Borja ‘Bortx’ Kudai: "Metalzaleak bereziki leialak gara"

Borja ‘Bortx’ Kudai: "Metalzaleak bereziki leialak gara" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/borja-bortx-kudai-metalzaleak-bereziki-leialak-gara/@@download/image/kudai_1455188189.jpg
2016/02/12
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena @SaioB
Borja ‘Bortx’ Kudai: "Metalzaleak bereziki leialak gara"
2002an sortu zenuten Kudai. Nola gogoratzen dituzue hastapenak?
Egia esan, oso oroitzapen onak ditugu. Ilusioz beteta egiten genuen dena, eta gure esku zegoen guztia ematen genuen taldea aurrera ateratzeko. Esperientzia eta diru falta ilusioz konpensatzen genituen. Irribarre batekin gogoratzen ditugu hastapenak.

Zein izan dira zuen erreferente nagusiak?

Hasiera batean nazioarteko metal taldeak ziren gure erreferenteak; Fear Factory, Pantera, Sepultura edo Metallica, besteen artean, eta baita hemengo batzuk ere, Ekon edo Eraso, kasu. Baina denborarekin geroz eta jaramon gutxiago egiten diegu beste taldeei, musika konposaketari dagokionez. Orain, bertsioak egin beharrean, ia-ia zerotik hasten gara.

Taldean aldaketak izan dituzue hamalau urte hauetan. Egun, David Heras (ahotsa), Urtzi Olaziregi (baxua), Borja Fernandez ‘Bortx’ (gitarra eta programazioak) eta taldera batzen azkena izan den Unai Anduezak (bateria) osatzen duzue taldea. Nolakoa izan da bilakaera?
Taldekide batek uzten duen bakoitzean hutsunea nabaria da, denborarekin ohitzen zaren arren. Aldaketa bakoitzarekin zerbait galdu eta beste zerbait irabazten da. Zentzu horretan, Unairen sarrera oso positiboa izan da, hain gaztea izanda guk galdu dugun ilusio apurra berriz ere ekarri duelako.

Bosgarren lana kaleratu berri duzue, eta ‘VII’ deitu duzue. Nolatan?
Zazpi deabruak eta zazpi bekatuak erabili ditugulako abiapuntu bezala.



Izan ere, ongiaren eta gaizkiaren arteko gudaren inguruan hitz egiten duzue azken lan honetan. Zergatik?
Zazpi deabru eta bekatuen bidez kantak lotzea modu ederra iruditu zitzaigun. Nahiz eta kanta bakoitzak deabru baten izena izan, ipuinak kontatzen ditugu ideiak azaltzeko. Beti nahiago izan dugu mezu ezkutuak edo metaforak erabili gauzak oso esplizituki botatzea baino.

Diskoa entzuteko aukerarik izan ez duenak, zer aurkituko du bertan?
Orain arte egin dugun diskorik hoberena da VII. Metal indartsua, alde batetik, baina baita burutik erraz kentzen ez diren melodia horietako asko ere. Soinua sekula lortu dugun onena da, eta liburuxkan kanta bakoitzak hitzak irudikatzen dituen marrazki bat du. Ezin azpimarratu gabe utzi azala eta irudiak, Victor Bravoren lan mundialaren emaitza!

Nafarroako Studio XXIn, familian, grabatu eta nahasi duzue. Nolakoa izan zen grabazio prozesua?
Egia esan, grabatzen ari ginela arazo tekniko dezente izan genituen, pentsatu genuen deabruetaz hainbeste mintzatuta ez ote zitzaigun bat estudioan sartu... kar-kar-kar. Bromak aparte, oso ondo joan zen. Oso harreman ona dugu Javi eta Juanan San Martinekin eta plazera da eurekin lan egitea.

Zertan erranen zenukete desberdintzen dela aurreko lanetatik?
Aurrekoetan baino kanta gehiago prestatu genituen, eta bereziki saiatu ginen diskoan sartzeko aukera koherentea egiten. Hori dela eta, kanta guztiek guraso beren semeak dirudite: ezberdinak dira baina familia bat osatzen dute.

Ahotsetan ere desberdintasuna ageri da aurreko lanekin alderatuta. Gehiago landu duzue?
Bai, dudarik gabe. Hainbat urte eta gero, nahikoa ikasi dugulakoan baxua eta gitarrak etxean grabatu genituen, eta horregatik, denbora gehiago eduki dugu ahotsari ñabardurak bilatzeko.

Lan berriaren aurkezpen kontzertuetan zuzeneko bereziak eskainiko dituzue. Zer aurkituko du ikusleak?

Ordu asko sartu ditugu kontzertu berezia prestatzen, diskoari behar bezalako testuingurua emateko. VII disko osoa joko dugu, eta aldaketa asko sartu ditugu: sinkronizatutako argiak, bideo proiekzioak, kea, kanta guztiak lotzen dituen narrazioa... Orain, kontzertuetan jende gehiena ikuskizuna mobilarekin grabatzen aritzen da, eta, tira, oraindik ez dugu erabaki ona edo txarra den, baina...

Autoekoizpenaren bitartez kaleratzen dituzue lanak, Burdinbidearen babesarekin. Bide horrek izango ditu zailtasunak...
Promozioa egitea da zailena. Atzean milaka kontaktu dituen diskoetxe bat ez baduzu, zaila da komunikabideen arreta izatea.

Amaitzeko, zein iritzi duzue Euskal Herrian metalak duen egoeraz?
Gero eta errazagoa da gure musika grabatu eta zabaltzea, eta, horri esker, talde asko sortzen diren arren, zoritxarrez gero eta jende gutxiago joaten da kontzertuetara; are gehiago metal musikan. Hori dela eta, antolatzaile gehienek ez dute arriskurik hartu nahi, eta estilo ‘errazagoak’ aukeratzen dituzte. Hala ere, metalzaleak bereziki leialak gara!