Edari alkoholdunen barruan matxismoa ote?

Edari alkoholdunen barruan matxismoa ote? https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/04/13
erreportajea
Marian Mendiola Barandalla (Askagintza elkarteko drogen gaietarako prebentzio teknikaria)
Edari alkoholdunen barruan matxismoa ote?
Jendarteak emakumeen kontrako indarkeriaz duen pertzepzioaz galdetuta, askok uste dute indarkeria horren arrazoietako bat alkohol eta droga gehiegi hartzea dela. Eta, gainera, uste dute nahiko lotuta dagoela erasotzaileen arazo psikologikoekin.


Emakumeen aurkako eraso asko drogen eraginpean gertatzen direla badakigu. Egia da, baita ere, drogen kontsumoak, askotan, kontrola galtzea eragin edota joera agresiboak piztu ditzakeela. Baina ez gaitezen engainatu, uste oker horrekin amaitu behar dugu. Erasoak ‘justifikatzeko’ aitzakia bezala erabiltzen da alkoholaren eraginpean aritu izana, erantzukizunetik libratzeko; norbere ‘izatetik kanpo’ dagoen batek egindako bortizkeria bailitzan.

Egoera horien aurka neska asko (eta mutil batzuk) altxatu dira. Herri askotan matxinada moduko ekimenak egiten ari dira, esaterako, San Fermin bezperan Iruñean burututako ekimena eta berriki Hernanin egindako Sagar Moreen Iraultza. Era horretako ekimenak gure auzo, herri eta hirietara zabaltzea ezinbestekoa da, parranda giroan eraso sexistak ugariak izaten ari direlako. Ekimen horiekin, erasoen aurkako mezua zabaldu eta autodefentsa feministarako deia egin dute. Baina, era berean, norberak (izan neska, izan mutila edo izan dena delakoa) halako jarreren aurrean hartu ditzakeen jokabideak ikasi, asmatu eta praktikan jar ditzake.

Aldarri horiek aintzat hartzeaz gain, ez genituzke ahaztu nahi egoera ahulagoan dauden eta erasotzen errazagoak direnak: nerabeak (adinez txikiak edari alkoholdunak kontsumitzeko). Helduon ardura da horiei babesa ematea. Kontsumoaren jendarte honetan, gehienok, alkohola goraipatu eta bedeinkatu egiten dugu, eta badirudi festa ezin daitekeela festa izan alkoholik gabe, atzetik miseria eta sufrimendu asko eragin dezakeela jakin arren.

Eta droga horren kontsumo neurrigabe eta basatiaren aurrean gaudenean zer egiten dugu? Droga hori neurri gabe banatzen, saltzen eta kontsumitzen ikusten dugunean, nolakoa da gure erantzuna? Aldi berean, modu ezberdinean ikusten al dugu neska ala mutil mozkorra? Zuhurtziaz jokatu beharko luke ‘neskak’ egin behar ez lukeena egiten ari delako?

Gauaz, festaz, parrandaz eta kaleaz gozatzeko aukera guztiona izan behar da, aspaldi asmatu genuen leloari jarraituz: Ondo pasa, pasatu gabe!