Alazne Etxeberria: "Ez dago ezer fantasia baino errealagorik!"

Alazne Etxeberria: "Ez dago ezer fantasia baino errealagorik!" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/09/10
elkarrizketa
Alazne Etxeberria: "Ez dago ezer fantasia baino errealagorik!"
Jon Plazaolarekin ‘Allí abajo’ telesaileko gidoia entseatzen laguntzeko eskatu zion Alazne Etxeberriari (Donostia, 1979) Oscar Terolek. Bien arteko kimika hain zen ona, Nekaneren papera eskaini ziotela.


Nekanek topatu zintuen zu, edo zuk topatu zenuen Nekane?
Bi gauzak batera. Nekanek topatu ninduenean denbora zeraman aurpegi baten bila, eta nik bizitza osoa neraman bere bila!

Zer eman dizu Nekanek?
Nire bizitzako aukerarik onena. Profesionalki kalitatezko proiektu arrakastatsu baten ateak ireki dizkit, eta, pertsonalki, lagun pila bat ezagutzeko aukera paregabea.

Zer ematen diozu zuk Nekaneri?
Nire aurpegia, arima eta emozioak utzi dizkiot, eta, azkenean, berak nire bihotza hartu du.

Norekin lan egitea gustatuko litzaizuke?
Zineman Almodóvarrekin; bere istorio eroek arreta ematen didate. Cesc Gay edota Julio Medem ere gustuko ditut, adibidez. Antzerkian Kulunka Teatroaren lanak liluratzen nau.

Zein pertsonaia gorpuztuko zenuke gustura?
Espioi bat akziozko pelikula batean.

Zer uste duzu falta dela telebistan?
Hezkuntza eta eduki motibagarriagoak.

Eta zer du soberan telebistak?
Beldurra eta hitz hutsak.

Etorkizunean zer egitea gustatuko litzaizuke?
80 urterekin amona zahar batena, adibidez, Amour (Michael Haneke, 2012) filmeko protagonistaren antzera.

Kamerak urduri jartzen zaitu? Erritual berezirik jarraitzen duzu?
Errespetu handia diot kamerari. Grabatzen hasi baino lehen arnasketa sakonak egiteak asko lasaitzen nau.

Errealitatean edo fantasian bizi zarela esango zenuke?
Ez dago ezer fantasia baino errealagorik!

Zer eramango zenuke irla desertu batera?
Metxero bat, labana bat eta itsasontzi txiki bat etxera itzultzeko! Nire bizitzan garrantzitsuena maite ditudanak gertu izatea da.