Drogen eraginen mitoa sexu harremanetan

Drogen eraginen mitoa sexu harremanetan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/drogen-eraginen-mitoa-sexu-harremanetan/@@download/image/droga_sexu_1430998195.jpg
2015/05/13
erreportajea
Testua: Maitane de Anitua. Ai Laket!! elkartea @Ailaket
Drogen eraginen mitoa sexu harremanetan
Drogek gozamena areagotzen dutela esaten bada ere, baieztapen hori ez da guztiz egia; are gehiago, kontrako eragina ere izan dezakete.


Sarritan entzun dugu drogen eta sexuaren artean lotura estua dagoela, baina argitu behar da drogek ez dutela berez eragin orokorrik sexu harremanetan; eragin posibleak pertsonaren, substantziaren eta testuinguruaren araberakoak dira. Beraz, hiru aldagai horien arabera sexu esperientziak ezberdinak izango dira. Are gehiago, sexu harremanetan pertsona bat baino gehiago egon daiteke inplikatuta, eta pertsona bakoitzak egoera fisiko eta psikologiko jakin bat izango ditu, besteak beste, adina, pisua, osasuna, tolerantzia, nortasuna, sinesmenak, espektatibak, motibazioa eta beste aldagai batzuen araberakoak.

Hala ere, pertsona gehienek gozamena gustuko dute, eta arrazoi horregatik batzuetan sexu harremanetan drogak erabiltzen dira, hain zuzen, drogek sexu harremanak indartzen dituztela dioen mitoari jarraiki. Baina aurrez esan bezala, pertsonaren, substantziaren eta tetsuinguruaren arabera, kontrako eragina sor dezakete, adibidez, harremanak potentziatu beharrean desira sexuala murriztuta. Laburbilduz, drogek desiran, beroaldian eta orgasmoan eragin dezakete, baina substantziak kontsumitu ondoren, emaitza ohikoa baino estimulazio eta erantzun sexual handiagoa zein txikiagoa izan daiteke.

Urteetan zehar, hainbat substantzia izan dira sexuarekin lotu ditugunak, hala nola, alkohola, tabakoa, kalamua, kokaina, anfetamina, MDMA, enteogenoak edota poperra:

Alkohola
Alkoholaren kasuan, dosifikazioa oso garrantzitsua da. Adibidez, dosi txikitan lotsa kentzen laguntzen duen arren, dosi handitan depresorea da, eta ondorioz, logura sortu, baginako lehortasuna handitu edota zakilaren zutitzea eta orgasmoa zaildu ditzake.

Tabakoa
Tabakoak sexu harremanetan izan ditzakeen eraginen inguruko informazioa urria den arren, gizonezko erretzaileen artean erekzio kasu batzuk izan dira. Emakumeei dagokienez, tabakoa eta pilula antisorgailuak nahasteak arazo kardiobaskularrak izateko probabilitatea handitzen du.

Kalamua
Askotan entzun dugu kalamua afrodisiakoa dela. Hainbat adituk ongizate sentipena edo erlaxazioa eragiten duela-eta estimulazio sexuala errazten duela diote, baina beste batzuek kontrako eraginak dituela baieztatzen dute. Argi dagoena zera da, kalamuaren eraginak, gainontzeko drogenak bezala, pertsonaren, dosiaren eta testuinguraren arabekoak direla. Hala ere, kalamuak desira sexuala murriztu dezake hainbat egoeratan; are gehiago, maiz entzun da kalamuaren gehiegizko erabilerak sexuarekiko interes eza edota ugalkortasun eza eragiten dituela.

Kokaina
Sexu bizigarritzat hartua izan den beste droga bat kokaina da; adibidez, eiakulazioa atzeratzen duela esan ohi da. Baina kasu batzuetan zutitze luzea eta mingarria, sexuarekiko interes eza, momentuko inpotentzia edota euforiaren ostean depresioa eragin ditzake, beste hainbat ondorioren artean. Eta gehiegizko kontsumoak sentikortasuna murriztu dezake. Aipagarria da baita ere, erabiltzaile batzuek kokaina zonalde erogenoetan jartzen dutela, baina argitu behar da horrek ez duela beti gozamena handitzen, eta zenbaitetan narritadurak sor ditzakeela.

Anfetamina
Anfetaminaren kasua alkoholarenaren antzekoa da: dosi txikitan sexu desira handitu dezakeen arren, dosi handitan, edo gehiegi erabiliz gero, desira murriztu dezake.

MDMA edo estasia

Sexuarekin gehien lotu den droga, zalantzarik gabe, MDMA edo estasia izan da; ‘maitasunaren droga’ bezala ere ezagutzen da. Baina jakin beharrekoa da MDMAk eragin enpatogenoak dituen arren, orgasmoa zaildu edo oztopatu dezakeela.

LSD edo substantzia enteogenoak
MDMAren eragin bertsuak izateaz gain, LSDak sor ditzakeen haluzinazioek esperientzia positiboa eragin dezaketen arren, ‘bidai txarrrek’ esperientzia zapuztu dezakete.

Popperra
Azkenik, popperra dugu. Bere garaian gay kolektiboarekin lotzen zen hodi-zabaltzailea izateagatik (esfinterreko giharrak erlaxatzen ditu). Popperraren eraginak oso denbora gutxi irauten duenez, erabiltzaileak gehiago kontsumitzeko beharra senti dezake, eta ondorioz, buruko mina, takikardia edota erekziorako zailtasunak eragin ditzake.

Horrenbestez, gozamena zein arriskuak pertsonaren, substantziaren eta testuinguruaren araberakoak dira, eta kontsumitu aurretik ezinbestekoak dira informazioa, planifikazioa, erabakiak hartzeko gaitasuna, ardura eta errespetua.