Abestien hitzak: sorkuntza eta moldaketa idazle eta musikarien ikuspegitik

Abestien hitzak: sorkuntza eta moldaketa idazle eta musikarien ikuspegitik https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abestien-hitzak-sorkuntza-eta-moldaketa-idazle-eta-musikarien-ikuspegitik/@@download/image/musika_tenpora0_1441271792.jpg
2015/09/10
erreportajea
Abestien hitzak: sorkuntza eta moldaketa idazle eta musikarien ikuspegitik
Eztabaida mahai gainean dago: abestietako hitzak literatura al dira? Hainbat idazlek kanten hitzak sortzeaz gain, beste hizkuntzetatik itzuli eta moldatzen dituzte. Era berean, badira prozesu bertsua egiten duten musikariak. Hortaz, zein da hitzei balioa aitortzeko irizpidea?


Poema bati musika jartzea edo poema bat musikarekin diluituz kanta bat sortzea ez dira gauza bera. Era berean, ez du zertan parekoa izan, jatorrizko hizkuntzan abesti batek entzulearengan sortzen duenak, edo abesti bertsuak pizten duenak, itzuli eta moldatu ondoren. Haatik, bi kasuetan elementu bakarra dago oinarrian: hitzak. Luze dirau euren balioaren inguruko eztabaidak; abestien hitzak literatura al dira?

Behin baino gehiagotan Literatur Nobel sarira izendatu duten arren, sekula ez du garaikurraren errekonozimendua irabazi Bob Dylanek. Azken diskoarekin batera literaturari egin dion ekarpena aitortu zaion Anariri behin baino gehiagotan entzun ahal izan zaio Dylanen Iparraldeko neska euskarazko itzulpena abesten. Joxan Artzek idatzitako Txoria txori poematik jaio zen Mikel Laboaren kanta. Pott Bandaren baitan ere literatura eta musika lotzeko ariketa egin zuten. Bernardo Atxagaren estreinako poema liburuak, Etiopia-k, Ruper Ordorikaren lehenengo diskoan isla izan zuen, alegia, Hautsi da anphora-n. Bihotz bakartien kluba literatur ekimenetik jaio zen Katamalo, Gotzon Barandiaranen poesia liburua eta disko parea grabatu duen taldea.

Hamaika adibide gehiago topa genitzake idazleak eta musikariak hitzen eta horien tratamenduarekin lotzeko. Esaterako, Karlos Linazasoro eta Harkaitz Cano idazleek Tenpora taldearen estreinako diskoko hitzak idatzi dituzte. "Kasu honetan, musika dator lehenbizi eta letra gero", dio Canok. Prozesua bestelakoa ere izan daitekeela azaldu digu: "Badira hitzak eskatzen dizkizuten kantariak edo melodia zure poemetatik abiatzen dutenak". Doinuak eta hitzek arau propioak dituzte, baina Canoren ustez horrek ez du azken emaitza zertan mugatu: "Garbi dago kanta bat ez dela Nietzscheren esku-liburu bat egiteko lekua. Baina nik ez nuke esango mugatzen zaituenik, guztiz kontrakoa: askotan sentitzen duzu, musika soilik ez, kantuaren hitzak ere jada hor zeudela nolabait, melodiaren barruan ezkutatuta".

Lasarteko idazleak, Lou Topet taldearen bigarren diskorako hitzak itzuli ditu. Hau da, idazleak talde batentzako hitzak sortu eta beste batentzako itzuli ditu. Lou Topeten kasuan, "ingelesetik egokitu ditugu kantu guztiak, eta denok dakigu hizkuntza horrek silaba bakarreko edo biko hitz mordoa dauzkala. Ikaragarrizko abantaila da hori kantugintzan: gauza asko esan ditzakezu silaba oso gutxirekin" dio idazleak. Eta irmoki gehitzen du: "Interpretatu ezean ez dago itzultzerik, beraz, itzulpenak badu zerbait sormenetik".

Bi Zaldi taldeak ere itzulpenak abesten ditu, baina itzulpen literariotik haratago, bikoteak berak egindako moldaketa pertsonalak abesten ditu. Beraz, nola baloratu kalitatea hitzen mapa honetan guztian?

"Idazleen hitzak erabiltzeak kantuaren balioa handitu egite


Elene Arandia eta Hasier Oleaga Tenpora


2013ko martxoan elkartu ziren lehen aldiz Hasier Oleaga (bateria), Itsaso Etxebeste (baxua), Juantxo Zeberio (teklatuak), Elene Arandia (ahotsa) eta Beñat Barandiaran (gitarra), Tenpora taldearen lehen urratsak emateko. Hitzek musikak bezainbeste garrantzia dutela diote, eta hala, Karlos Lizanasoro eta Harkaitz Cano aukeratu zituzten euren abestiak idazteko.



Noiz eta nola sortu zen Tenpora?
[Elene Arandia]: Jatorrizko planteamendua Juantxo Zeberiorengandik sortu zen, orain bi urte. Berak lau edo bost musikari elkartu nahi zituen, talde-prozesu berri bati ekiteko. Sarritan ez dugu behar adina denbora izaten lasai eta gustura lan egiteko, eta hori da bilatzen zena. Zeberiok gertuko lagun eta musikariei deitu zien, lan-dinamika horretan gertutasunak ere garrantzi handia duelako. Tartean ni nengoen.

Zergatik aukeratu zenuten Tenpora izena?
[E.A]: Tenpora euskarazko ‘denbora’ hitzaren antzinako adiera da. Bizitza bera islatzen du Tenporak, gure egunerokoan bizi eta sentitzen ditugun gogoetak, sentipenen hausnarketa dira, era berean, gizarteari kritika egiteko bide direnak.
Karlos Linazasoro eta Harkaitz Canoren hitzek ardazten dute diskoa.
[E.A]: Bai Karlos, bai Harkaitz bidaide izan ditugu hasieratik, eta lankide izateaz gainera, lagun handiak ditugu. Musikari garrantzi handia ematen diogun moduan, hitzei ere garrantzi berezia ematen diegu, eta iruditzen zaigu idazleen hitzak erabiltzeak kantuaren balioa handitu egiten duela. Canoren eta Linazasororen lana oso gustuko dugu, eta gure kantuak musikatzeko proposatu genien. Ez zuten izan dudarik, eta lan-dinamika oso atsegina izan da.

Maiatzean kaleratu zenuten lehen diskoa. Zein harrera izan du?
[Hasier Oleaga]: Zaila da diskoa argitaratu eta hurrengo goizean horren eragina jasotzea, talde oso ezagun baten diskoa ez bada. Kasu horretan, diskoa atera aurretik, salmenta kopuru bat bermatuta egon daitekeelako. Ez da Tenporaren kasua. Lehenengo diskoa da.
[E.A]: Tenpora bide bat da. Diskoa argitaratuta, noski, zuzenekoak eman nahi ditugu, baina Tenporaren helburua ez da diskoa egin eta kontzertuak ematea. Tenporaren helburua Tenpora bera da, prozesu bezala ulertuta; hau da, bost musikarien batuketan sortzen den soinuaren prozesu horrek ematen duena. Diskoak harrera oso ona izan du, eta espero dugu Mundu berria zabaltzen joatea.

Nolakoak izango dira datozen zuzenekoak?
[H.O]: Tenporaren esparru naturala zuzenekoa da; bide batez, hori islatzen saiatu gara diskoan. Taldearen soinua izoztu eta lata batean sartu dugu diskoan. Oholtzan musika berpiztu egiten da. Zentzu horretan, erreferente eta eredugarri diren taldeek edo musikaegileek izaera hori dute.

Amaitzeko, etorkizunari begira, zein dira zuen erronka nagusiak?
[H.O]: Aurrera egitea, gure irizpide eta sinismenei fidelak izanik.
[E.A]: Eta, noski, gure musika zabaldu eta kontzertuak ematea.

"Asko filosofatu dugu itzulpen eta moldaketa lanaz"


Oier Aranzabal Lou Topet

Bigarren estudioko diskoa eraikitzeko itzulpengintza izan du ardatz Lou Topetek. Harkaitz Canok itzuli ditu eurek sailkatutako kantak, eta prozesua bera da garrantzia duena Oier Aranzabal, Ander Zulaika, Rafa Rueda eta Oihan Larrañagaren lan honetan.


Argazkia: Juan G. Andrés

Grabatu berri duzuen diskoan Harkaitz Canoren laguntza izan duzue. Zergatik eskatu diozue letrak itzultzeko?
Egia esan, itzulpen batekin hasi ginen eta apurka-apurka forma hartzen joan zen Abesti bat gutxiago proiektua. Itzulpen eta moldaketen disko bat izatetik, bertsiogintza beraren inguruan hausnartzeko ariketa izatera pasaz. Nola berrerabili abesti bat, nola zeureganatu, ahalik eta errespetu handienarekin? Nola euskarara ekarri? Bidea da kontatu nahi duguna.

Nolakoa izan da hitzen eraikitze prozesua? Nola sailkatu eta itzuli dituzue hitzak?
Hain zuzen ere, hori kontatu nahi dugu disko-liburu honen bitartez. Abesti baten bertsioa egitea edalontzi bateko ura eskuetan hartu eta beste edalontzi batera eramaten saiatzea bezalakoa da. Asko galduko duzu bidean, ezinbestean. Eta itzultzailearen lana da, lan eskerga, galdutako hori berreskuratzen saiatzea.

Proiektu berrirako itzultzea erabaki duzuen hitzen artean zer abesti topatuko ditugu?
Hitz denak Harkaitz Canok itzuli ditu, Wilcoren Zu ta ni abestikoa salbu. Hautatutako abesti guztiak Ipar Ameriketako artistenak dira. Will Oldham, Woody Guthrie, Pete Seeger, Tweedy, Jurado, Cass McCombs… nik uste hautaketa borobila dela.

Diskoak hitzak itzultzeko prozesuari buruzko hausnarketa bildu nahi du, baina, kaleratu bitartean, aurreratu dezakezu elkarlan horren dinamikaren ingurukorik?
Elkarlan estua izan da Topetarron eta Canoren artekoa. Hilabetan behin geratu ohi ginen, aurretik itzulitakoak errepasatu eta abestera. Eta Canok aldaketak proposatzen zizkigun. Prozesu polita izan da, eta asko filosofatu dugu itzulpen eta moldaketa lanaz. Ondo pasa dugu!

Noiz kaleratuko da diskoa?
Urriaren erdi aldera irtengo da, dena ondo bidean.

Nolakoak izango dira emanaldiak? Zuzenekoetan kolaborazio berezirik izango duzue?

Ez dakigu nolakoak izango diren. Ziur, baina, bi eratako emanaldiak egingo ditugula; batetik, kontzertuak eta, bestetik, hitzaldi musikatuak. Azpimarratzekoa da Unai Martinez gitarra solistak utzi egin gaituela beste proiektu batzutan aritzeko, eta bere ordez Rafa Rueda fitxatu dugula udako merkatuan.

"Erronka nagusia silaba kopurua errespetatzea da"


Gartxot Unsain Bi Zaldi


Beñat Antxustegi, Gaztezulo aldizkariko musika kritikaria, eta Gartxot Unsain aspaldiko lagunak dira. Hamaika proiektutan sartuta dauden musika sortzaile ipurterreak dira: Antxustegik bakarkako proiektua dauka; bi disko kaleratu dituen Physys Vs Nomos. Gartxot Yaw eta Madeleine taldeetako kidea da. Elkarrekin abestiak sortu, itzuli eta moldatzen dituzten Bi Zaldi dira.



Noiz eta nola jaio zen Bi Zaldi?
2014ko udaran hasi ginen bertsioak grabatzen. Zaldibiko etxean elkartu eta modu naturalean lehen bertsioa egin genuen. Garai hartan euskaratu genituen asko entzuten zen abesti baten hitzak. Denbora-pasa gisa egin genuen. Momentuan abestiaren tankera gure bihurtu genuen, probak egin genituen, eta zuzenean grabatu genuen, ondoren harmoniak gehitzeko. Aurrerantzean, abesti guztiak modu berdinean grabatu ditugu. Gitarra klasikoa eta elektrikoa erabili ditugu eta zenbaitetan elementu berriak sartu ditugu. Adibidez, bonbo kolpeak eta lagunen kolaborazioren bat. 

Bertsioak egiteko jaio al zen zuen proiektua? Kanta propioak egitea ba al da zuen helburuen artean? 
Bertsioak egiteko baino bertsioak egiten jaio zen Bi Zaldi. Hori alboratu gabe, gure hitz batzuk hartu eta kanta propioak egiten hasi gara orain, disko batean biltzeko asmoarekin.

Zer irizpideen arabera egiten duzue abestien aukeraketa?
Gustukoak eta gutakoriko, bat edo, biak (h)u(n)kitu izana da irizpidea normalean, benetan gustatu zaigun zerbaiti gure interpretazioa eransteko nahia, alegia. Abestien egokitzapen prozesua beti da berdina.

Nola egokitzen dituzue kantak?
Normalean nik (Gartxotek) itzultzen ditut hitzak eta Beñatek abestiaren moldaketa egiten du kitarrarekin. Bi arloetan ezinbestekoa da bestearen laguntza, beraz, ez dago marra finkorik. Baina gehienetan horrela funtzionatzen dugu.

Prozesu horretan zein da erronkarik handiena?
Egokitzapen prozesua jatorrizko abestiaren esanahiaren funtsa eta gure interpretazioaren arteko nahasketa da. Arazoa baino, erronka nagusia silaba kopurua errespetatzea da. Ahal den neurrian, jatorrizkoaren ahalik eta parekoen egiten saiatzen garelako, bai luzeran, bai hitzen amaieran. Horrela,  "let it happEN" "ahul naizEN" bihurtzen dugu. Neuronak astinduta lortzen da hori. gitarrarekin abestiaren sonoritatea errespetatuz norbere flow-a bilatzea da beste erronka garrantzitsua. Jatorrizko kanta duen instrumentazioaren atzean dagoen muina atzeman eta gure bihurtzea.

Zuen ahotsen ezaugarriek eraginik al dute abestiak aukeratzeko orduan?
Ez. Jatorrizkoaren tonua aldatu izan dugu guk gustorago jo edo kantatzeko.

Zer plan duzue etorkizunerako?
Eskuartean ditugun gure hitzekin hamaika abesti grabatu (batzuk sarean daude jada) eta kaleratzeko asmoa dugu, oraindik pentsatu ez dugun euskarri ero batean. Bertsioak egiten jarraitzeko asmoa ere badugu eta kontzertuekiko orain arteko dinamika berarekin jarraituko dugu, sortzen diren aukerei baietza emanez.