astigarragan eta Oiartzunen jendea kirol honetara erakartzeko asmoz, eta, egia esan, uste baino jende gehiago animatu zen".

Araudia, giza-proben muga
Emarriren zabalkunde saiakerek, hala ere, oztopo bat izan dute hasieratik. Gipuzkoako Herri Kirol Federazioaren araudiaren arabera, guttienez hiru taldek izena eman behar dute txapelketa ofizialak antolatu ahal izateko. Gipuzkoan bi talde baino ez daudenez, ezin izan dute txapelketarik lehiatu. "Arautegiak egon behar du, noski, baina testuinguruaren arabera salbuespenak egon beharko liratekeela pentsatzen dugu, talde kopuru bat egotera derrigortuz gero, txapelketak lehiatzeko aukerarik gabe gelditzen baikara", oroitarazi du Arbelaitzek.

Ondorioz, dagoeneko buru-belarri diharduten taldeen egonkortasunak bainoago talde gehiagoren sorrerak kezkatzen ditu Emarriko neskak; zaila egiten omen zaie herri gehiagotan talde berriak sortzea.

Txapelketa ofizialik ez egoteak, hala ere, ez du Euskal Herriko nesken loraldia gelditu, eta maiatzaren 17an, Auzolan elkartearen babesarekin, "denboraldiko hitzordurik potenteena" izango dute gure hiru taldeek, Astigarragako Perurena auzoko frontoian. Talde bakoitzak 15 minutuko lana egingo du 550 kiloko harria garraiatuz. Proba 18:00etan hasiko da.

Etorkizunari begiratuta argi dute zer nahi duten: "Herri kirolei aitortu ohi zaizkien aurreiritziak deuseztatu nahi ditugu, neskak ere gizonek egiten dutena egiteko gai garela erakutsi baitugu dagoeneko", dio Arbelaitzek. Orain arte bezala, giza-probaren hedapenean euren alea jartzen jarraituko dute, eta txapelketa ofizialik lehiatu ezin badute, eurek antolatzen jarraituko dute, bestela, "giza-probak hiltzen joango baitira". Maiatzaren 17ko apusturako txapela finantzatzea lortu dute, eta Emarri, Ibarra eta Zeanuri taldeetako neskentzat "zalantzarik gabe, Euskal Herriko txapelaren balioa" izango du.

Emarri



Entrenatzaileak
- Mikel Arriaga Ramos (Astigarraga).
- Egoitz Iturbe, Urretxu.

Harri-tiratzaileak

- Olatz Garmendia Mitxelena (Astigarraga).
- Iratxe Lopetegi Suarez (Lezo).
- Araitz Elgeta Arbelaitz (Oiartzun).
- Karmele Irastorza Lekuona (Oiartzun).
- Garazi Cabo Hernandez (Astigarraga).
- Marina Del Rio (Lezo).
- Mirari Lizaso Aizpurua (Oiartzun).
- Onintza Mitxelena Larreta (Oiartzun).
- Eneritz Gartzia Arruabarrena (Astigarraga).
- Garazi Moreno Kazabon (Oiartzun).
- Onintza Azpiroz Ibarguren (Oiartzun).
- Janire Altuna (Astigarraga).
- Eneritz Arbelaitz Sarasti (Oiartzun).