Edna St. Vincent Millay

Edna St. Vincent Millay https://www.gaztezulo.eus/albisteak/edna-st-vincent-millay/@@download/image/idazlea_aurkibi_1452252633.jpg
2016/01/14
erreportajea
Testua: Peru Iparragirre @nomadagaldua
Edna St. Vincent Millay
Edna St. Vincent Millay (1892, Rockland, AEB – 1950, Austerlitz, AEB) XX. mendeko soneto idazlerik hoberenetakoa izan zela esaten da. Bere lanetako bat euskaraz irakur dezakegu: ‘Harpa ehulearen balada’.


1912an hasi zen Edna St.Vincent Millay idazle amerikarraren ibilbide literario publikoa; The Lyric Year urtekariaren sariketara aurkeztu zituen poemek ez zuten saririk jaso, baina lehen aldiz publikatu zuten bere lana, Renascence poema liriko ezaguna.

XX. mendeko soneto idazlerik hoberenetakoa izan zela esaten da, joera modernistak forma tradizionalekin josiz poesia amerikar berdingabea sortzea lortu zuena. Gehienbat poesia lirikoa idatzi zuen. Bertso forman idatzitako dramak eta operako libretto bat, The King’s Henchman, ere idatzi zituen, besteak beste.

1919an, erreferentziatzat jotzen den eta gerraren aurkakotzat hartzen den Aria da Capo antzezlana idatzi zuen. 1920an argitaratutako A Few Figs From Thistles poesia bildumak emakumeen sexualitatean eta feminismoan egiten zituen esplorazioengatik eztabaida piztu zuen. 1923an, Poesiako Pulitzer Saria jaso zuen The Ballad of the Harp Weaver poemarengatik. 

Harriet Monroe Poetry aldizkariaren sortzaile eta editoreak ondokoa esan zuen The Ballad of the Harp Weaver poemari buruz: "Zeinen zorrotz jartzen dituen hankaz gora gizonek kontu handiz eraiki eta beraien ‘emakume idealaren’ inguruan ezarri dituzten konbentzioaren hormak...!"



IRAKURRI BEHARREKOA
Euskaraz The Ballad of the Harp Weaver poemaren bi bertsio irakur ditzakegu: bata, Jon Beiztegik itzuli eta 1965ean Olerti aldizkarian argitaratua (Eun-lautaria, Olerti, 1965), eta bestea, aktualagoa, Koldo Izagirrek itzuli eta joan den urteko urrian armiarma.eus atariko ‘Euskarari ekarriak’ atalean argitaratua (Harpa ehulearen balada, armiarma.eus, 2015).