Zulotik… zulora?

Zulotik… zulora? https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/zulotik-zulora/@@download/image/ILUSTRAZIOA_217.jpg
2020/05/11
ilustrazioa

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

 

 

Ilustrazioa: Naiara Zalbidea
@naiarazalbidea

Zulotik… zulora?

Zeinek esango liguke orain bost hilabete, egun jasaten ari garen egoera sinesgaitz hau bizitzen ariko ginela? Telelana, bideo-deiak, bilera telematikoak, pintxo-pote birtualak… arrotzak ziren kontzeptu ugari geure bizitzan txertatu behar izan ditugu.
Garai zail hauetara egokitzeko ahalegin horretan GAZTEZULOn #Zulotik! Izeneko tartea zabaldu genuen konfinamendu hasieran. Esan beharrik ez dago koronabirusaren talkak gizartean oro har zer nolako eragina izan duen, baina zer gertatu da zehazki euskal kulturako eragile eta sortzaileek 2020rako iragarrita eta antolatuta zeuzkaten ekintza desberdinekin? Nolakoa izan da itxialdiaren eragina “bizitza berri” honetan? Eragin ekonomikoa eta pertsonala? Galdera horien erantzuna jakiteko asmoz #Zulotik! sortu genuen. Itxialdiak ezarri dizkigun mugez harago, sare sozialen hizkuntzara egokitu eta egunero pertsona desberdinei ahotsa emateko helburuz sortu dugun Instagrameko atal berria.
Digitalizazioak geure konfinamenduan izaten ari den garrantziari buruz hausnartzen nabil egunotan. Konturatu ere egin gabe, biologiak munduaren digitalizazioa era basatian bizkortu duela. Koronabirusak esponentzialki biderkatu du gailuekiko eta enpresa teknologiko handiekiko dugun mendekotasuna. Behin betiko iraultza teknologikoa pandemia batek eragin duela argi daukat. Gosaldu ondoren, ordenagailua piztu, mezu elektronikoak eta Google Drive kontsultatzen ditut, egunean zehar egingo ditudan lan-jarduerak ikusi eta errepasatzeko. Zortzi orduz ordenagailu aurrean telelana egin ostean, kirol saioak Youtubeko tutorialei begira egiten ditut. Telesailak eta filmak plataforma digitaletan eta Interneten aurkitzen ditut. Familiarekin eta lagunekin komunikatzen gara egunero hasiera aipaturiko bideo-deiak erabiliz. Paradoxa nabarmena da: biologiak, eta ez teknologiak, munduaren digitalizazioa bizkortu du. Gorputzei eragiten dien birus bat, aurrez aurre edo objektuen bitartez transmititzen dena, esponentzialki biderkatzen ari da gailuekiko dugun mendekotasuna. Fenomeno biologiko batek birtualtasunean hondoratu gaitu. Iazko erritmoan trantsizio digitala hogeita hamar edo berrogei urtetan burutuko zela iragartzen bazuten, litekeena da pandemiaren ondoren epe hori nabarmen murriztea. Osasun larrialdiak krisi ekonomikoari paso ematen dionean, mundu fisikoarekiko eta birtualarekiko dugun harremana nola aldatu den ebaluatu beharko dugu, garrantzitsua iruditzen zait.
Arretaz jokatu beharko dugu, gogoratu birus informatiko batek ere errealitatea geldiarazi dezakeela eta. Izan ere, etorkizun hurbilago batean adimen artifizialak ere bere epidemia propioak jasango dituela uste baitut. Zulotik ateratzen hasiko gara apurka, ez gaitezen beraz beste zulo batean sartu.