Bikote harreman onuragarriak

Bikote harreman onuragarriak https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/06/11
erreportajea
Testua: Maider Jericó eta Ander Lertxundi. Arremanitzeko kolaboratzaileak @arremanitz
Bikote harreman onuragarriak
Norberak bere buruarekin duen asebetetze mailaz ari garenean, oinarrizko
beharrak asetzeaz baino gehiagotaz ari gara. Gizakion zenbait premiak bikote
harremanekin dute zerikusia. Harremanen bitartez norbere burua garatu eta hazten laguntzeko hainbat gomendio aztertuko ditugu.


Zoriontsu izatea pertsonek komunean dugun helburua izan ohi da. Baina zoriona ez da helmuga bat, ezta bizitzako momentu jakin batean helduko zaigun saria ere. Ideia hori ipuin klasikoetan saldu diguten amets eskuraezina da.

Krisi garaian ez da erraza asebetetze pertsonala lortzea, eta krisi ekonomikoak gazteon bikote harremanetan ere izan du eraginik. Jende asko bikote harremanetan aurrerapausoak emateko (elkarbizitza, seme-alabak…) egonkortasun ekonomiko eta profesionalaren zain egoten da, eta, horrek, zoritxar egoerara eraman ditzake. Era berean, bikotekide egonkorra ez dutenek zein bikotekidea izanda ohikoa ez den moduan antolatzen direnek (elkarbizitzarik gabe, polimaitasuna praktikatuta...) ere zailtasun berberak izan ditzakete. Baina ongizatea eguneroko zerbait da, ohiko gauza txikietan aurkitzen duguna.

Gizakion harremanak konplexuak dira, eta norberaren ongizatea, neurri batean, bestearen ongizatean aurkitzea posible da. Beraz, gure eta bestearen ongizatearen bilaketan lagun ditzaketen ideiak aztertuko ditugu.

Harremanen etika
Harreman erotikoak proposatu, bilatu eta planifikatu daitezke, eta, bestea seduzituz, honen irrika piztu; ezezkoak errespetatuz betiere. Plazera, gorputzaren bidez sentitzeaz gain, bestearekin, hau da, elkarrekin gozatzeagatik ere senti dezakegu. Gozatze horretan, noski, osasuna osagai desiragarria da.

Ezinbestekoa izaten da partaide guztiek harremanaren parte izateko nahia agertzea, eta, izaera anitzak ditugun arren, eskubide eta betebehar berdinak izatea, lortutako adostasunak errespetatzea, ditugun asmoak, mugak eta nahiak helaraziz, eta iruzurrik egin gabe.

Harremana elkarrekin egiten den proiektua izaki, berau aurrera eramateko, garrantzitsua da partaideek elkar zaindu eta segurtasuna sentitzea. Partaideek proiektua ulertzeko duten modua, gutxienez, antzekoa izatea ere onuragarria izaten da, bai partaideen ongizaterako zein harremana bera ere ondo garatzeko. Adostasun hori hitzik egin gabe jazo daiteke, baina ditugun itxaropen eta ilusioak hitzetan jarri ezean, ezin dugu jakin antzekotasun hori dugun ala ez.

Harreman bakoitza bakarrak eta anitzak diren pertsonez osatua dagoenez, bakarra eta anitza da, baina asebete sentitzeko ezinbestekoa izaten da harremana positiboa izatea. Era berean, harreman eraikitzaile batek, haztera eraman gaitzake.

Laburrean:
– Harremanak ezinbestekoak izaten dira ongizaterako; bikote harremanak ere lagungarriak izan daitezke.
– Plazera elkarrekin sentitzeko nahiaren gauzatze hutsa, plazer 'fisikoaz' gain, gozagarria da.
– Harremanak aurrera egitea nahi izateaz gain, adostasunak bilatu eta errespetatzea komeni da, leialtasunez, gure asmoak ezkutatu eta engainatu gabe.
– Norbere beharrak eta desirak bikotekideari jakinaraztea eta bestearenak ezagutzea ezinbestekoa da elkar zaintzeko.
– Partaideak euren buruarekin ase sentitzeko ezinbestekoa da proiektuaren ikuspegi antzekoa izatea.
– Behar afektibo eta emozionalak asetzeko loturak ezartzeko eskubidea garrantzitsua den bezala, loturak hausteko askatasuna sentitzea ere ezinbestekoa da bikote harremanetan.

Hitzetatik ekintzetara



Sexometer
Larrua ondo jotzen al duzu? Sexometer aplikazioak argituko dizu! Funtzionamendua oso erraza da. Aplikazioa zabaldu eta mugikorra ohe gainean jarri behar da sexu harremanak dituzun bitartean. Egindako soinu eta mugimenduei erreparatuta esango dizu Sexometerrek nolako maitalea zaren.

Condom Size
Kondoiaren tamaiana perfektua iradokitzen dizu Condom Size-ek. iPhonerako aplikazioak zakilaren tamaina ondo neurtu eta Amazonera bideratzen du erabiltzailea, kondoi aproposenak erosteko. Zergatik lortzen du neurketa perfektua egitea? Zakila pantailaren gainean jarrita neurtzen duelako tamaina!