Anne Sexton: Politikoki intimoa

Anne Sexton: Politikoki intimoa https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/06/11
erreportajea
Testua: Peru Iparragirre @nomadagaldua
Anne Sexton: Politikoki intimoa
Anne Sexton (1928, Newton – 1974, Weston, Massachusetts, AEB) poetari eskainia da Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaieren zazpigarren zenbakia. Harkaitz Canok itzuli ditu kaiera osatzen duten poemak.


Barnetegi batean ikasia, graduazio ostean urtebete eman zuen Garland Junior Collegen. Hemeretzi urterekin ezkondu zen. 1950 eta 1951 urteen artean modelo gisa aritu zen Bostonen. 1954an depresioa diagnostikatu zioten. Geroztik, 1974an bere buruaz beste egin zuen arte, depresioarekin borrokan aritu zen. Medikuak esan zion, terapia gisa, sentitzen, pentsatzen eta amesten zuena idazteko, Sextonek idazketarako interesa azaldu baitzuen.

Bostoneko poesia tailer batean eman zuen izena 1957an. Urtebete geroago Robert Lowell poeta konfesionalaren idazketa tailerrean hasi zen, Sylvia Plathekin batera. 1960an argitaratu zuen lehen liburua: To Bedlam and Part Way Back (Zoroetxera eta buelta (ia osorik)), terapia gisa idatzitako poemen bilduma. Poema-liburu horri beste askok jarraitu zioten, tartean Pulitzer saria jaso zuen Live or Die (Bizi ala hil) (1966). 1967tik aurrera unibertsitateko irakasle izan zen.
Sextonen poesia konfesionaltzat jo izan da, Lowell irakasle, Plath ikaskide eta Snodgrass erreferentzia gisa izanik bestela ezin. Poema zintzoak dira Sextonenak, ezinegona azalean daramatenak, sinboloz eta metaforaz josiak. Eta pertsonala politikoa bada, maila gorenean dira politikoak poemok, ezarritako rol bat ez onartzearen aldarri eta honek dakartzan ondorioen erakusgarri.
"Ene eskuetako hitz guztiek / eta eztarrian lehertzen zaidan itsasoak / behartu egiten dituzte objektuak / aldiro mozorro berriak amestu eta janztera."

Bibliografia hautatua


•  To Bedlam and Part Way Back (1960).
•  All My Pretty Ones (1962).
•  Live or Die (1966).
•  Love Poems (1969).
•  Transformations (1971).
•  The Death Notebooks (1974).
•  The Awful Rowing Toward God (1975).
•  45 Mercy Street (1976).
•  Words for Dr. Y.: Uncollected Poems with Three Stories (1978).
•  Munduko Poesia Kaierak, Anne Sexton (Itzul.: Harkaitz Cano, Susa, 2015).