Ane Lazkano (rally kopilotua): "Kopilotuak ez gara pakete hutsak!"

Ane Lazkano (rally kopilotua): "Kopilotuak ez gara pakete hutsak!" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ane-lazkano-rally-kopilotua-quotkopilotuak-ez-gara-pakete-hutsakquot/@@download/image/20121042901ane__1360231700.jpg
2012/10/05
elkarrizketa
Testua: Maialen Goñi, Argazkiak: Irantzu Pastor
Ane Lazkano (rally kopilotua): "Kopilotuak ez gara pakete hutsak!"
Soilik begiak bistan dituela, goitik beheraino surik hartzen ez duen arropa jantzirik ematen ditu aginduak kopilotuaren eserlekutik. Maiatzean egin zuen debuta, autoak haurtzarotik maite baditu ere.

Azpeitiko futbol zelaiko aparkalekuan egin dugu zita Anerekin. Burrunba entzun da lehenik, eta pegatinaz beteriko autoa iritsi da ostean. Aitarekin dator, rally kopilotu lizentzia baduen arren, gidatzeko oraindik adin txikikoa delako. Urraki aldera jo dugu, Euskal Herriko auto lasterketa ezagunaren irteera puntura. Hain zuzen, Urrakiko Igoera egunean jaio zen Ane, eta ospitaletik etxerako buelta ere bertatik egin nahi izan zuen aitak. Makina bat aldiz ikusi ditu kotxeak aldapan gora bihurgune ertzean eserita.

Honetan nolatan hasi zaren galdetzea alferrikakoa da zure kasuan…

Familiagatik, argi dago! Nire bi osaba kopilotuak dira, aita pilotua… Denok etortzen ginen hona, eta aldapan jarrita kotxeak pasatzen ikusten genituen. Amari ere aitak sartu zion autoekiko zaletasuna, eta autokarabana bat dugunez Kataluniara, Frantziara… joaten ginen lasterketak ikustera. Haurra nintzela rallyetako kamisetak eramaten nituen eskolara, pentsa!

Kopilotu lizentzia ateratzea urrats naturala izan zen.

Aitak animatu ninduen, eta bi aldiz pentsatu gabe egin nuen, zalantzak sortu aurretik. Azpeitia inguruan neska gazteenetakoa izan naiz!

Ze baldintza bete behar dira lizentzia lortzeko?

Gutxieneko adina hamasei urte da, ikusmen eta entzumen frogak gainditu behar dira, eta gorputz osoko azterketa ere egin behar duzu. Nik atera dudanak Euskal Herriko lasterketetarako balio dit soilik, eta urte beteko epea du, denboraldikoa. 150 euro balio du.

Gurasoek, izutu beharrean, animatu egin zaituzte. Ez da ohikoena halako kiroletan...

Aitak bai, baina amak nahiko gaizki pasatu zuen lehen lasterketan. Azpeitiko rallysprintean egin nuen debuta, maiatzaren 5ean. Oso urduri nengoen, eta hasieran nik ere gaizki pasa nuen. Ni baino lehenago irten zen lagun batek esan zidan txarrena atera aurreko momentua zela, baina hortik aurrera dena ahaztu egiten zela. Eta halaxe izan zen. Lasterketaren hasieran "ondo al zaude?" galdetzen zidan aitak, ez bainion ezertxo ere esaten… bera ere beldurtu egin zen!

Eta amaitutakoan…

Oso gustura!

Sustorik izan zenuten?

Lurra bustirik zegoen, tarteka euria egiten zuelako, eta petriletara gerturatzen ginenean… uuuuuii!

Adrenalina!

Toperaino! Abiadura sentsazioa ikaragarria da. Lasterketak iraun bitartean ez duzu berorik sentitzen, nahiz eta jantzita dugun buzoa oso beroa den. Orduko hartan hotza nuen hasieran… baina lasterketa amaitutakoan izerditan irten nintzen! –barrez–.

Eta dagoeneko zenbat lasterketa egin dituzu?
Aitarekin bakarra, eta bere lagun batekin erakustaldi batean ere parte hartu nuen.

Esku artean koaderno bat eramaten duzula ikusi dut, ohar bereziz beterik. Zer dira?

Lasterketa baino astebete lehenago notak hartzera joaten gara, eta auto arrunt batekin ibilbide osoa egiten dugu. Aitak kurba bakoitzari buruzko oharrak ematen dizkit. Esaterako, D-3, 150 metro, I-1… Letrek eskuin ala ezker adierazten dute —gazteleraz—, eta zenbakiek kurbaren angelua; 1ak angelu oso itxia esan nahi du, eta 5ak, aldiz, zabala. Pilotuak berak osatzen ditu, bera izango baita kopilotuak esaten dizkionean ulertu beharko dituena.

Zuk lasterketan zehar horiek txibatu egiten dizkiozulako, ezta?

Bai. Martxan gaudela hori da kopilotuaren egiteko nagusia. Baina abiadura oharrik ez dugu jartzen, une bakoitzaren araberakoa delako. Horrez gain, lasterketa aurreko eta ondorengo denborak kontrolatu behar ditugu. Ordu jakinean joan behar dugu autoaren errebisiora, irteera puntura, gasolina depositua zenbat bete ere kalkulatu behar dugu…

Gidariaren idazkariak zarete!

Bai, edozein lekutara minutu erdi berandu iristen bazara zigortu egiten baitzaituzte.

Erloju handi bat eraman beharko duzu eskumuturrean…

… eta lasterketako ordulari nagusiarekin bat eginda, gainera. Bestela akabo!

Baina, nola entrenatzen du kopilotu batek?

Astebete lehenagoko errekonozimendu itzulia, besterik ez.

Eta zein da egitekorik zailena?

Txuleta behar den lekuan irakurtzea! Zenbait unetan galdu egiten nintzen, kurba guztiak berdinak iruditzen zitzaizkidalako… –barrez–. Horrez gain, denbora kontrolatzea erraza bada ere, oso zorrotza izatea ezinbestekoa da. Autotik kanpoko lana egin behar du kopilotuak, ez gara pakete hutsak!

Kopilotu ona izateko sekretua?

Gogoa jartzea, momentuan bertan egin behar baita dena.

Azalduidazu nolakoa den lasterketa egun bat.

Goizean hainbat azterketa pasa behar ditugu. Lehenengo egiaztapen administratiboak, hau da, asegurua, gidarien lizentziak eta oro har paper guztiak  indarrean daudela ziurtatu behar da. Ondoren egiaztapen teknikoak: autoko barrak, arnesak, gure kaskoak, eskularruak, buzoak… segurtasun neurri guztiak ongi daudela frogatzeko. Eta horren ostean kotxea eremu itxi batean sarrarazten digute, lasterketa ordua heldu arte aldaketarik ez egiteko.

Tranpak ekiditeko!

Horixe! Beraz, lasterketa egin aurretik ateratzen dugu, eta amaitutakoan berriro ere sartu. Bertan tarte batez uzten dute, inork kexaren bat jarriko balu, zuzenean konprobatu ahal izateko. Tarte hori pasatakoan, erreklamaziorik ez badago, sari banaketa eta etxera!

Eta zein lasterketa mota daude?

Gure artean ohikoenak rallysprintak dira. Ibilbide bera hiru aldiz egin behar da, eta hiru aldietako denborak batuta azkarren aritu dena da garailea. Denboraldi osoan zehar hamar-hamabi bat izaten dira. Bestetik igoerak dauzkagu; horietan kopiloturik gabe joaten da gidaria, laburragoak izaten dira eta ibilbide bera hiru bider egiten du. Denboraldian zortzi inguru izaten dira. Rally lasterketak ere badaude; hauetan ibilbidea tramo edo puskatan banatzen da; denboraldi osoan lau edo bost izaten dira. Eta azkenik, slalomak; poligono baten barruan itzuliak ematea; gutxitan egiten ditugu. Noski, ez duzu zertan lasterketa guztietan parte hartu behar, baina urte osoan zehar mota bakoitzean puntu gehien lortu dituenak irabazten du modalitate horren txapelketa.

Zenbat auto aritzen zarete Euskal Herriko txapelketan?

60 inguru, eta horien artean heren bat Azpeitia ingurukoak dira –barrez–. Gainera, lehen postuetan ibili ohi dira. Mundu lehiakorra da, baina gure artean giro aparta dugu.

Kirol honen alde txarra ekonomikoa da, ezta?

Bai. Lehen, lasterketa bakoitzean porra moduko bat egiten zuten parte hartzaile guztiek, eta amaieraraino iristen zirenen artean banatu. Aurten, krisia dela eta, hori ere ez! Azken finean, gastuak besterik ez dago: gasolina, bidaia, izen emateak, lizentzia, konponketak, gurpilak ere higatu egiten dira… Kapritxo garestia da!

Autoa bera presatzea ere ez da merkea izango!

Ez, noski. Auto bat hartu, erabat hustu eta aurreko aldean bi eserleku eta atzekoan segurtasun barrak jarri behar zaizkio, kolpea jotakoan tolestu ez dadin. Horregatik esaten da kalekoak baino seguruagoak direla lasterketetakoak. Segurtasun gerrikoak jolas-parkeetakoak bezalakoak dira, gainera. Horrez gain, badago motor indartsuagoak ere jartzen dituenik...

Babesletza ekonomikorik ez, ordea.

Finantzaketa erabat propioa da. Etxeko markaren irudia darama autoak –denda bat dauka familiak–, besterik ez.

Eta zenbat dauzkazue?

Lasterketetarako, bakarra. Ford Sierra turbo zahar bat da, eta 240-260 zaldi inguruko motorra du, erosi genuenean zekarren berbera. Potentzia handiko motorra da, zakar xamarra, barruan ere saltoka joaten baitzara. Nahiko kotxe egokia da, baina ez dago arrazoi berezirik justu hau erabiltzeko.

Ez al diozue aldaketa teknikorik egin?

Bai, noski! Abiadura kaxa laburtzea da nabarmenena, epe motzagoan abiadura azkarragoa lor dezan. Dena den, ezin ditugu abiadura mugak gainditu, bestela lehiaketatik kanpo gera gaitezkeelako.

Baina lasterketetan abiadura da garrantzitsuena!!

Lasterketan bai, baina bitxia dirudien arren, helmugatik asistentziara bitarteko zatian ibilbidearen berezko bide-seinale guztiak errespetatu behar ditugu. Semafororen bat gorrian dagoela aurrera eginez gero edo Stop ikurra geldialdirik egin gabe pasatuz gero, ertzainek jarritako isuna jasotzeaz gain, lehiaketatik kanporatzen zaituzte antolatzaileek. Eta abiadura mugekin gauza bera gertatzen da. Horregatik da garrantzitsua kopilotuak denborak ongi neurtzea, irteera unera garaiz iristeko!

Ados! Eta autoari, beste egokitzapenik ez?

Transmisioa aldatuta gurpil guztiek berdin lan egin dezaten lortzen dugu, irrist egin ez dezaten. Badago abiadura kaxa ere moldatzen duenik, baina guk ez.

Kotxea, beraz, ongi prestaturik, baita jantziak ere!

Oin puntetatik bururaino surik hartzen ez duen materialez egindako arropa daramagu: oinetakoak, galtzerdiak, galtzontzilo luzeak, kamiseta eta kaskoaren azpiko beste oihal bat. Horiek soinean, su hartuta ere hainbat minutuz ez ginateke erreko. Gainetik buzoa, eskularruak eta kaskoa. Jantziek iraungitze data dute, eta lau urtean behin aldatu egin behar dira, egiaztapen teknikoetan dena konprobatzen baitute.

Askotan entzungo zenuen, baina oraingoz gizonezkoena den munduan dabilen emakumea zara.

Bai… Denetarik entzun dut: "Baina zer pentsatuko du jendeak?", "Erotu al zara!" eta halakoak. Lasterketa aurreko egiaztapenak pasatzerakoan ere behin baino gehiagotan galdetu didate "baina amak uzten al dizu?".

Mutil gazteek ez dituzte halakoak entzungo, ziur!

Ez dut uste. Batzuetan badirudi neska zarelako beste modu batean begiratzen zaituztela, zu baino gehiago izango balira bezala, eta gizonezko izate hutsagatik azkarrago joango balira bezala. Gainera, egia esan behar badut, emakumeak finagoak izan ohi gara denbora kontrolatzen, eta kasu askotan kopilotu hobeak gara!

Eta pilotu izateko asmorik bai?

Probatzea gustatuko litzaidake…

Ahizpa alboan duzula?

Ni gustura irtengo nintzateke, baina ez dut uste gurasoei grazia handiegirik egingo dienik –barrez–.