Carnivàle. Ongi etorri zirkura!

Carnivàle. Ongi etorri zirkura! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/carnivle-ongi-etorri-zirkura/@@download/image/carnivale_1435568762.jpg
2015/07/13
erreportajea
TESTUA: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre
Carnivàle. Ongi etorri zirkura!
‘Freaks’ filmeko pertsonaiak, ‘The Grapes of Wrath’ eleberrieko elementuak
eta David Lynchen atmosfera nahastuz gero, sekula dastatuko duzun irabiaturik ausartenaren eta berritzaileenaren aurrean zaudela ohartuko zara. Hori bai,
zurrutada lodikoa da, konplexua, eta hainbat momentutan liseritzeko zaila. 


Urtea: 2003-2005.
Sortzailea: Daniel Knauf.
Aktoreak: Nick Stahl, Clancy Brown, Amy Madigan, Michael J. Anderson, Tim DeKay, Clea Duvall, Patrick Bauchau.
Herrialdea: AEB.
Denboraldiak: Bi.
Atal kopurua: 24 atal, hamabi denboraldi bakoitzak; 55 minutukoak.

Ikusle arinentzat ez da agian egokia; telesail zale zorrotzentzat, aldiz, zinez gomendagarria da; eta ekoizpen ausart, desberdin, berritzaile eta mamitsu baten bila dabiltzanentzat, ezinbestekoa. Ez zuen pasio uholderik eragin bere garaian, baina harrapatu zituen zaleak sutsuak eta leialak dira. Mito baten aurrean gaudela esateak handikeria dirudien arren, Carnivàlek merezimendu osoz irabazi du mito ahaztuaren izendapena.

Ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka da ekoizpenaren gai nagusia. 1934. urtean kokatua, AEBetako hegoaldean eta depresio handiaren muinean. Ben Hawkins, hemezortzi urteko umezurtza, freak show, vaudeville eta prostituzioa nahasten dituen zirkura batzen da. Zirku hori, nola ez, pertsonaia bitxiz eta konplexuz beteta dago: Samson zuzendaria, Lila emakume bizarduna, Alexandria eta Caladonia ahizpa siamesak edo Gecko musker-gizona, besteak beste. Atal bakoitzak karabana horren egunerokoa du ardatz, eta batak bestearen atzetik, jainkoaren eta deabruaren arteko guda bistaraziko digute, batez ere bigarren denboraldian.

Atal bakoitzak jariatzen duen lurrinak zinemarik onenaren usain berbera du. Gainezka egiten duen anbientazioari eta zehaztasunez zaindutako ekoizpen-diseinuari esker begietatik sartzen da zuzen-zuzenean. 2004. urtean alor teknikoko lau Emmy irabazi zituen. Argazkia azpimarratuko nuke, artelanak diren plano zoragarriek goi-mailakoa egiten baitute. Eta Jeff Beal-ek konposatutako musikak obraren ‘mistika’ harrapatzen du.

Hara, telesail hau bizpahiru urte geroago estreinatu izan balitz, Lost-ek interneten sortu zuen fenomenoarekin batera, sarean telesail teoria-sortzaileetako bat bihurtuko zatekeen zalantzarik gabe, eta gorabehera guztiak xehetasunez aztertuko zituzten ehunka web sortuko ziratekeen. Baina, zoritxarrez, ez zen hala izan, eta audientzia baxuek zein bigarren denboraldiaren ekoizpen-gastu altuek bertan behera geratzera eraman zuten. Horixe da, hain zuzen ere, balizko ikusle asko aldendu dituena, amaierarik gabeko telesaila izatea. Egoera horretan zaudeten guztioi zera esan nahiko nizueke: amaierako sufrimendu horrek merezi du, ezinbesteko lan bikain honek asko baitauka eskaintzeko. Hamaika sorpresa ezkutatzen ditu, eta suspentsea, intriga, drama zein maitasuna dotoretasunez uztartzen ditu. Murgildu zaitezte hautsez betetako mundu magiko honetan, ez baituzue halako zirkurik beste inon topatuko; zin dagizuet.

BINGE WATCHING
Ez da gomendagarria. Atal bakoitza patxadaz gozatzea gomendazen dizut; gehienez bi atal ikusi segidan.

MUSIKA
Jeff Beal konposatzaile estatubatuarraren lanak hainbat izendapen lortu zituen Emmy sarietan. Beal jazz instrumentista bikaina da, baina, batez ere, hainbat telesailen soinu bandak egiteagatik da ezaguna: Roma, Monk edo House of Cards telesailena, besteak beste. Carnivàleren kasuan, Dust Bowl atmosfera (30eko hamarkadan AEBetan izan ziren hauts erauntsiak) soinu bidez ederki ilustratzen du, obraren ‘mistika’ edo magia musikari esker indartuz.

BITXIKERIAK
– 2005eko maiatzaren 11n iragarri zuten telesaila bertan behera utziko zutela. Zaleek erabakia atzera botatzeko ahaleginak egin zituzten, adibidez, HBOren egoitzara asteburu bakar batean 50.000 mezu elektroniko baino gehiago bidalita.
– Zurrumurruen arabera, Daniel Knauf sortzaileari film formatuan proiektuari jarraipena emateko eskaintza egin diote, baina, oraingoz, zurrumurruak baino ez dira.
– Angull Wall-ek egindako irekiera titulu zoragarriek Titulu Diseinurik Onenaren Emmy saria irabazi zuten. Ia bi minutu irauten dituen harribitxi txiki horrek ezinhobeto islatzen du telesailaren atmosfera itogarria.

LOKALIZAZIOAK
– Channel Islands, California State University unibertsitatea.
– Paramount etxaldea.
– Santa Clarita eta Six Points Texas estudioak.

GUSTUKO BADUZU, EZ GALDU
– Twin Peaks (1990).
– Riget (The Kingdom) (1994).
– American Horror Story: Freak Show (2014).