Baserritarra izan nahi duzu?

Baserritarra izan nahi duzu? https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/07/13
erreportajea
Garikoitz Nazabal. EHNE-ko exekutibako kidea
Baserritarra izan nahi duzu?
EHNEren helburua Euskal Herrian elikadura burujabetzaren bidea lantzea da. Norbanakoek zein herri bakoitzak bere elikadura sistemaren inguruan erabakitzeko eskubidea dute. Gure burua elikatzeko bertako elikagaiak ekoiztea beharrezkoa dugu, eta bide horretan gazteak nekazaritzan eta abeltzantzan jardutea ezinbestekoa da.


Lehen sektoreak hainbat irteera profesional eskaintzen ditu. Baserritar izan nahi duen gazteak lehenik formazioa izan behar du ardatz, sektoreko ikasketak izateak eguneroko lanean aritzeko hainbat giltza eskaintzen baititu. Nekazaritzan eta abeltzantzan zerotik hastea nekeza da, eta gazteak lehen sektorera erakartzeko neurriak hartu behar dituzte erakundeek: belaunaldien arteko erreleboa errazteko bidea ezarri edo instalatzeko erraztasuna eman, adibidez.

Lurra altxor preziatua da baserritarrontzat. Lana egiteko lurra ezinbestean behar du baserritarrak. Ez da erraza hainbeste trenbide eta errepide dauden lurralde honetan lurra izatea. Horregatik, ezinbestekoa da behar bezalako lur banku bat bultzatzea; lurrik ez duenari lurra eskainiko diona eta erabili gabe dauden lurretan espekulazioa ekidin eta lur horiei irtenbidea emango diena.

Baserritarrok gure produktuaren salmentatik bizi nahi dugula oinarri hartuz, administrazio publikoek bakoitzak bere mailan har ditzaketen ekimenak izan badira, baina, horrekin batera, garrantzitsua da norbanakook zerbait erostera goazenean ere produktua nongoa den, nork ekoiztu duen eta nola ekoiztu duen gure buruari galdetzea. Bertako jakien alde eginez lortuko dugu Euskal Herrian elikadura burujabetza izatea.

Informazio gehiago: www.ehne.eus